GAUR8

Frantzisko Xabierkoa gaur 520 urte jaio zen Nafarroako Erresuma independentean

1506ko apirilaren 7an, Xabierko gazteluan jaio zen Maria Azpilikueta eta Joanes Jasoren bosgarren eta azken semea. Guraso biak nobleak eta aita Nafarroako Erregearen Kontseiluko presidentea zuen. Familia agaramontarra zen; hau da, Nafarroako Erresumaren alde borrokatu eta dena galduko zuena.

Xabierko gaztelua eskuineko erlijioaren ikurra bihurtu da. Baina beste mota batekoa zen Frantzisko jaio zenean. Argazkian, 2014ko ‘Jabierada’.
Xabierko gaztelua eskuineko erlijioaren ikurra bihurtu da. Baina beste mota batekoa zen Frantzisko jaio zenean. Argazkian, 2014ko ‘Jabierada’. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Frantzisko Xabierkoa, bataioko izen-deiturez Frantzisko Jaso Azpilkueta (edo Jatsu, beste iturrien arabera; Xabier, Nafarroako Erresuma, 1506ko apirilaren 7a - Shangchuan uhartea, Txina, 1552ko abenduaren 3a) jesuiten sortzailea, Nafarroako patroia eta Eliza katolikoaren santua da. Baita ere eskuinaren ikurra, baina bere biografiak geruza asko ditu.

Nafarroa Garaiko Xabier herrian dagoen Xabierko gazteluan familia noble batean eta Nafarroako Erresuma independentea zenean jaio zen. Aita, Joanes Jaso, Albreteko Joanes III.a erregearen Errege Kontseiluko presidentea zen. Ama, Maria Azpilkueta, baztandarra eta familia noblekoa.

Eta jesuita eta santua bihurtu baino lehen, haurra izan zen Frantzisko; zuzenean Nafarroako konkista bizi izan zuen sei urteko haurra. Albako Dukearen gidaritzapeko Espainiako Erresumaren tropek Nafarroako Erresuma konkistatu zutenean, Fernando Katolikoaren aginduz eta beaumontarren laguntzaz, familiak Bearnora erbesteratu behar izan zuen, eta handik denbora gutxira aita hil zitzaien.

Agaramontarrak ziren Jasotarrak. «Bitxia bada ere, orain nafar-espainiar eskuinaren ikurra bihurtu den arren, Jaso familiaren gehiengoa Nafarroaren konkistari gehien eutsi ziona izan zen. Ez dezagun hori ahanzturan utzi», zioen Pello Guerra idazleak eta kazetariak ‘El libro de la Navarra perdida’ (GARA) argitaratu zuenean. 

Juan Luis Landak, ‘1512. Nafarroa, in memoriam’ eleberrian, gizon euskaldun haren benetako bizitza kontatu nahi izan du. «Konkistatzaileek zorigaitza ekarri zioten, miseria, atsekabea eta apalkuntzarik gordinena, bere familia Nafarroako askatasunarengatik sutsu borrokatzeagatik. Erreinu zaharraren gaztelu guztiak bezala, konkistatzaileek Xabierkoa ere lehertu egin zuten bere begien aurrean. Benetako Frantzisko Xabierkoak sumindura eraman zuen bere bizitza osoan. Gizon euskaldun haren benetako bizitza estalita dago Eliza Katolikoaren errezelaren atzean, bere familia eta gaztelu mitikoa bezala. Han, Xabierren, badago historia handi bat benetan kontatzea merezi duena. Liburu honetan aukera aurkitu nuen berari eta bere familiari justizia egiteko».

Anaiek kartzela eta heriotza ezagutu zuen. Frantziskok erlijioaren bidea hartu zuen.