19 FéV. 2026 - 13:46h 1936ko Gerran kulturak izan zuen egitekoa aztertu dute EHUk argitaratutako lan batean EHUko Gabriel Aresti Katedra Bildumak ‘Kultura Gerra Zibilean (1936-1939)’ liburua argitaratu du, 1936ko Gerran izan ziren adierazpide kulturalen azterketa kolektibo bat diziplina anitzetako ikertzaileek sinatuta. Liburuak, gainera, garaiko bizimodua eta zegoen kultur bizitza islatzen ditu. Bonbardaketaren urteurrenaren ekitaldiak Gernikan. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU) GAUR8 Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Gabriel Aresti Katedra Bildumak ‘Kultura Gerra Zibilean (1936-1939)’ liburua aurkeztu du. Patxi Juaristi Gabriel Aresti Katedraren zuzendaria eta Beatriz Zabalondo Gabriel Aresti Katedraren idazkaria izan dira lanaren koordinatzaileak, eta 1936ko Gerran kulturak izan zuen egitekoa aztertu dute.Lanaren koordinatzaileek azaldu dute kultura «zentzu zabalean» ulertuta, liburuak 15 artikulu bildu dituela askotariko adierazpide kulturalak aztertuz: artea, dantza, musika, arkitektura eta hirigintza, antzerkia, bertsolaritza, zinema, hezkuntza, liburutegiak, artxiboak eta museoak, kartelgintza, literatura, kazetaritza eta irratigintza.Argitalpenean, diziplina anitzetako ikerlariek hartu dute parte: Irati Agirreazkuenaga Onaindia, Xabier Altzibar Aretxabaleta, Oier Araolaza Arrieta, Leyre Arrieta Alberdi, Karmele Artetxe Sanchez, Mikel Bilbao Salsidua, Ander Delgado Cendagortagalarza, Jose Javier Fernandez Altuna, Idoia Gereñu Odriozola, Patxi Juaristi Larrinaga, Ismael Manterola Ispizua, Francisco Javier Muñoz-Fernandez, Josu Martinez Martinez, Lourdes Otaegi Imaz eta Pio Perez Aldasoro.«Ahanzturaren aurkako liburua» izateaz gain, lana «esperantzarako leihoa» ere badela aipatu dute, «euskal kulturak Gerra Zibileko errautsetatik berpizteko izan zuen gaitasuna» erakusten baitu. «Gerra Zibileko kultur bizitzari begiratzea da liburu honen helburu nagusia; horrekin batera, garaiko kultur ekoizpenean eta kulturgileengan eragin zuten politikak eta ideologiak ere aztertzen dira. Kulturaren, ideologien eta politikaren arteko elkarreraginak liburuaren parte garrantzitsua hartzen du», azaldu dute.Liburuak beste hainbat xede osagarri ditu, hala nola gerra garaiko bizimodua eta, bereziki, kultur bizitza hobeto ezagutzea, gaiari buruzko bibliografia osatua eskaintzea, gerra garaiko kultur erakunde eta eragile giltzarriak ezagutaraztea, eta euskal kulturaren gaia jorratu nahi dutenei oinarrizko materiala eskaintzea.Arreta gerrako urteetan jarrita badago ere, liburuak ezinbestean jorratzen ditu gerraurreko testuingurua eta gerraosteko ondorioak ere. Horrenbestez, Euskal Pizkundea, Bigarren Errepublika, erbestea eta frankismoaren garaiko errepresioa ere presente daude lanean.Errealitate ezberdinakHerrialdeen araberako errealitate desberdinak ere kontuan hartzen dira: Nafarroan eta Araban hasieratik estatu kolpea babestu zen bitartean, Gipuzkoa eta Bizkaia Bigarren Errepublikari leial izan ziren. Esperientzia horien arteko aldeek kultura bizitzeko, bultzatzeko eta sortzeko moduak baldintzatu zituzten.Liburuak nagusiki Errepublikari leial izan ziren eremuetako kultur erakunde eta eragileak aztertzen ditu, baina baita frankisten aldean gelditu zirenen edo haiek kontrolatutako lurraldeetan garatutako kultur ekimenak ere.Era berean, 1937an Hego Euskal Herria osoa frankisten esku geratu ondoren nagusitu zen kultur ereduaren ezaugarriak eta frankismoarekin lerrokatutako intelektual eta artisten jarduna ere aipatzen dira.