16 MAI 2026 - 00:00h Etorkizunaren diseinatzaileak Betiko bizi, planetatik alde egin, estatuak sortu, baita inperio berriak ere. Silicon Valleyko oligarken proiektua ez da soilik teknologikoa, dimentsio zibilizatorioa du, eta hori landu dugu artikulu segidako bigarren piezan. Aurre egiteko ezagutu egin behar baita. Shu Otero ilustratzaileak artikulu segidako piezahonetarako eginiko irudia. (Shu OTERO) Ibai Azparren Crawfish Rock komunitatera iristean, deigarria da bertako baso trinkoa. Harea zurizko hondartzek, Karibe itsasoaren xuxurlek eta zuhaizti hostotsuek paradisu ezkutu bihurtzen dute. Hondurasko kostaldearen pareko Roatan uhartean dago aipatu komunitate garifuna, afrikarren eta arawak eta karibe aborigenen ondorengo den herri afrokaribetarra. 2020an, ordea, bertako lurraldea, aldez aurreko kontsultarik gabe, “Prospera” izeneko proiektu libertario batean txertatuta agertu zen. Hondurasen ospetsu egin diren ZEDE Enplegu eta Garapen Ekonomikoko eremuetako bat da Prospera. Denok ulertzeko moduan esanda, atzerriko superaberatsentzat sortutako lege, zerga, auzitegi eta, hala badagokio, polizia propioak dituen lurraldea. «Estatu baten barruan modu independentean operatzen duen beste estatu bat da», laburbildu zidan duela hilabete batzuk Hondurasko ARCA erakundeko aktibista batek, herrialdea lan kontuengatik bisitatzen ari nintzela. «Beren legeak egin nahi dituzte, beren jurisprudentzia propioa landu. Lurraren jabe direla diote», gaineratu zuen. Prospera ez da, gainera, ZEDE bakarra. Beste bi daude martxan, Morazan eta Orquidea, hirurak lehenik Kongresuko buru eta gero presidente izan zen Juan Orlando Hernandez politikari diktatorialaren agindupean bultzatuak. 2024an New Yorkeko auzitegi batek 45 urteko zigorra ezarri zion droga trafikoagatik, baina iaz Donald Trumpek indultatu egin zuen eta espetxetik atera zen presidente ohia. Egunotan, gainera, “Honduras Gate” eskandalua piztu da: AEB, Israel eta Argentinako agintarien eta Hernandezen arteko plan baten audioak filtratu dira. Agintariak Latinoamerikako gobernu progresistak desegonkortzeko planak antolatzen entzuten dira audioetan. Audioak audio, Hondurasko Auzitegi Gorenak ZEDEen erregimena konstituzioaren aurkakoa zela ebatzi zuen 2022an. Aldiz, hirurek aurrera jarraitzen dute lurrak esplotatzeko 50 urteko babes klausula bati esker. Bitartean, eremuetako batean “Vitalia” izeneko pop-up city bat sortu dute, bizitza luzatzeko terapia genetikoak eskaintzen dituena 25.000 dolarren truke, Hondurasko osasun kontroletik kanpo. Susmoak ere badira droga trafikoa, kapitalen zuritzea eta pertsonen salerosketa egunerokotasunaren parte direla eremuotan. Proiektuon atzean, azkenaldian hedabideetan agertu diren adimen artifizialaren (AA) inguruko teknoligarken izenak daude: Peter Thiel, Palantir konpainiaren sortzailea; Marc Andreessen, Silicon Valleyko inbertsio funtsik handienetako baten burua; Sam Altman, OpenAI enpresaren zuzendari gerentea; eta Patri Friedman, Pronomos Capital funtsaren burua, neoliberalismoaren aita teorikoa eta Pinochet, Reagan edo Thatcherren aholkulari izandako Milton Friedmanen biloba. Zer dago, beraz, Roatan uharteko itsasertz