
Azken urteotan asko hitz egin dugu plataforma digitalez. Janaria eskatzeko plataformez, lan egitekoez, kontsumitzekoez edo antolatzekoez. Baina ia beti logika beraren barruan: zentralizazioa, datuen erauzketa eta mendekotasun teknologikoa. Eredu horren aurrean, bestelako esperientziak sortzen hasi dira; txikiagoak izanik ere, lurraldeari lotuagoak eta izaera komunitario sakona dutenak. Horietako bat da Basajaun.eus.
Sukalde komunitarioen, auzo sareen eta elikadura prozesu kolektiboen esperientziatik sortu da. Helburua erraz azal daiteke, nahiz eta eraikitzea konplexuagoa izan: sukalde komunitarioen eguneroko antolaketa erraztea, haien erritmoak, balioak eta harreman moduak errespetatuz.
Basajaun.eus ez da startup gisa sortu, ezta mugarik gabe hazteko diseinatutako aplikazio gisa ere. Softwareak hazteko aukera ematen badio ere, nahiago dute federazioan, erreplika eta elkartrukean hedatzea. Donostiako Herrera auzoan hasi, Grosera salto egin zuen eta orain Oreretara ere iritsi da.
ESPERIENTZIATIK SORTUTAKO TEKNOLOGIA
Proiektuaren atzean, urte luzez elikadurari, logistikari eta antolaketa kooperatiboari lotutako prozesu komunitarioetan aritu diren pertsonak daude. Horrek sakon baldintzatu du plataformaren diseinua. Ez dute bulego batean “aplikazio perfektu” bat sortzea izan helburua, baizik eta sukalde komunitario batean astero agertzen diren arazo errealak konpontzea:
• Nola jaso eskaerak sukalde taldea zoratu gabe?
• Nola kudeatu bazkide eta zerbitzuaren erabiltzaileak proiektua burokratizatu gabe?
• Nola koordinatu banaketa eta jasotze ordutegiak?
• Nola egokitu menuak alergietara, dietetara edo bestelako beharretara?
• Nola sostengatu ekonomikoki proiektua harremana merkataritza hutsera mugatu gabe?
• Nola zaindu eskaera bakoitzaren atzean dauden pertsonen arteko harremanak?
Plataforma galdera horietatik abiatu da, hain zuzen ere. Sukaldariei, boluntarioei, banatzaileei eta bazkide erabiltzaileei entzunez. Komunitate bakoitzaren benetako beharretara egokituz funtzionalitateak.
SUKALDEA ESPAZIO KOMUNITARIO GISA
Sukalde komunitarioez ari garenean, ez gara soilik janaria prestatzeaz ari. Elkarri laguntzeko sareez, elikadura burujabetzaz, zaintzez eta antolaketa kolektiboaz ari gara.
Kasu askotan, sukalde horiek lan ordainduaren, militantziaren, boluntariotzaren eta auzo parte hartzearen arteko oreka konplexu bati esker sostengatzen dira. Testuinguru horretan, teknologia ezin da zama gehigarri bihurtu, ezta proiektuaren logikatik kanpoko dinamika enpresarialak inposatzeko tresna ere.
Plataformak eskaerak, menuak, jasotzeak edo harpidetzak kudeatzeko aukera ematen du, baina betiere malgutasuna mantenduz. Esaterako, menu mota desberdinak, elikadura egokitzapenak, jasotze guneen araberako antolaketa edo erresistentzia kutxak eta ekarpen solidarioak bezalako mekanismo komunitarioak aurreikusten ditu ordaindu ezin dutenentzat.
Ez dira xehetasun hutsak. Elikaduraren inguruko ikuspegi sozial eta politiko jakin baten isla diren diseinu erabakiak dira.
BALIOAK DITUEN TEKNOLOGIA
Askotan, teknologia zerbait neutrala balitz bezala aurkezten da. Hala ere, software orok lanaren, denboraren eta harremanen antolatzeko modu zehatzak txertatzen ditu.
Basajaun.eus beste ideia batetik abiatzen da: teknologia ere balio komunitarioetatik eraiki daitekeela. Horrek hainbat ondorio ditu:
• Proiektuen autonomia lehenestea.
• Plataforma handiekiko mendekotasunak saihestea.
• Erabiltzaileentzat tresna ulergarri eta hurbilak diseinatzea.
• Prozesu kolektiboak erraztea, haiek ordezkatu gabe.
• Datu bakoitzaren atzean pertsonak eta konfiantzazko harremanak daudela ulertzea.
Plataformaren egiturak berak islatzen du filosofia hori. Ez du kontsumoa maximizatu nahi, ezta dinamika adiktiboak sustatu ere. Lehendik existitzen diren prozesu komunitarioak erraztea du helburu. Eta, gainera, ez du etxean egin ahal duenak kozinatzeko ohitura ordezkatu nahi.
