Kazetaria / Periodista

Ring bat Etxe Zurian: Trumpek borrokaldiekin ospatuko du bere 80. urtebetetzea

Hiru aste falta dira uztailaren 4rako, Ameriketako Estatu Batuetako Independentzia Egunerako. Donald Trumpen megalomaniak eta nartzisismoak, alabaina, egutegiak batzen ez duena bere nortasun berekoiak elkartzea nahi du. 80 urte beteko ditu igande honetan eta mundu guztiak hori ospa dezala nahi du.

Donald Trump eta bere emazte Melania, Etxe Zuriko balkoian, joan den maiatzaren 19an.
Donald Trump eta bere emazte Melania, Etxe Zuriko balkoian, joan den maiatzaren 19an. (Chip Somodevilla / Getty Images via AFP)

Lur planetako ikuskizun handiena» iragarri zuen Donald Trumpek, ohi bezain superlatibo. «Sekula ez da halakorik izan, sekula ez da berriz izango». UFC Ultimate Fighting Championship konbatea Etxe Zuriraino ekarri du AEBko presidenteak; 60 milioi dolar kostako den eta arte martzialak nahasten dituen ikuskizuna da. Mundu osoan milaka zale dituen ekitaldi bortitz eta odoltsu horretarako, ring kaiolatu bat eraiki dute azken asteotan Etxe Zuriaren parean. 90eko hamarkadan sortua, estatu askotan debekatuta ere egon zen XXI. mendera arte. Gero, Trumpek bere kasinoetara eraman zuen, Dana White UFCko buruaren eskutik. White Trumpen babesle handienetakoa izan da kanpaina politiko guztietan, eta konbentzio errepublikanoetan ere parte hartu du newyorktar magnatearen alde.

Gaurko saioak, ezin bestela izan, 250 zenbakia darama. AEBko presidenteak prestaturiko ekitaldi ustez arranditsu eta egiaz erridikulu eta patetiko samarrak herrialdearen urteurrenaren aitzakiaz jantzi izan ditu (Kongresuaren ardurapean antolatutako America250 ekitaldi ofizialetatik at daude Trumpen burutazio garestiak, edozelan ere).

Duela urtebete, Armadaren urteurrenaren aitzakia erabili zuen 79 urte bete zituen egunean hirian desfile garesti bat egiteko. Aurretik Parisen Bastillaren Egunean ikusita zeukan, eta halako zerbait gura zuen Washingtonen. Azkenean, iragarritakoa baino nabarmen jende gutxiago joan zen, eta ekitaldia hondatzeko euri jasa bota zuen. Aurten urtebetetze biribilagoa dauka presidenteak, eta are biribilagoa herrialdeak aurki. Batetik bestera ia hilabeteko tartea egon arren, Trumpen nartzisismoak bere irudiez bete ditu azken hilotan hiriburuko gune asko.

Trump, Etxe Zurira iristen, egun osoa Sterlingen, Virginian, golf ikastaro batean eman ostean. Matt KAMINSKY / Zuma Press / EUROPA PRESS

WASHINGTON BEREGANATU

Trumpen eta bere jarraitzaileen lelo esanguratsuenetakoa drain the swamp da, «zingira drainatzea» (lehorraraztea), alegia. Egia da Washington Potomac ibaiaren eremu zingiratsu batean eraiki zela; uda umel eta beroak izaten ditu hiriak. Baina irudi hori bera AEBko politikaren irudi txarrenarekin lotzeko erabili izan da: ura geldi dagoen leku kirastua irudikatu dute, hots, Kongresuko politikariak eta lobbyak herritarren interesei bizkarra emanda bizi diren lekua. Hala, hori guztia erauztera datorren lider gisa agertu izan du bere burua Trumpek, eta bere jarraitzaileek gustura errepikatu dute zingira drainatzearen leloa. Ez da kasualitatea errepublikanoek babes txikiena duten lekua izatea: botoen %6 baino ez zituen lortu Trumpek presidentetzarako hauteskundeetan. Gentrifikazioa egiazkoa izan arren, washingtondar komunitate handiena afro-amerikarrak dira egun ere.

Trumpek obsesio itzela dauka hiriarekin. Gobernukoen eta babesleen talde handi bat aldatu da Washigtonera bizitzera iaztik hona, eta presidentearen megalomaniak Etxe Zuriaren hegal bat txikitu du, bere dantzaleku bat eraikitzeko aitzakian. National Mall-eko urmael esanguratsuenetakoa ere Lincoln Memorialaren parekoa, lehorrarazi eta urdinez margotu du, eta garaipenaren arku moduko bat ere ezarri nahi du. Dena, presidentearen beraren omenez. Erdiguneko bulego federaletan ibiliz, Trumpen irudi erraldoiak ikus daitezke bulego federaletan, caudillismo merkeenaren pare.