urdinaren atzean? Prosperaren kasua bitxikeria tropikal gisa aurkezteko tentazioa handia da, aberats okituen talde horrek Karibeko hondartza batean egindako esperimentu eszentriko gisa. Baina erantzuna Hondurasetik haratago doa. Mundu osoan zabaldu nahi duten antzeko proiektuen parte da Prospera; Praxis Mediterraneoan, East Solano Plan Kalifornian, eta charter city sarea Afrikan eta Asian, besteak beste. Egitasmo horiek guztiak bultzatzen dituztenek hizkera bera erabiltzen dute. Mundua bizigaitz bihurtzen ari da demokrazia kolapsatzen ari den bitartean, argudiatzen dute, eta nork bere irla, bere bunkerra edo bere planeta prestatzeari ekin behar dio AAk lagunduta. Ahal duenak, beraz, ospa egin dezala. Naomi Kleinek eta Astra Taylorrek «aro amaierako faxismoa» deitu diote ikuspegi horri. Baina izenak baino interesgarriagoa da azpiko premisa: gizaki guztientzako etorkizun bat marraztea jada ezinezkoa dela onartuta, talde aberats eta txiki batek erabaki nahi du nor salbatuko den eta nor ez. Eta, noski, azken talde horretan gaude gu, produkzio-bideen jabe ez garenok, bunker bat edo Marterako txartelik ez dugunok. Irakurleak halakorik balu, bat, galdera batzuk egin beharko genizkizuke, eta bi, zorionak, segi irakurtzen lasai-lasai. DEMOKRAZIA ETA AA Teknoligarken arabera, gizakiok hirurogei urte daramatzagu motelegi aurrera egiten. Mundu materialeko azken mugarri nagusiak bonba atomikoa eta gizakia Ilargira iristea izan ziren. Bit- eta konputazioaren munduan, ordea, azelerazioa esponentziala izan da azken boladan: ordenagailuak, Internet, kriptodibisak, AA. Zergatik ez da gauza bera gertatu atomoen munduan, biologian, energian, espazio bidaietan? Teknoligarken ustez, demokraziak frenoak jartzen dituelako. Burokraziak eta kontrol demokratikoek garapena geldiarazten dute. Hortaz, lehen defendatzen zuten sistema demokratiko liberala eta Edward Luttwakek “turbokapitalismo” gisa bataiatutakoa gero eta bateraezinagoak badira, eta bietako bat aukeratu behar bada, demokrazia dago soberan ekuazio horretan. Makina baten lehengaia bilakatu da gizakiaren adimena. (Alexander SIKOV / GETTY IMAGES) Baina, zer motatako kapitalismoa defendatzen dute? Dezente hitz egin da Javier Mileik teorian, ez praktikan, defendatzen duen anarkokapitalismoaz, hau da, estatua bera abolitu eta justizia, segurtasuna eta moneta merkatuaren esku uztearen aldeko doktrinaz. Curtis Yarvin teorialari neoerreakzionarioa, Thielek finantzatutakoa, are urrunago doa. AEBk monarkia bat behar dute, argudiatzen du, zuzendari gerente batek zuzendutakoa, eta etorkizuneko herritarrak ez dira hautesleak izango, akziodunak baizik. Bide beretik dabil Marc Andreessen ere. 2023. urtean “Manifestu tekno-optimista” argitaratu zuen, eta bertan «etsaien» zerrenda eskaini zuen: teknologia etikoa, AA mugatzeko segurtasun neurriak, jasangarritasuna, gobernuek jar ditzaketen erregulazioak, Nazio Batuen garapen jasangarriko helburuak... Pentsalarion tesiak ez dira hain ezagunak, baina bai, aldiz, Palantir Technologies konpainiak X sare sozialaren bidez plazaratu zuen manifestua. Alex Karp zuzendari gerente eta filosofoaren “Errepublika teknologikoa” liburuaren