Kirola eta kultura batzen dituen formatua goratu du Etxeko Memorialak
Ados Pilotak antolatzen duen Etxeko Memorialaren finala bihar eguerdian jokatuko da Hernanin: Kukuprakak taldea -Oskoz, Aranburu eta Olatz Ruiz de Larramendi, Maialen Akizu bertsotan- Mitxoletak taldearen aurka -Naroa Agirre, Iturriaga eta Betegi, Nerea Elustondorekin-.

Igande honetan Hernanin jokatuko dute Kukuprakak eta Mitxoletak taldeek Ados Pilotak antolatzen duen II. Etxeko Memorialaren finala. Hiru pilotariz osatutako lau taldek hartu dute parte txapelketan, batek bakarka lau eta erdian jokatzen du eta beste biek binaka, eta talde bakoitzak bertsolari/botilero baten babesa eta bultzada izan ditu. Finalistei dagokienez, Kukuprakak taldean pilotariak Oskoz (bakarka), Aranburu eta Olatz Ruiz de Larramendi (binaka) dira, Maialen Akizu botilero dutela; eta Mitxoletak taldean Naroa Agirre (bakarka), Iturriaga eta Betegi (binaka), Nerea Elustondoren laguntzarekin. Kanpoan geratu dira Bitxiloreak taldea, Mendiburu (banaka), Arrastia eta Mujika (binaka), Anjel Mari Peñagarikano bertsolariarekin; eta Eguzkiloreak taldea, Barrokal (banaka), Marta Gomez eta Orbegozo (binaka), Sebastian Lizaso kantuan zela.
«Esperientzia berezia izaten da guretzat beti bertso-pilota, desberdina den txapelketa», onartu digu Iera Agirre Iturriaga Ados Pilota elkarteko pilotari eta kide ezagunak. «Ez da pilota bakarrik, bertsoarekin ere uztartzen da, eta horrek giro berezia sortzen du frontoian. Gainera, taldeka jokatzen den modalitatea da, hiru pilotariz osatutako taldeak, eta ez du zuk egiten duzunak bakarrik balio; talde bezala hirukoteak garrantzi handia hartzen du, lau eta erdian jokatzen den partida horretatik hasita, eta ondoren binaka jokatzen denarekin. Talde xarma hori badauka».
Torneo hau duela lauzpabost urte jarri zen abian, Udaberri Torneoa izenarekin, eta Ierari galdetu diogu nola sortu zen ideia. «Guk bertso-pilota jaialdi batzuk ikusiak genituen, eta formatua gustatzen zitzaigun. Azken batean gure kulturaren parte oso garrantzitsuak diren bi arlo batzen ditu: pilota eta bertsoa. Biei indarra emateko, eta emakumeen pilotak ere bultzadatxo hori behar duenez, bertsolari batzuekin hitz egin zen ea beraiek nola ikusten zuten txapelketa bat antolatzeko aukera. Hasieratik oso kontent eta pozik hartu zuten ideia», gogoratu du leitzarrak.
«Gaur egun oraindik ere hortxe jarraitzen dute engantxatuta, botilero lanetan zintzo. Uste dut emaitza polita sortu dela, eta, era berean, gauza desberdin bat eskaintzeko aukera ematen duela. Gu normalean banaka edo binaka baina antzeko formatuan ibiltzen gara, eta honek ematen digu aukera dinamika hori hausteko», gaineratu du.
Iaz torneoari izena aldatu eta Etxeko Memoriala bezala izendatzea erabaki zuen Ados Pilotak, otsailean hil zen Naroa Elizalde Etxekolonea pilotari nafarraren oroimenez, eta horrek ere torneo hau berezi egiten du parte-hartzaile guztientzat. «Guk bagenekien txapelketaren batek bere izena eramango zuela, zer gutxiago, eta, bat aukeratzen hasita, honek izan behar zuen, Naroa oso bertsozalea zelako, asko gustatzen zitzaion», gogoratu du Iera Agirrek hunkituta.
«Gainera, txapelketa honetan bereziki ongi jokatzen zuen, emaitza oso onak lortu zituen eta juxtu aurreko urtean txapeldun izana zen. Horregatik merezi zuen txapelketa honek bere izena eramatea. Guri tripak nahasten zaizkigu txapelketa hau heltzen denean, asko botatzen dugulako faltan, baita egunerokoan ere, baina, era berean, uste dut merezitako omenaldia dela txapelketari bere izena jartzea», dio zubietarrarekin gogoratuz.
BERTSOLARIEN GARRANTZIA
Bertsolari horietako bat Anjel Mari Peñagarikano da, torneoan gogotsu parte hartzen duen bertsolaria. Aipatu digunez, aspalditik ezagutu izan du berak bertso-pilota formatua. «Uste dut lehenengotako bertso-pilota jaialdian neroni izango nintzela, duela urte asko. Izango dira agian 30 urte baino gehiago, Oiartzunen, Antton Kazabon, Mikel Mendizabal bertsolaria, bertako pilotariak... Lehenengoetako bat hura izango zen. Eta gero, Kilometroak Oiartzunen egin zenean, Mikel Goñi eta Aitor Elkoro pilotan, Mendizabal, Lizaso eta ni bertsotan... Hura telebistan oso ikusia izan zen. Aspaldikoa da, beraz».
