Autismoaren espektroko nahasmenak

Ez da ber gauza egun goibel bat izatea, eta depresio kronikoa. Gure garunak bizi duen prozesua antzekoa da bietan, baina ez berdina: lehenengoa bizitzaren ohiko gertakaria da, eta, bigarrena, berriz, tratatu beharreko gaixotasuna. Era berean, autismoaren espektroko nahasmenek ezaugarri eta gradu ezberdinak dituzte, eta, horrenbestez, ez dute erantzun bera behar. Batzuk, patologikotzat baino, pertsonaren ezaugarritzat hartu beharko genituzke (saiatua, hotza, sutsua izatea bezala): horrelako ezaugarriek tratamendu berezirik ez dute behar, eguneroko bizitza sozialean hobeto moldatzeko denok egin behar izaten dugun ikasketa prozesutik aparte. Beste batzuetan, ostera, neurodibergentzia gradu handiagokoa izango da, beraien buruaren eta ingurukoen bizimodua nahasteko beste: orduan beharko da interbenitu.
Zeintzuk dira autismoaren ezaugarriak? Gai konplexua da benetan, kontuan hartuta espektroaren zabalera (gradu patologikotik ez-patologikora) eta autismoaren manifestazioen aniztasuna. Halere, klasifikazio sistema nagusien arteko adostasuna dago autisten zenbait ezaugarriren artean: batetik, gizarte-interakzioa eta komunikazioa garatzeko zailtasunak dituzte; bestetik, jokaera, interes eta aktibitate murriztuak, errepikakorrak eta estereotipatuak izateko joera. Puntu honetan, irakurle maiteok, autismoaren espektroko nahasmenak eskuin-ezker “diagnostikatzen” hasteko tentaldiari eutsi iezaiozue mesedez: izan ere, laster detektatuko baitituzue, zuen buruan eta ingurukoetan, horrelako ezaugarriak dituzten lagun asko. Baina lasai. Normala da. Eta gogoratu, kasu gehienetan, ez duzuela ezer berezirik egin beharko.
Lehengo aldean gauzak aldatuz doaz, baina, autismoaren espektroko nahasmendunek ondo dakitenez, haiei emaniko arretaren historia zailtasunez betetako bidea izan da: bai kontzeptua bera sortzeko, bai berau diagnostikatzeko, eta baita egoeraren aurrean nola egokiro jokatu erabakitzeko ere; lanak demasak izan dira, eta ezin da esan amaitu direnik. Azken urteetan nagusitu den ikuspegiaren arabera, gakoa heztean dago, autismoaren espektroko nahasmenak dituzten pertsonak “osatzen” baino, indarra haien bizimodua hobetzean jarriz. Horren barruan, garrantzi berezia ematen zaie norbere burua zaintzeko, gizarteratzeko eta lanerako gaitasunei; horiek familian, hezkuntza sisteman zein aisialdian jorratu daitezkeelarik.
Eta zein izaten da fisioterapeuten lana, autismoaren espektroko nahasmenetan? Bada, kasu askotan, ezer ez: pertsona osasuntsuak izaten baitira, eta ez dute interbentziorik behar izaten. Tratamendua behar dutenen artean ere (autismoarengatiko tratamendu espezifikoa, diot), berau nagusiki esfera psikologikoan jasoko dute, muskulu-eskeleto sisteman inolako arazorik ez dutelako izango. Autismoa gradu larriagoan agertzen denean, berriz, kasu batzuetan fisioterapia lagungarria izan daiteke. Esate baterako, arazo sentsorialak nabarmenak direnean (autismoan ez baitira arraroak izaten, adibidez soinu/argi estimuluekiko hipersentsibilitatea), lagungarriak izan daitezke integrazio sentsorialean trebatutako terapeuta okupazional edo fisikoak. Bestalde, bistan denez, luzaroan mantendutako aktibitate errepikakorrek gainkarga bat ekar dezakete zenbait artikulazio, muskulu edota tendoietan, eta, horrenbestez, fisioterapia beharrezkoa izan daiteke. Baina hori, beste edozein pertsonatan bezala (alegia, muntaketa-kate bateko langile batek, adibidez, beharko lukeen era berberean). Era berean autismoaren espektroko nahasmenak dituzten pertsonei, beste edozein pertsona neurotipikori bezala, bizimodu aktiboa komeniko zaie: aktibitate fisikoa erregularki eginez, osasun funtzio guztiekin batera hobetu baitaitezke autismoarekin lotutako hainbat arazo ere. •

Erreparazio kolektiboa, Orioko kasutik ikasten

«Turismoaren auzia zure oporretan jokatzen dela pentsatzea norbere zilborrera begiratzea da»

Bi milioi palestinar egarriz bizi dira Tel Avivek diseinatutako eskasian