laburpena zen funtsean, baina sare sozialen formatu trinkoak biluzik utzi zuen Palantirren mezua. Thiel eta Karpen menpe dagoen software enpresa militarrarentzat, teknologiaren neutraltasuna fikzio hutsa besterik ez da, eta horregatik Silicon Valleyk etika alde batera utzi eta Mendebaldearen eta zehazki AEBn alde lan egin behar du, kosta ahala kosta. Manifestuaren arabera, AAn oinarritutako arma autonomoak saihetsezinak dira, eta galdera bakarra da nork eraikiko dituen lehendabizi. Mehatxu nuklearra ordezkatuko dute horiek, eta XXI. mendeko disuasio-tresna nagusi bihurtuko dira ezinbestean. Bigarren Mundu Gerraren ondoren Alemanian eta Japonian hartutako desmilitarizazio neurriak iraultzeko eskatu du Palantirrek ere. Eta krimenaren aurkako borrokan teknologiaren erabilera zabaldu nahi du, herritarren zaintza masiboaren bidez. Aniztasun inklusiboaren aurkako aldarria ere egin zuen Karpek manifestuan, «kultura batzuek ezinbesteko aurrerapenak ekarri dituzten bitartean, beste batzuek disfuntzionalak izaten jarraitzen dutela» aipatuz. Thiel, Karp bezala, Stanford Unibertsitatetik dator. Filosofia eta Zuzenbidea ikasi zuen, eta han xurgatu zituen Rene Girard bere maisu intelektualaren ideiak. Girardek zioen giza desira ez dela autonomoa, mimetikoa baizik. Hortaz, besteek nahi dutena nahi dugu, eta horrek bizikidetza etengabeko lehia eremu bihurtzen du. Thielek ondorio bat atera zuen hortik: lehia galtzaileen kontua da. «Competition is for losers», esan ohi du, eta benetako arrakasta monopolioak bakarrik ematen duela argudiatu, hots, zerbait bakarra eraikitzeak, besteek imitatu ezin dezaketena. Ideia hori garatzen du “Zero to One” liburuan, eta hori da Palantir, Facebook eta Linkedin enpresen oinarrian dagoen logika. Hiru konpainia horiek, beste askorekin batera, “PayPal Mafia” deituriko zirkulutik atera ziren, 1998an PayPal sortu eta gerora eBayri saldu ostean Silicon Valleyko boteregune bihurtu zen teknoligarken sarea. Planteatzen duten formula enpresak antolatzetik harago doa. Gizakiaren ikuspegia ere antolatzen du. Logika horren arabera, badira sortzaileak, gutxi horiek, monopolistak, imitazioari ihes egitea merezi dutenak. Eta badira imitatzaileak, elkarren artean bereizezinak, lehenak bereiz daitezen lehengai gisa balio dutenak. Hortik begiratuta, kultura biziei eta kultura disfuntzionalei buruzko Palantirren manifestuko esaldiak, filosofia horren korolario logikoa dirudi. TRANSHUMANISMOA Filosofia horrek ondorio material oso zehatzak ditu gainera. Gizaki gutxi batzuek bakarrik merezi badute imitazioari ihes egitea, haiek bakarrik merezi dute gorputzaren mugei ihes egitea. Hortik datoz betikotasunarekiko obsesioa, kriogenizazioa, hobekuntza genetikoak, inplanteak, Zeelanda Berrian eraikitzen dituzten bunkerrak eta Marte kolonizatzeko proiektuak. Transhumanismoa deitzen zaio hori guztiari, hau da, gizakia bera gainditzeko proiektuari. Eta hemen dago ñabardura garrantzitsua, transhumanismoa ezin baita denontzat izan, definizioz. Guztiok biziko bagina 150 urte, guztiok izango bagenitu gaitasun kognitibo biderkatuak, guztiok izango bagenu bunker batean edo beste planeta batean babesteko aukera, ez