
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) aldiriko trenen zerbitzua udazkenean hasiko da pixkanaka berritzen, Renfek konprometitutako lehen 447 unitateak tailerretan sartuko baitira uda honetan prest jartzeko eta udazkenean Bilboko aldiriko gunean zerbitzuan jartzeko.
Susana Garcia Cueca Lakuako Gobernuko Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak eta Alvaro Fernandez Heredia Renfeko presidenteak bilera egin dute ostegun honetan aldiriko trenen zerbitzua martxa aztertzeko. Estatu espainoleko Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioak duela urte eta erdi transferitu zion zerbitzu hori Gasteizko Gobernuari.
Topaketa Ollarganeko mantentze basean izan da, Bilboko aldiriko gunean zerbitzua ematen duen unitate flota berrikusi eta konpontzen den lekuan. Bertan, Renfek aurreratu du trenen flota zaharrena pixkanaka ordezkatzera bideratutako lehen unitateak datozen asteetan hasiko direla tailerretara iristen, prest jartzeko eta ondoren zerbitzuan jartzeko.
Zehazkiago, uda honetatik aurrera 447 serieko 11 unitate iritsiko direla iragarri du Renfeko presidenteak. Prest jarri ondoren, eta denak aurreikusitakoaren arabera aurrera egiten badu, trenbide operadorearen helburua da trenak pixkanaka sartzea zerbitzuan udazken honetatik aurrera.
Unitate berriak Bilboko aldiriko guneko C3 linearako izango dira, Urduñako eta Abandoko geltokien artean. Gaur egun, linea horrek 446 serieko trenak ditu, eta, dituen ezaugarriengatik, desnibela dute trenaren zoruaren eta hainbat mailatako nasaren artean.
447 trenek, aldiz, maila baxuko kotxe bat dute, trenaren eta nasaren arteko irisgarritasuna hobetzeko. Unitate horiek dagoeneko EAEko aldiriko sarean daude, eta gaur egun Donostiako aldiriko gunean zirkulatzen dute.
Funtsezko aurrerapena irisgarritasunean
Susana García Chuecak positibotzat jo du unitateak iristen hastea, «C3 linean irisgarritasunaren arloan funtsezko aurrerapena ahalbidetzen dutelako; argi dugu pertsona guztiek eskura izan behar dutela trena, eta unitate horiek aukera emango digute eskubide hori gauzatzeko».
Horregatik, «Renfek Eusko Jaurlaritzaren lehentasun horren aurrean erakutsitako sentsibilitatea» eskertu du sailburuak, eta balioan jarri du transferentzia egin zenetik azken hilabeteetan trenbide operadorearen eta EAEko administrazio autonomikoaren arteko lankidetza estua. Lan horri esker, herritarrek aspalditik eskatutako bi zerbitzu berri jarri dira abian: Arabako Lautadakoa eta Bizkaiko C5, Karrantza eta Aranguren artean.
Azkenik, Alvaro Fernandez Herediak adierazi du tren unitate berriak «Euskadiko aldiriak hobetzeko eta hiritarrei egokitutako mugikortasun publiko irisgarriago eta fidagarriago batekin Renfek duen konpromisoaren isla»direla.

«Udan nabaritzen da jende gehiago dabilela, baina ez da garai batean bezala»
Waka-waka eta dai-dai

«Sanferminetako gauetan denetarik ikusten dugu... Aipatu nahi ez ditudan kontuak»
Norvegia izan nahi dugu, ez Espainiaren aurkaria
