GAUR8

Korrontearen kontra, izokinak bezala


Hiru egunean behin gertakizun historikoren bat izaten den aroa bizi dugu, non politika likidoa bihurtu ei den eta like-ak besarkadak baino goxoago jasotzen diren. Haur asko Youtubeko short delakoetan katramilatuta dauzkagu, eta nerabeek ozta-ozta irakur ditzakete 400 hitz baino gehiagoko testuak. Garai interesgarriak, alegia, txinatarrek edo Slavoj Zizekek esango luketen bezala.

Eta kazetaritza, noski, haize berrien martxan ari da dantzan. Dena arin, labur eta erraz. Lerroburuak algoritmoek zehazten dituzte, eta sarrerek deigarriak, erakargarriak eta kitzikagarriak izan behar dute, irakurleak ez dezan ihes egin. Horregatik, ofizio honetan gabiltzanontzat GAUR8 gozamena da.

Gozamena da testuak tentuz eta denboraz ondu ahal izatea, zer esan eta nola esan arnasestuka ibili gabe hausnartzea, inor muturtu gabe hamabost edo hogei mila (!) karaktere idaztea. Luxu kontrakulturala. Ardura handia ere bada, nekez aurkituko baitu irakurleak irakurtzea merezi ez duen erreportaje bat, elkarrizketa bat edo iritzi artikulu bat GAUR8n. Maila eman behar da.

Barraren beste aldean, maila horretaz jabetzen gara zapatuetan sofan eseri (sofan esertzea posible denean) eta astekaria zabaltzen dugunean. Bertan idaztea gozamena bada, pentsa irakurtzea. Hiru egunean behin gertakizun historikoren bat izaten den aroan, lerroburu historiko gutxi topatuko ditugu GAUR8n, baina istorioak, nahi beste eta zein baino zein ederragoak.

Nik ipar haizearekin, euriarekin eta kafe beroarekin lotzen dut GAUR8, eta ez dakit zergatik, berdin-berdin irakur baitaiteke abuztuko hondartza egun batean. Baina negu gorrian edo sargori betean, badakit bere orrialdeek eguna argitu eta burua piztuko didatela. Eta hori asko da, lagunok. Horregatik, mila esker, eta zorionak! •