legoke jada desberdintasunik. Eta bereizketa hori, gogora dezagun, ongi gorena da filosofia thieldarrean. Horregatik da transhumanismoa beti gutxiengoaren proiektua, errekurtso faltaren aurrean goian daudenentzako egitasmoa. Jakina, behean daudenei ateratako baliabideekin finantzatua. “Prospera”-ra itzuliz, Vitalia bizitza luzatzeko bioteknologian interesa duten zientzialari, biohacker eta inbertitzaileen aldi baterako hiri esperimentala bihurtu da. Bertan, GARM Clinic klinikak eta Minicircle enpresak zelula amen terapiak, geneen edizioa, hormona tratamenduak eta zenbait kasutan AEBn onartu gabeko legez kanpoko terapia genetikoak eskaintzen dituzte. Tratamendu batzuen helburua follistatina proteinaren ekoizpena «bizkortzea» da, gihar masa handitu eta zahartzea geldiarazteko. Bryan Johnson enpresaria, adibidez, bertan tratatu zuten 2024an. Nork finantzatzen du bertako Minicircle enpresa? Sam Altmanek eta Peter Thielek. Nvidia konpainiaren egoitza. (GETTY) Vitalia ez da, gainera, kasu bakarra. Silicon Valleyko inbertsio funtsek milaka milioi sartu dituzte azken urteotan bizitza luzatzeko ikerketetan. Altos Labs enpresa, Jeff Bezos eta Yuri Milnerren laguntzaz sortua, 3.000 milioi dolarrekin abiatu zen 2022an. Bioteknologiaren arloko historiako finantzaketa handiena izan zen ordura arte, helburu argi batekin: zahartzea ekiditea. Sam Altmanek 180 milioi dolar jarri ditu Retro Biosciences enpresan ere, gizakiaren bizitza osasuntsua hamar urtez luzatzeko helburu zehatzarekin. Diskurtsoa zientifikoa da, eta ikerketa biomedikoa, gaixotasunen aurkako borroka, bizitza osasuntsuagoa egitea dira aitzakiak. Xedea, ordea, zahartzea gaixotasuntzat hartzea da, eta, heriotza, akats teknikotzat. Eta akatsak, jakina, konpondu egiten dira, diruaren truke. TEKNOFEUDALISMOA? Hau guztia irakurrita, konspirazio teoria baten aurrean gaudela dirudi. Hala ere, forma politikoa du, eta izena ere bai. Yanis Varoufakis ekonomialari greziarrak teknofeudalismoa deitu zion 2023an argitaratutako liburu batean. Greziako ministro ohiaren arabera, gaur bizi duguna ez da jada kapitalismoa, beste zerbait baizik. Plataforma teknologiko handiek mendeko bilakatu gaituzten sistema bat da, non lurrak, legeak eta arauak korporazioenak diren, eta non, zerga publikoen ordez, Apple, Google edo Amazoni komisioak ordaintzen dizkiegun. «Adimen artifizialak zerbitzu publikoa gisa funtzionatuko duen etorkizuna ikusten dugu, elektrizitatea edo ura bezala, eta jendeak kontagailu batekin erosiko digu», esan zuen Altmanek. Evgeny Morozov pentsalari bielorrusiarrak Varoufakisi erantzun zion, eta tesi feudala arriskutsutzat jo zuen. Morozoven ustez, gertatzen ari dena ez da kapitalismotik (tekno)feudalismorako itzulera, kapitalismoaren bertsiorik gordinena baizik, hiperkapitalismoa. Erdi Aroko metaforak erabiltzeak, argudiatzen du, arazoa pertsonalizatu egiten du, eta Bezos, Musk edo Zuckerberg «jauntxo feudalen» kontra borrokatzera bultzatzen gaitu, «sistemaren logika ekonomikoa osotasunean ulertu ordez». Eztabaida, bistan da, zabalik dago. Enpresa teknologikoek ez dituzte arrasto horiek ordaintzen, juridikoki ez direlako erabiltzailearenak. Hori da azken