80. urtebetetze egunerako bere buruari eman dion oparia, Etxe Zuriaren hegoaldeko zelaian UFCko ring erraldoia, behin betiko hortxe utz lezakeela ere iradoki du Trumpek. Hori aski ez, eta Eiffel dorrearekin konparatu du egitura.

«Jendeak ez daki Parisen, Frantzian, Eiffel dorrea 1889an eraiki zela. Munduko Erakusketaren ondoren eraistekoa zen, baina gustatu egin zitzaien eta azkenean ez zuten inoiz kendu».

Etxe Zuriaren parean «jende askorentzat nahiko erakargarria den zerbait» eraikitzen ari zirela gogora ekarrita, «agian ez dugu inoiz kenduko», esan zuen.

Ring oktogonalean zazpi borrokaldi izango dira bihar, Trumpen urtebetetze egunean, nahiz eta ofizialki herrialdearen 250. urteurreneko ekitaldietan txertatu duen. 27 metroko altzairuzko arkuek dozenaka kamera dituzte atxikita eta Estatu Batuetako banderaren gainjarritako ereduak dituzte. 4.500 lagun esertzeko lekua dauka, eta beste 100.000 inguru nahi ditu Trumpek inguruan pantaila erraldoien bidez jarraitzen.

Egia da ez duela inor harritzen dagoeneko Trumpek edozein ekitalditarako zabarkeria hautatzeak. Populismoz mozorrotuta egiten du, baina kontua ez da soilik balizko elegantzia falta; gustu txarra eta une ezin okerragoa hautatzea baino. “The Atlantic”-eko Conor Friedersdorf kazetaria ez da inondik inora ezkertiarra: «Nik ere gustuko dut poker partida bat etxeko sotoan larunbat gauez, baina ez igandeko mezetan».

Etxe Zuria estatubatuar guztien bilgunea da, azken batean, eta, hortaz, ez dago zertan goi mailako elitearentzat egin, «herriko bandak zein biolontxelo-jotzaile klasikoak parte har dezake. Baina aldea dago dibertimendu herrikoiaren eta Trumpek egin asmo duenaren artean. Askori desatsegin zaie eta, beraz, ez da egokia guztiok batzeko urteurren baterako». Alde batean, inork ez du espero Trumpengandik gutxieneko gustua duen ekitaldirik; ezin ahaztu, berak saltzen duen arrakastaren gakoa kasinoen eta miss lehiaketen entretenimendu-ereduan dagoela. Baina gaurko ekitaldia, herrialdeko eraikin esanguratsuenean egingo dena, beste zerbait da: «Koliseoan borrokan ari den erromatar enperadore batek bezala, Trumpek kaiola-borroka bat antolatzeak masak kitzikatzeaz harago doan helburua du. Taktika politiko bat da, Trumpek indarkeria erabiltzen du -edo indarkeriaren irudiak- tipo indartsutzat har dezaten».

Ekainaren 14a AEBko banderaren eguna da, Donald Trump jaio zen eguna izateaz gain. Bi elementu horiek herrialdearen urteurrenaren efemeridearekin batuta, Etxe Zuriaren inguruko txikizioan beste ikuskizun-proiektu bat bultzatzea ekarri dute. Indarra eta indar erakustaldia da Trumpen balizko kolpeen aurkako erantzuna; «artasunetik» saldu du beti bere irudia, hots, «maskulinitatetik».

UFC borrokaren asmoetako bat ere bada, azken batean, ekitaldi mota horren balizko jarraitzaileak, gizon gazteak, Trumpengana itzultzea. Nabarmen eskuinera egin du gizarteko sektore horrek, bestelako gatazka kulturalak eta arazo sozialak agerian utziz.

Baina Trumpek eta errepublikanoek badakite gaur egun gehien urrundu zaien sektoreetako bat ere badela: 29 urtetik beherako gizonen artean lautik batek baino ez du ontzat ematen Trumpen lan-errendimendua, AEBko batez besteko orokorretik ere nabarmen beherago. Harvard Kennedy School-eko Politika Institutuak gazteei buruz eginiko azken inkestaren arabera, horien %15ek bakarrik uste dute herrialdea norabide onean doala. UFCko buru izandako Trumpi horrek ohartarazi zion ohiko sektore kontserbadoreetatik haratago joan beharra zeukala eta Fox katean etengabe agertzeaz gain beste esparru teknologiko batzuetan ere egon beharra zuela, establishmentaren aurkako podcast eta esatari “konspiranoikoen” elkarrizketetan, kasu. Horien bidez, Gen-Z gazteak MAGA txano gorriekin ikusten hasi ziren. Orain, segmentu hori urruntzen ari zaiela diote datuek, etsita sentitzen direla presidentearekin eta haren administrazioarekin. Baina hirutik batek baino gehiagok arte martzial mistoak maite dituzte, eta UFCko ikusleen %90 gizonezkoak dira.