«Guk horretan esperientzia eta eskarmentua badugu, aspaldikoa, formatu hori gustatzen zait. Oso eroso sentitzen naiz. Nire mundua da. Pilotari gazteei esaten diet, duela 30 urte tokatu izan balitz, a ze entrenamenduak egingo nituzkeen zuekin. Pilotan, ez bertsotan. Baina horretarako jada zahartu naiz», gehitu du beti bezain umoretsu.
Bertsolariaren ikuspegitik formatu honek dituen berezitasunez galdetuta, Peñagarikanok kantxan gertatzen denari adi egotearen garrantzia aipatzen du. «Gu saiatzen gara pilotari batek txapa jo badu hari buruz zerbait esaten, edo pasa bat egon bada, edo pilota kontrakantxara joaten bada. Momentuan momentuko zehaztasunek asko janzten dute bertsoa eta saiatzen gara horretan, arreta erakartzen». Eta pilotariei atseden emateko modu bat ere bada: «Nekatzen direnean gu sartzen gara. Taktika bezala erabiltzen dugu. Pilotariek arnasa hartu dezaten guk bi edo hiru kopla kantatzen ditugu».

Aurten, gainera, bertsolarien lanak lehiaketaren ikuspegitik ere hartu du garrantzia. «Jendea adi egoten da orain, jendeak bozkatzen baitu zein izan den bertsolari-botilero onena. Eta irabazten duen taldeak bi tanto gehiago ditu tanteo orokorrean. Bertsotan, beraz, lehen lehiaketara begira ardurarik ez genuen izaten, baina orain bai. Eta badakigu bi tantok zenbat balio duten horrelako txapelketa batean. Horregatik, jendeak orain lehen baino arreta gehiago jartzen du bertsoa entzuteko. Hori nabaritu dut».
Ierak ere berretsi du bertsolariek frontoian jartzen duten giro berezia. «Bertsolariak horretan oso abilak dira, jendea zirikatzen dakite, eta horrek giro berezia sortzen du. Publikoarekin dagoen harremana zuzenagoa da, eta, aurten, gainera, berrikuntza bezala jarri dugu publikoak bertsolari onena bozkatzeko aukera duela, ea zein gustatu zaion gehien, eta horrek are eta harreman biziagoa sortzen du».
MIKEL GOÑI, DE PEDRO...
Artxiboan begiratzen hasita, Peñagarikanok aipatzen dituen bertso-pilota jaialdietako argazkiren bat aurkitu dugu. Lehena Oiartzunen, Atano XIII.a eta Lekuona pilotan, eta Sorozabal eta Mendizabal Peñarekin bertsokide. Bigarrena Kilometroen aldeko hura, Donostian. Biak 1999koak dira. Besteren bat ere oroitzen du Anjel Marik, azaldu digunez.
«Nik bereziki Oiartzungo hura daukat gogoan. Ez naiz gogoratzen zehazki zer auzotan zen, baina oso berezia izan zen, jendea ikaragarri etorri zelako. Eta handik hilabete gutxira, Xanistebanetan, Oiartzungo arkupe horretan, han ere sekulako jendetza bildu zen bertso-pilota ikusteko. Albizturren ere herriko festetan tokatu izan zait, sekulako jendetzarekin han ere, eta beste leku askotan, Orendainen adibidez. Herriko festetan gehienetan eta beti jende askorekin. Jendeari uste dut gustatu egiten zaiola. Botileroa batzuetan pilotariei errieta egiten bezala, besteetan animatuz, epaileei zerbait esanez... Lehenengoa beti berezia izaten da eta hura daukat gogoan. Eta beste bat oso zabaldua izan zena Mikel Goñi eta Elkoro batu zituen hura. Auxkin ere tartean zela uste dut. Mikel Goñi orduan puri-purian zegoen eta partida telebistaz eman zuten. Sonatua izan zen. Gogoratzen naiz Javier De Pedro azaldu zela partida ikustera, eta erdi ezkutuan zegoen, guk zerbait esango ote genion beldurrez-edo, eta ikusitakoan pixka bat zirikatu genuen», gogoratu du gipuzkoarrak.

Ados elkarteko pilotariekin ere harreman ederra sortu omen du txapelketa honen aitzakian: «Denetan zaharrena ni naiz, Sebastian Lizaso baino hilabete batzuk zaharragoa naizelako. Maite Ruiz de Larramendiri esaten diot, ‘zu eta ni gara hemen beteranoak’. Aurten, gainera, talde berean gaude. ‘Ea zer egiten dugun’, komentatzen diot. Bai, harreman oso polita daukagu. Gainera, nik garai batean ez nuen berehala pentsatuko Arabako herri txiki horietatik emakume pilotari euskaldunak etorriko zirenik, duela 30 urte euskara askoz gutxiago egiten zelako inguru horretan. Eta hori ere oso pozgarria da. Maeztu ingurutik pilotari gazte euskaldunak irtetea gauza handia da nire ikuspegitik».
