Osasunaren determinatzaile sozialek gure osasuna baldintzatzen dute

Osasunaren determinatzaile sozialak (ODS) dira, besteak beste, pertsonak nola hazi, hezi edo bizi garen deskribatzen duten horiek. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, determinatzaile horiek osasun ekitatearekin lotura zuzena dute eta eragin handia izan dezakete pertsonen osasunean eta gaixotasunen garapenean.
ODSn garrantzia dela-eta, horiek isla izaten dute pazienteen osasun txostenetan. Hizkuntza teknologiei esker, osasun determinatzaile horiei buruzko informazioa erauzi eta azter daiteke, eta, ondoren, pazientearen osasun fisikoarekin eta mentalarekin duten harremana ikertu.
MIMIC-SBDH da osasun txostenetan osasunaren determinatzaile sozialak etiketatuta dituen datu-bildumetako bat, eta, eskuragarri egonik, ikerkuntza-lanetan oso maiz erabiltzen da. Bilduma honetako osasun txostenetan, bi etiketa mota topa ditzakegu. Alde batetik, txosten bakoitza kategoria ezberdinetan sailkatzen da: pazientea gizartean ongi integratuta ote dagoen eta inguruan familiaren babesik ote duen (komunitatea du); bere ongizatean eragina izan dezakeen isolamendu egoerarik edo egoera pertsonal kaltegarririk (abusurik, ingurukoen heriotzarik edo traumarik) jasan ote duen (komunitatea faltan); eskolara joan ote den edo ez (hezkuntza); une horretan lanean ari ote den edo langabezian dagoen (lan egoera); bizitoki egonkorrik ote duen edo etxegabea ote den (etxebizitza); eta alkoholik, tabakorik eta drogarik hartu izan duen, unean hartzen duen edo ez duen hartzen (tabakoa, alkohola eta droga erabilera). Osasun txosten osoa, eta beraz, pazientearen egoera, sailkatzeaz gain, adierazten da testuko zein hitzek ematen duten aditzera egoeretako bakoitza. «Ez du inoiz drogarik hartu eta familiarekin bizi da» edo «langabea, kalean bizi da eta azken urtean egunero heroina hartzen du» moduko egoerek arras eragin ezberdina dute osasunean.
ODSak eskuz idatzitako erregelak baliatuz edo ikasketa gainbegiratua erabiliz -hau da, dagoeneko etiketatutako testuetatik- ikas daitezke (adibidez MIMIC-SBDHtik). Hori bai, testu horiek etiketatzea lan neketsua eta garestia da. Gaur egun testu etiketatuak automatikoki sortzeko gai dira hizkuntza-eredu handiak. Adibidez, GPT moduko eredu sortzaileei aginduak eman ahal zaizkie, txostenean ODS horiek agertzen ote diren eta zeintzuk diren identifika dezaten. Emaitza onak ematen dituzte, baina, noski, hizkuntzaren anbiguotasuna dela-eta, ez gizakiak ez sistema adimendunak ez gara gai egoera batzuk bereizteko. «Dibortziatua, herri txiki batean bizi da» kasuan, pazientearentzako komunitatea presente al dago? «30 urteko erretze historia, alkoholik ez/drogarik ez» esaldian, erretzen jarraitzen al du pazienteak? Osasunaren determinatzaile sozialei buruzko informazioa txosten medikoetan labur agertu ohi da, eta maiz testuinguru zehatzik gabe, beraz, batzuetan, modu anbiguoan.
Edozein kasutan, ODSak automatikoki ongi identifikatzea ezinbestekoa da pazientearen tratamenduan eta diagnosian, batez ere pertsonen ongizate emozionalean eta psikologikoan eragiten baitute, eta, beraz, osasunean, mentalean bereziki. Zain dezagun gizartea, lan eta etxebizitza duinak eskura ipini, sor dezagun komunitatea eta indartu dezagun hezkuntzarako eskuragarritasuna, horren ondorioz, gure osasuna hobetuko da-eta. •



