Miren Azkarate
Kazetaria

Aldaketarekin, kondena berri bat?

Ekainaren 15ean dira inauguratzekoak Zubietako kartzela, nahiz eta presoak beranduago eramango dituzten.

Ez da lehen aldia espetxeaz mintzo naizena eta ez da azkena izango, badelako kezkatzen nauen zerbait eta nire bizitzan oso presente dudana.

Irekiera berri honekin kezka bat (tira, gehiago dira baina gaur bat) sortu zait: egunero lanera edo ikastera ateratzen diren presoak nola egingo dituzte joan-etorriak? Orain Martutenen “erraza” dute garraio publikoan mugitzea; trena bertan dute, bai eta autobusak ere; berehala, gainera, beste konexioak egin ditzakete. Edo hiriburua hain gertu izanik, bizikletan mugitzea ere eskuragarri dute.

Eta orain? Zubietako mendian zer izango dute? Kotxe propioa izatera kondenatuta geratzen dira, eta, barkatuko didazue, baina denek ezingo dute luxu hori izan. Bai, luxu bat da gaur egun auto propioa izatea, eta ezin dugu ahaztu espetxean dauden asko eta asko egoera zaurgarrietan direla, senide eta lagun sarerik gabe. Norbaitek pentsatu du horretan? Erakundeek, kasu honetan Eusko Jaurlaritzak, pentsatu al du horretan? Norbaiti axola zaizkio preso dauden pertsonak?

Jada nahiko zaila da espetxetik baimenekin ateratzea, baita praktikak nonbaiten lortzea ere; are zailagoa lana lortzea. Eta erraztu beharrean zailago jartzeko mania hori, noizbait bukatuko al da?

Espero dut, inauguraziorako ez baina presoak lekualdatzen dituztenerako, bulegoetan dauden eruditu horiek gaiari behar bezala heltzea. •