Itziar ALDABE ARREGI, EHUko Informatika Fakultateko irakasle eta ikertzailea

Euskara adimen artifizialaren ondoren

Adimen artifizialaren (AA) eta euskararen inguruan hitz egiteak hainbat ikuspuntu eta helburu izan ditzake. Norberak iritzi eta lehentasun propioak izango ditu, noski. Idatzi honen helburua aukera ezberdinak labur azaltzea da, norberak bere iritzia sortu dezan. Izan ere, artikulu honen helburua ez da adimen artifiziala berez “ona” edo “txarra” den epaitzea, haren bilakaera eta euskaran izan dezakeen eragina nola bideratu daitekeen ulertzea baizik. Horretarako, bi ikuspegi nagusi aipatu daitezke hasteko.

Lehenengo aukera, multinazional handiek (OpenAI edo Google esaterako) garatutako AA orokorrak erabiltzea da. Euskararen kasuan, eredu horiek badute hizkuntza ezagutza barneratuta, hainbat atazatan erabilgarriak dira eta emaitza onak ematen dituzte. Hala ere, kontuan hartu behar da eredu itxiak direla, enpresa horiek ez dutela interes zehatzik euskararen inguruan eta tresnak ez direla berez gure hizkuntzarako garatu. Ondorioz, hizkuntza gutxituak osagarri gisa gehituak izan direnez, eta hizkuntza-maila altua eta gero eta emaitza hobeak erakusten dituzten arren, azaleko egokitzapen bat egon ohi da oinarrian: oinarrizko eredua ingelesaren logikarekin entrenatu denez, pentsamendu-eredua kanpokoa da eta euskarazko egiturek muga horiek islatu ditzakete zenbait kasutan.

Bigarren aukera, berriz, hizkuntzaren biziraupena multinazional handiek beren sistemetan txertatzeko hartzen duten borondatearen menpe ez uztea da. Kasu honetan, muina euskal komunitatearen barnean ekosistema bat sortzea da. Horretarako, beharrezkoa da akademiaren, enpresen eta gobernuaren arteko elkarlana, bakoitzaren jakintza eta baliabideak besteen eskura jarriz. Horrela, komunitateak berak garatu dezake teknologia helburu zehatzetarako, AA hori eguneroko lanean probatuz, egokituz, eta, prozesuan bertan, horretatik ikasiz.

Eredu honen adibide bat Latxa da, HiTZ zentroak elkarlanean sortutako AA irekia. Euskararen presentzia bermatzeko helburuarekin jaio zen, bai eta euskaraz ondo egiten duten tresnak eskaintzeko nahiari erantzuteko ere. Oinarrizko ikerketatik abiatutako ekimen honek euskal ekosistemaren indarra eta egokitasuna erakusten ditu. Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren finantzaketari esker sortua eta Europako superkonputagailu batean entrenatua, eredu orokorren aurrean euskararako espresuki doitutako alternatiba bat eskaintzen du. Lankidetza mota honek kanpo erakundeekiko dependentzia haustea posible dela erakusten du, eta, gainera, prozesuan ikasitakoak bestelako kode irekiko eredu txikiagoak edota espezializatuak garatzeko ateak ireki ditzake, modu horretara, tresna berriak euskal ekosistemaren barruan sortu, mantendu eta kudeatu ahal izateko.

Latxa adibide bat besterik ez da. Egitasmo ezberdinak daude martxan eta osagarriak direnez, guztiak dira beharrezkoak. Eragile ezberdinen arteko elkarlana ez da aukera bat bakarrik, euskararen etorkizuna bermatzeko bidea baizik. Lankidetza honek, kode irekiaren eta datu askeen aldeko hautua behar du, baita burujabetza teknologikoa ahalbidetuko duten azpiegitura propioak sortzea ere. Hala ere, erronka hau ez da teknologikoa soilik, soziala ere bada. Beraz, ezinbestekoa da diziplinarteko elkarlana. Bakarrik bagoaz, olatuak harrapatuko gaitu. Taldean eta modu koordinatuan bagoaz, berriz, gure etorkizuna geuk bideratzeko aukera izango dugu. •