Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Emakumeek Euskal Pizkundean egindako ekarpena nabarmendu du UEUk

XX. mendearen lehen erdian politikan zein kulturgintzan erreferente izan ziren. 36ko gerraren eta Bigarren Mundu Gerraren ondorioz, espazio publikoan beren borrokaz eskuratutako lekua galdu zuten. Isilarazi zituzten, baina ez gerarazi, nahiz historiak makina bat emakumeren izena eta izana ezkutatu.

Cira Crespo historialaria eta Amaia Alvarez Uria EHUko irakaslea arduratu dira bakarka lanean ari ziren ikerlariak saretu eta ondorioak bateratzeaz.
Cira Crespo historialaria eta Amaia Alvarez Uria EHUko irakaslea arduratu dira bakarka lanean ari ziren ikerlariak saretu eta ondorioak bateratzeaz. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Karmele Errazti, Miren Etxabe, Helene Elizaga, Perpetua Saragueta, Errose Bustintza, Mayi Ariztia, Helene eta Blanche Feillet ahizpak, Tene Mujika, Ignacia Zabalo (Nor Nai), Sorne Unzueta, Joxepa Antoni Aranberri, Frantziska Astibia eta Amale Arzelus. Hamalau emakume aitzindari, argazkietatik kanpo geratu zirenak.

XX. mende hasieran, Euskal Pizkundean emakumeek izan zuten papera funtsezkoa izan zen, baina askotan haien ekarpena ikusezin bihurtu da historiaren kontaketan eta gugana heldu dena «urria, azalekoa eta gutxietsia» izan da UEUko arduradunen esanetan.

“XX. mendeko euskal plazandreak: etendako loraldia” izenburupean Eibarren egindako jardunaldien helburua izan da garai hartako euskal komunitateko emakume ekintzaileen eta sortzaileen bizitzak eta lanak berreskuratzea, balioestea, baita haiengana ikuspegi desberdinetatik hurbiltzea ere. Idazleak, margolariak, pentsalariak, bertsolariak, kazetariak, irakasleak... Hamalau euskal plazandreri jarri die argia UEUk, baina, nolanahi ere, askoz gehiago dira espazio publikoa bereganatu zutenak euren literatura eta arte sorkuntzak argitara emanez, hausnarketak aldizkarietan idatziz... Guk lau emakume dakartzagu orriotara.

Hamalau ikerlari-hizlari. Emakume aitzindari horien gaineko ikerketak abian zituzten jada pertsona ugarik, eta horien artean baziren ikerlariak, irakasleak eta senitartekoak. Bakoitza bere kasa ari zen. Cira Crespok eta Amaia Alvarez Uriak haiek saretzeko lana egin dute, eta, hala, prozesua eta bakoitzaren bidea aberastu.

Urtebeteko lana abiapuntua besterik ez da. Etorkizunean aurrera egiteko bokazioa du. «Artxiboak arakatzen, bilatzen, topatzen, elkarrizketatzen aritu gara. Elkartu garenean elkar entzun eta konturatu gara bakoitzari gertatu zaizkionak beste batzuei ere gertatu zaizkiela», adierazi du Amaia Alvarez Uriak. Iturri historikoak baliozkotzen, narratiba ofizialak zalantzan jartzen eta historia berridazten ari dira. Batez ere, emakumearen inguruan nagusitu den irudia aztertu dute: «Emakumeak askoz konplexuagoak eta interesgarriagoak ziren». Hala, EHUko irakasleak zenbait galdera utzi ditu airean: «Euskaldun fededun topikoa betetzen zuten? Gizonen esanetara bizi izan ziren ala ekilibristak edo negoziatzaile onak izan ziren? Banakako lana da ala belaunaldi baten aurrean gaude?»; bere hitzetan, «euskaldunak eta fededunak izan ziren. Gutako zenbat joaten zen mezetara igandero haurra zenean?». Bestalde, hau gaineratu du: «Idazleez esan izan da salbuespenak zirela garai hartan. Ez da horrela».

Pizkundea, euskal kultura Europarako estandarretara eraman nahi zuen mugimendua, puri-purian zegoen. Politikaren alorrera hedatu zen. «Nazio moderno gisa garatu nahia» nabarmendu du Crespok. «Hegemonia politikoaren eta paisaia politikoaren aldaketa etorri zen, Espainian Errepublika zegoen eta ezin ahaztu Europako abangoardiak. Euskal Herria ez zen leku isolatua. Dena iristen zen hona eta horrek guztiak eragina izan zuen», jarraitu du historialariak. Baita sufragisten mugimendua ere. «Subjektu politiko bezala aldarrikatuko du emakumea eta ez dago atzerabiderik».