bi hamarkadetako operazio isil garrantzitsuena: milaka milioi pertsonak sortutako informazioaren transferentzia masiboa korporazio batzuei, zer eta ondoren eredu komertzial eta onura pribatu bihurtzeko. Kate Crawford Microsoft Researcheko ikertzaileak horrela laburbildu zuen: adimen artifiziala ez da zerutik datorren zerbait, lan-kate oso zehatz baten gainean eraikitako makina baizik. Iparralde globalean ez ezik, Hegoaldean ere erabiltzaileek elikatzen dute makina, sare sozialak, mezularitza aplikazioak edo bilatzaileak erabiltzen dituzten heinean. Hegoaldean, gainera, beste lan geruza bat ari da garatzen, milaka langile aritzen baitira gau eta egun irudi bortitzak etiketatzen, eduki traumatikoak moderatzen edo entrenamendu-datuak idazten. Aldi berean, meatzariak txipentzako koltana eta mineral arraroak ateratzen ari dira, askotan esklabotzatik gertu dauden baldintzetan. ETORKIZUNA Bitartean, Funcas think tank-aren arabera, AAk 1,7 eta 2,3 milioi lanpostu artean suntsituko ditu Estatu espainolean datozen hamar urteetan. Nazioarteko Diru Funtsak, gainera, AAk munduko lanpostuen %40 eragingo dituela kalkulatu du. Baina zifren atzean dagoena askoz sakonagoa da. Aberats berri hauek diseinatzen ari direna ez baita AAk langilea ordezkatuko duen mundu bat soilik. Iraganeko belaunaldiek produzitutako ezagutza kolektibo guztia, gizadiaren idazki, irudi, soinu, kode eta hizkuntz ondare oro baliabide pribatu bihurtzen ari dira. Teknoligarka hauek argi dute zer egin nahi duten gainerakoekin. Lan indarra eta kontsumoa behar dituzte oraindik, baina eskubideen titularrak diren herritarrak, gero eta gutxiago. Zelatatzeko, sailkatzeko, deportatzeko, edo, besterik gabe, gerra eremuetan helburu gisa markatzeko nahi dituzte herritarrak, ez eskubideen jabe. Ez da urruneko etorkizun bat. Dagoeneko ari da gertatzen, Palantirren ImmigrationOS programaren bidez deportatzen dituzten migratzaileekin, Maven teknologiaren bitartez egindako bonbardaketa selektiboekin, edota susmagarritzat jotako langile auzoen jazarpenarekin. Erantzunak ere abian dira, ordea. Joan den maiatzean, Hangzhouko (Txina) auzitegi batek aurrekari bat ezarri zuen, ebatziz ezin dela langile bat AArekin ordezkatu eta kalte ordainik gabe kaleratu. Modu xumean, baina lehen aldiz botere publiko batek hesi bat jarri dio deskartearen logikari. Erregulazioaz gain, Karen Haok bezalako ikertzaileek adimen artifizialaren kudeaketarako alternatibak proposatu dituzte, hala nola eredu txikiago eta lokalagoak martxan jartzea erraldoi monopolistikoen ordez, datu-zentroetarako arau zorrotzak ezartzea eta, oro har, paradigma aldaketa bat bultzatzea, langilea ordezkatzeko pentsatutako AA batetik hari laguntzeko pentsatutako beste batera. Beste ahots batzuek harago jotzen dute, eta kode irekiak edo zuzenean datuak ondasun komun gisa kudeatzea proposatzen dute, kooperatiba publikoen edo herri fideikomisoen bidez. Daron Acemoglu Nobel saridunak gogorarazi du teknologia baten norabidea ez dagoela aldez aurretik idatzita, politikoki erabakitzen dela. Gaur arte oligarkek erabaki dute teknologia berrien norabidea Mendebaldean. Etorkizuna, ordea, erabakitzeke dago oraindik.