Etxeko Memorialak, Ados Pilotaren txapelketa gehienek bezala, badu herri ikuspegi hori. Aurtengo txapelketa Altsasu, Agoitz, Berriozar, Donamaria, Getaria eta Lazkaotik igaro da, eta finala Hernanin jokatuko da bihar eguerdian. «Txapelketa guztietan saiatzen gara herrialde desberdinetan partidak jokatzen. Egia da Hernanira iritsi gabe geundela, orain arte bertan ez dugu jokatu, eta pozgarria izan zen gure deiari oso modu positiboan erantzun izana. Gogotsu daude final hori hartzeko. Gainera, herri oso bertsolaria eta bertsozalea da, eta uste dut benetan egokia zela final hau bertara eramatea. Ea egun handi bat bizitzerik daukagun», opa du Ierak.
Anjel Mari Peñagarikano: oraindik plaza askotan kantari, haietako batzuk huts egin ezineko hitzorduak
Azken urteotan Udaberri Txapelketa honetan parte hartu duen bertsolarietako bat da Anjel Mari Peñagarikano (Albiztur, 1957). Aurten Bitxiloreak taldeko partaide izan da, baina ez dute lortu finalean sartzea. Ederki ekin zioten lehiaketari, Agoitzen bitik bi irabazita, Berriozarren beste puntu bat lortu zuten Ane Mendibururi esker, baina Donamarian esku-hutsik amaitu zuten. Mitxoletekin hiru puntutara berdinduta, azkenean tanto kopurua aintzat hartuta finaletik at geratu dira, nahiz eta bertsolariak bere aletxoa jarri tanto kopuru orokor horretan.
Ez genuen aspaldian Anjel Mari Peñagarikanorekin hitz egin, eta erreportaje honen aitzakian egindako elkarrizketa baliatu dugu plaza aldetik zer moduz dabilen galdetzeko. Eta gaiaren ildoari bikain jarraituz, pilota munduko adibide batekin azaldu digu bere gaur egungo jardunaren nondik norakoa. «Pilota kontuez ari garenez, gurekin ere gauza bera gertatzen ari dela esango nuke. Pilotariek Baiko edo Aspe enpresa handiak utzitakoan pilotan jarraitzen dute, Garfe bezalako enpresa txikiago batean. Eta maila altuenera iritsi ez diren batzuek ere bai. Ba gure kasuan ere halaxe da: nik jendeari ulertzeko esaten diot, ez gaudela Aspen eta Baikon, baina Garfen bai. Pilotariak Garfera joandakoan pantailetatik ezkutatu egiten dira eta jendeak haien arrastoa galdu egiten du. Adibidez, nik maiatzean eta ekainean saio dezente ditut [elkarrizketa maiatzaren erdialdean egindakoa da]. Aste honetan bi ditut, astelehenean Lizasorekin naiz, Txaraman ere banaiz, gero sanantonioak, sanjoanak... Baina jaialdi erraldoi estandar horietan gu jada gutxiago ibiltzen gara eta telebistaz horiek ematen dira. Guk ‘partidu’ dezente jokatzen ditugu, baina jendea ez da jabetzen. Jendeak uste du saio gutxi egiten ditugula, baina uste dena baina gehiago izaten ditugu. Izar izateari utzi eta gregario izatera pasatu gara, eta aurreko muturrean gregarioa ez da ikusten. Termino horietan azalduta ulertzen dela uste dut», dio Peñagarikanok txirrindularitza erreferentziak ere erabiliz.
Urte asko daramatza bertsolari gipuzkoarrak plazaz plaza, eta nabarmendu duenez badira hitzordu batzuk bereziki kutunak dituenak, urteen poderioz sortu diren harremanei oraindik ere sendo eta gogotsu eutsiz. «Kirikiño ikastolan, adibidez, aurten 32-33 urte beteko ditut hutsik egin gabe urtero kantatzen; Elorregi auzoan, Bergaran, 35 bat urte huts egin gabe; Izaskunen bertan, uste dut 30. urtea izango dela aurtengoa hutsik egin gabe. Eta abar. Sanantonioetan 32-33 urte. Gure betiko jendearekin, garai bateko usadioari eutsiz. Lazkao Txiki-eta bertan ezagutu genituen, eta orain gu gara guretzat Joxe [Agirre], Lasarte, Lazkao Txiki zirenak. Gazteentzat ‘beti ezagutu dituzten’ bertsolari horiek. Bizitzaren zikloak horrela izaten dira, eta oso pozik nago alde horretatik», aitortu du.


