Erreakzioak

Sufragisten biloba eta alaba izatetik datorkio konformismoarekiko jarrera iraultzailea. Azken berrogei urteetan Eskozian bizi den amerikar etorkina dela esaten du beti C-k. Irakeko gerraren aurka egindako protestengatik lista beltzean sartu zutenetik, Ameriketako Estatu Batuetara sartzeko kontrolak igarotzea inoiz ez zaiola erraza kontatu dio gure ondoan eserita zegoen amerikar familiari. «Amerikara inoiz ez zinateke itzuliko horregatik?», galdetu diote sinesgogortasunez. «Beste leku asko daude hara joan aurretik. Eta, beste zerbait esango dizut: lagun asko ditut haien alabak Ameriketako Estatu Batuetako unibertsitatera bidaltzen dituztenak. Zergatik bidali behar duzu zure alaba gizonezkoen ikuspegi matxistak eta misoginoak normalizatuta dauden gizarte batera?». Familia ezezagun hartako alaba nerabeak sorpresaz begiratu dio, espero ez zuen aipu horren aurrean.
Lan asko egin du C-k genero berdintasunaren alde. Bere enpresan neurri aurrerakoiak sartu zituen beste leku gehienetan lana egiteko modu berriak definitzen hasi aurretik. Duela bi aste mila pertsona gonbidatu zituen ekitaldi entzutetsu batera, %70 emakumeak ginen. «Erresuma Batuko ikus-entzunezkoetan emakume asko daude lidergo postuetan, asko etorkinak dira, eta horiei lagundu egin behar zaie», esan dit hurrena. «Guk ez geneukan galtzeko ezer eta borrokatu egiten genuen. Emakumeak izanda, guk ere lan hori egin genezakeela frogatzea zen helburu nagusia. Bizitzako beste oreka batzuk kolokan jarri genituen. Estatistikak hausteko. Eta gure alabei bidea ireki eta posible zela erakusteko».
30-40 urte dituztenen belaunaldian sortzen ari den «emakume talde» berri batez aritu gara hurrena, Londresko testuinguruan da batez ere aipagarria. Ibilbide profesionaletan zuzendaritza postuak lortu dituzte. Baina desilusio handia gailentzen zaie eta ez dute sinesten aldaketa iraunkor bat emateko oinarriak aldatu direnik. Lortu duten independentzia ekonomikoa gustatzen zaie. Ez dute beharrik sentitzen beste inorekin hori partekatzeko. C-k argi esan zidan: «Ostiral iluntzeetan, V&A museora joaten bazara, profil horretako emakume talde asko ikusiko dituzu. Janzkera dotoreekin. Agerikoa da bizitza maila ezberdina dutela. Antzeko gauza gertatzen da beste hainbat gunetan: kontzertuetan, zinean, antzerkian. Ez dute seme-alabarik izan nahi. Desilusioagatik. ‘Manosferaren’ indarra handiegia da eta atzera egindako urrats gehiegi daude, oinordetza hori beste bati pasatzeko». •

LABeko Idazkaritza Feminista, 30 urteko borroka eraldatzaile baten kronika
Noren adar armatu

«Hausnarketa patxadatsua eta begirada osoa» proposatu dute aisialdiko eragileek

Entrenamendua eta nutrizioa arraunean, garapen etengabea