Proiektuaren alderdirik interesgarrienetako bat da ez duela komunitate bizitza erabat automatizatu nahi. Aitzitik, badaki badirela giza harremanen bidez soilik sostenga daitezkeen elementuak. Plataformak zeregin errepikakorrak edo konplexuak errazten ditu -eskaerak, logistika, menuen antolaketa edo tuperren banaketa-, baina erabaki kolektiborako eta eguneroko zaintzarako espazioa uzten du.
Gaur egungo ingurune digital askotan, plataformek giza harremanak prozesu automatizatuengatik ordezkatzen dituzte. Hemen, logika ia kontrakoa da: antolaketa zama murriztea, komunitateak energia gehiago eskaini ahal izan diezaion benetan garrantzitsua denari.
SOFTWARE KOMUNITARIOA PLATAFORMEN GARAIAN
Azpiegitura digitalaren zati handi bat korporazio teknologiko handien esku dagoen garai honetan, Basajaun.eus bezalako proiektuek erakusten dute posible dela tresna kokatuak, kooperatiboak eta lurraldeari lotuak garatzea.
Ez dira irtenbide magikoak, ezta produktu itxiak ere. Erabiltzen dituzten komunitateekin batera etengabe eraldatzen diren prozesu biziak dira.
Eta, agian, horixe da haien baliorik handiena: erakustea teknologia ez dela zertan goitik behera inposatu. Behetik gora ere eraiki daitekeela, pertsonen benetako beharretatik eta lankidetzan oinarritutako antolaketa moduetatik abiatuta.
Batzuetan, eraldaketa hori sukalde partekatu batean hasten da. Komunitate batek bere antolaketa soziala, zaintza praktikak eta elikadura sareak sostengatzeko eraikitako azpiegitura digital komunitario batekin.
Informatika komunitarioa
Inoiz modan egon ez bada ere, bada informatikaren ildo oso interesgarri bat, informatika komunitarioarena. Michael Gurstein ikerlari kanadarrak honela definitu zuen: «Informatika komunitarioa da teknologia komunitatearen prozesuak indartzeko, helburu kolektiboak lortzeko eta tokiko antolaketa soziala ahalduntzeko baliagarria den eredua».
Ez da sare sozialak erabiltzea edo aplikazio bat eskaintzea. Ia kontrakoa da: komunitatea diseinuaren erdigunean jartzea, teknologiaren logika komunitatearen beharretara egokitzea eta harreman sozialak indartzea.
Bere ekarpenik garrantzitsuenetako bat effective use kontzeptua izan zen. Gursteinek kritikatu zuen arrakala digitala sarritan Interneterako sarbide hutsera mugatzen zela, baina berarentzat hori ez zen nahikoa. Benetan erabil dezakete teknologia hori beren komunitatearen helburuak lortzeko?
1) TEKNOLOGIA EZ DA NEUTROA: Informatika ikusteko era honen oinarrizko ideietako bat da softwareak eta azpiegitura digitalek harreman sozialak moldatzen dituztela. Plataforma batek erabakitzen du nork parte har dezakeen, nola antolatzen den lana, zer den ikusgarria, zer den garrantzitsua eta zer geratzen den kanpoan.
2) KOMUNITATEA EZ DA ERABILTZAILE MULTZO BAT: Informatika komunitarioaren ikuspegitik komunitate bat ez da “erabiltzaile” zerrenda bat. Komunitate batek ditu harreman historikoak, konfiantza sareak, gatazkak, zaintza moduak, tokiko praktikak eta memoria kolektiboa. Horregatik diseinu unibertsal eta abstraktuak kritikatzen ditu. Software komunitarioak tokiko erritmoetara egokitu behar du, komunitatearen kultura ulertu eta malgutasuna ahalbidetu.
3) TEKNOLOGIA, KOMUNITATEA INDARTZEKO: Helburua ez da automatizazio hutsa. Parte hartzea erraztearekin batera, antolaketa kolektiboa indartzea, autonomia teknologikoa handitzea eta komunitatearen gaitasun sozialak zabaltzea ere bada. Horregatik informatika komunitarioak beste termino hauekin ere harreman eta lotura estuak ditu: software librea, komun digitalak, plataforma kooperatibismoa eta burujabetza teknologikoa.

Zero

Euskaraz «ez du berdin sonatzen»? Idatzian euskara esanindartzeko gakoak

«Behin errotonda bati buelta eman genion hernaniar bat bonboarekin kabinan eserita»