Donald Trumpek Etxe Zuriko dantza-aretoko obrak ikusteko bisita gidatua eskaini zien komunikabideei. Andrew LEYDEN / EUROPA PRESS

ARAZOAK EZKUTATZEN

Trumpen hizkera hiperbolikoak, azken batean, mugimendu ultraerraldoi baten buruzagi izanda ere, bakardade handi bat ezkutatzen du. Are gehiago: 80. urtebetetzea herrialdearen 250. urteurrenarekin lotzeak kaltea azken horri ere ekarri dio. Artistek parte-hartzeari uko egin diote, eta auzitegiek beste kolpe bat eman diote: sektore guztietan bere izena inposatzeko ahaleginen ostean, epaileek Kennedy Center kulturgune eta antzoki modernoan Trumpek egindako aldaketa gaitzetsi eta atzera bota dute: «Donald Trump eta John Fitzgerald Kennedy Center» izena bertan behera uzteko agindu dute.

Era berean, ez dituzte onartu Washingtoneko kulturgunearen zuzendaritza berrituak (Trump bera buru, noski) agindu nahi izan duen bi urteko itxiera. Konponketa-lanen aitzakian gunea ixteko asmo horren atzean gutxieneko agenda osatzeko daukaten ezintasuna dago, artista gehienek ez baitute deus jakin nahi «Trump» hitza daraman ezein erakunderekin.

Trumpen buruan itxura ederra zeukan: 250 urteko askatasun eta demokrazia ospatzeko kontzertu ikusgarria, Estatu Batuek eman duten musikari onenetako batzuen bidez.

Tira, baliteke on-onenak ere ez izatea, baina Milli Vanilli aipatu zuten (egiaz, taldeko bi gizonetako bat zen), eta Poison-eko Bret Michaels eta gisako artista batzuk.

Orain, Freedom 250 ospakizunaren zati izango zen ekitaldi hori bertan behera geratu da, parte hartzekoak ziren 1990eko hamarkadako artistek atzera egin ostean. Baietz esan zutenean ez omen zieten jakinarazi halako kutsu politikoa hartuko zuela. «Bestela esanda, ekitaldia Trumpi buruzkoa zela konturatu zirenean, gehienek ez zuten ezer jakin nahi izan», esan du Aaron Rupar kazetariak.

Azkenean, bere plana behera zetorrela ikusita ohiko amorrualdiak harrapatuta, bere sare sozialera jo zuen, ekitaldia bertan behera uzten zuela esateko. Haren ordez, nobedade itzela balitz bezala, Donald Trumpen mitina iragarri zuen ohi bezain epiko eta arranditsu. «Make America Great Again» («Egin AEB handi berriz ere», MAGA mugimenduaren leloa) ekitaldi erraldoia egin beharko genuke 250. urteurrenean, inork entzun nahi ez dituen abeslari garestien ordez, beti musika aspergarria egiten eta, halere, etengabe kexatzen. Utzi hori bertan behera!».

Duela urte eta erdi kargua hartu zuenean, une historikoaz harago historiak berak leku nabarmena daukan legealdia izango zela iragarri zuen. Herrialdearen 250. urteurrena Etxe Zuritik ikusi eta ospatuko duen presidentea da Trump. Munduko ekitaldi jendetsuenetakoak herrialdean daudela ospatzeko aukera izango du: munduko futbol txapelketa abiatzear da Estatu Batuetan, eta bi urte barru Olinpiar Jokoak Kalifornian izango dira, Los Angelesen, hain zuzen ere. Momentuari ahal bezain probetxu handiena aterako lioke edozein presidentek, dotore eta txukun. Trumpek bere argazkia parke nazionaletako sarreretaraino eraman du eta 250 dolarreko billete bat ere jaulki dute presidentearen irudiarekin, urteurrenaren efemeridea gogoraraztearekin bat.

Datorren uztailaren 4raino doan bidean indar erakustaldia izan nahiko luke, baina ontzia hondora doakiola ezkutatzeko asmoa baino ez da, enperadorea biluzik dagoela esatera ausartzen ez diren jarraitzaileen erdian.