Nerea Sancho Esnaola
Sexologian eta bikote harremanetan espezializatutako psikoterapeuta

Pazienteen azpitituluak, edo prozesu ziurgabeak sostengatzeko arte ikusezina

Azpitituluak.
Azpitituluak. (SENSATHLON 2026)

Betaurrekorik gabe betaurrekoak topatzea, galdu dituzunean, zail xamarra da. Eta agian horixe da prozesu askoren hasiera: zerbait bilatzen ari zara, baina oraindik ez daukazu ondo ikusteko behar duzun tresna. Norbaitek esaten didanean sexuan dena probatu duela, badakit oker dabilela; izan ere, asko probatu duenak, jakin badaki oraindik gutxienez beste hainbeste duela deskubritzear.

Aste honetan talenturik gabeko bizkotxo bat gelditu da sukaldean, asper-asper eginda, nork bukatuko. Ekitaldien koordinazioa ondo eginda dagoenean, ikusezina da, arbitraje on bat bezala, baina gaizki egin denean, itzaletik irteten da garrasika.

Horregatik interesatzen zait hainbeste ikusten ez den guztia. Gauzak ondo doazenean, askotan ez dakigu zerk eusten dien. Gaizki doazenean, ordea, dena agertzen da: falta dena, sobera dagoena, eta inork egin ez duen lana.

Terapia on batek galtzontzillo on batek bezala funtzionatu beharko luke... sostengua batetik, eta askatasuna bestetik.

Azkenaldian konturatu naiz terapeutak maiz pazienteen azpitituluak irakurgai jartzeaz arduratzen garela.

Batzuetan begi bistan dago eta nik aho betez esaten dut.

Paziente batek aurkikuntza garrantzitsu bat egiten duenean, nire barruko haurrak IUUUPPPIIII esaten du, baina nik ezin dut hori azaleratzen utzi; zeren, beharbada, aurkikuntza hori oso mingarria da pertsona horrentzat. Haiek, era berean, nire azpitituluak irakurtzen dizkidate batzuetan. Eta, horietan, konexioa totala da!!!

Ez ditut laguntza eske datozenak epaitzen; ez da nahita egiten dudan zerbait. Horrela jaio nintzen. Eta, zorionez, hori oso terapeutikoa da.

Nire sareko profesional batek ukimenaren bidezko maitasun-hizkuntza irakasten du. Zein ederra. Naturak dena erreparatu dezakeela uste dut. Baina poliki. Esan ohi den bezala, nekazaritzan ez da eguneroko lanaren arabera neurtzen, uztaren arabera baizik.

Pazientzia eta konfiantza behar dira. Lehen saioetan, aurrean dudanaren argazki orokor bat sortzen saiatzen naiz, eta beraiek ni eskaneatzen naute. Argi esaten diet zailtasun sexual bat dakartenean: zailtasuna nola konpontzen den badakit, nire lana zuk nigan konfiantza izatean datza. Hor dago koxka. Edonor ez dago prest prozesu bat hasteko. Konfiantza jartzeko. Gidatua izateko. Eta fedez ibilbidean sinesteko.

Azken batean, gauza asko ez dira diruditena bezain sinpleak.

Hegazkin bat hartzeko maleta prestatzea lan kirurgikoa da. Duela gutxi gainkarga gutxitzeko trikimailu berri bat ikasi dut:

1. Koaderno bat erosi.

2. Egin beharko zenukeen guztia idatzi bertan.

3. Koadernoari izenburua idatzi tapan: “Egingo ez ditudan gauzen zerrenda”.

Gainkargarik ez duenak altxa dezala eskua! Norbait? Inor ez inguruan.

Beharrezkoak garela sentitu behar dugu bizitzari zentzua emateko.

Zuhaitz bat mozten baduzu, landatu bi. Norbaiti huts egin badiozu, bi bider eman galdutakoa!

Azkenaldian nire jakin-minak sortzen dizkidan galdera guztiak argitzeko tartea hartzen saiatzen naiz. Bereziki lo egin aurretik. Aurrekoan nire kezka zen: nola jasotzen dute itsuek beren txakur-gidaren kaka?

Dena jakin nahi.

Tinderrak ez badizu funtzionatzen, beti duzu metodo tradizionala: igo Urkiolara.

Batzuetan, garrantzitsuena ez dago lehen planoan. Atzean dago: norbait eusten, antolatzen, itxaroten, ulertzen, edo galdera bat egiten. Hor hasten dira aldaketak: oraindik emaitzarik ez dagoenean, baina zerbait azpitik mugitzen hasi denean.

Ez pentsa ikusten ez dena existitzen ez denik. •