
Bermeoko Udalak eta Taraska Atletismo Taldeak Atletismoko Haur Olinpiaden edizio berria antolatu dute iganderako, maiatzaren 31rako, herriko Lehen Hezkuntzako (LH) ikasleei zuzendutako egitarau ludiko eta hezitzaile batekin.
Ekimenaren helburu nagusia da haurrek atletismoaren oinarrizko modalitateak ezagutzea eta praktikan jartzea. Gainera, kirolaren bidez harreman osasungarriak, parte hartzea eta talde giroa sustatzea ere badira ekimenaren xede.
Jardunaldia 10.00etan hasiko da Artza frontoian, eta parte hartzaileek hainbat atletismo probatan aritzeko aukera izango dute, hala nola altuera jauzian, vortex jaurtiketan, oztopo lasterketetan eta abiadura probetan.
Antolatzaileen arabera, urtez urte handia izaten da parte hartzea, eta aurten ere harrera zabala espero dute. Parte hartu nahi duten ikasleek euren ikastetxeetan eman beharko dute izena, eta dortsala eskolan bertan jasoko dute.
Prestaketa pedagogikoa
Ekimenaren prestaketa pedagogikoa indartzeko asmoz, aurten herriko ikastetxeei proposatu zaie atletismo probak Soin Hezkuntzako saioetan lantzea. Helburu horrekin, Taraska Atletismo Taldeak berariaz prestatutako saio didaktikoa bidali zaie ikastetxeei, irakasleek proposamen modura erabili ahal izateko. Antolatzaileen esanetan, haurrek aurrez probak lantzeak jardunaldira segurtasun handiagoz, konfiantzaz eta motibazioz gerturatzea ahalbidetzen du.
Bermeoko Udalak herriko neska-mutil guztiak animatu nahi ditu jardunaldi honetan parte hartzera, eta hezkuntza komunitateko kide guztiei eskerrak eman dizkie haur eta gazteen artean jarduera fisikoa eta bizi ohitura osasungarriak sustatzeko egiten duten ekarpenagatik.