Etena etorri zen arte. 1936ko gerrarekin eta 1939ko Bigarren Mundu Gerrarekin «egindako guztia aldatu edo birformulatu egin zen. Oso agertoki interesgarria zuten irekita, itxaropenez betea, eta 1936. urtean modu bortitzean itxi zen. Nahiz lehen lerrotik atera, ez ziren hil, plazatik kanpo gauzak egiten jarraitu zuten», gogoratu du Crespok. Rol tradizionalekin eta EAJren doktrinarekin bat eginez kasu askotan, baina andre eta gizonen parekidetasun ezan arrakalak eragin zituzten. Kulturgintzan aritu ziren asko eta modu konprometituan bizi zuten politika. Ezin ahaztu 1922. urtean sortutako Emakume Abertzale Batzako (EAB) kide izateagatik jasandako errepresioa.

 

Karmele Errazti Saratxo (1885-1953)

Emakume Abertzale Batzako aurreneko lehendakaria

Maitane AZURMENDI

Karmele Errazti Saratxo 1885ean jaio zen Bilbon. Etxean jaso zuen EAJrekiko lotura, eta bide berari lotu eta Emakume Abertzale Batzako lehenengo lehendakaria izan zen. Erraztik parte hartze handia izan zuen XX. mende hasierako Bilboko mugimendu euskaltzale, abertzale eta euskaltzalean, Keperin Jemein senarrarekin batera. «Lapurdin egin zituzten urte batzuk eta 1945eko urte bukaeran Pauera joan ziren bizitzera osasun arazoengatik. Bertan hil zen Karmele», gogoratu du Enara San Juan filologo eta irakasleak. Aitzindaria izan zen Errazti. «Hala errekonozitua izan da. Haren merituetako bat da prentsa abertzalean idazten ausartu zen lehen emakumeetakoa izan zela. Mendebaldean antzinatetik ohikoa izan da ahotsa plaza publikoan altxatu dutenak desakreditatzea eta euskaldunok, zoritxarrez, ez gara horretan salbuespena izan. XX. mende hasieran, emakumeek prentsan idaztearen aurkako presio handia zegoen. Tene Mujikak edo Miren Etxabek beraien lanetan erakusten dute nola saiatzen ziren gizonak emakumeak lotsarazten eta beldurtzen. Hala ere, eurek eta Karmele Erraztik idazten jarraitu zuten, nahiz ez ditugun euren testuak behar bezala ezagutzen», azaldu du.

Hainbat ikerketa lan daude aurretik eginda. Mercedes Ugaldek 1993an argitaratuko tesia, «mugarria gerra aurretik prentsa abertzalean idatzi zuten emakumeak ezagutzeko», eta 2022an Jakinek EABri lotutako bederatzi emakumeren gaineko bilketa eta digitalizazioa, tartean. Horietatik abiatuta 1907. eta 1953. urteen artean idatzitako 54 testu zerrendatu ditu San Juanek. Bere izenez ala ezizenez aurkeztu zituen egileak. “Etxakin” bezala hasierako urteetan, 1950etik aurrera “Emakume Batek” ezizenez. Euskaraz sortu zituen testu gehienak, 45, eta gaztelaniaz gainontzeko zortziak. Gerra aurretik zein ostean garaiko argitalpenetan publikatu zituen bere lanak. Senarrari eta Jose Antonio Agirre lehendakariari bidalitako gutunak eta garaian emandako hiru hitzaldi ere aztertu ditu.

Erraztiren jeltzaletasuna eztabaidaezina da San Juanen iritziz. «Kirikiñoren eskoletan ikasi zuen euskaraz, baina, oro har, bere irakaslea, hizki larriz, Sabino Arana izan zen. Haren doktrina zabaldu zuen». Nabarmentzekoa da beste emakumeek egindako lana balioesten egin zuen ahalegina. «Emakumeengan pentsatzen idatzi zituen testuak. Kezka handia erakutsi zuen emakumeak bere bizitzaren arduradun izan zitezen eta emakumeek egindako lanak balioesten. Ugaldek bere tesian dio tradizioaren eta erlijioaren izenean onartu egin zutela emakumeek gizartean bigarren mailako zeregina izatea, jeltzaletasunaren diskurtso tradizionala eta emakumearen rol tradizionala gainbaloratzearen ordainetan. Kontuan izan behar dugu kristautasuna eta jeltzaletasuna kode etiko modukoa zirela; harrotasunez defendatu zituzten rol tradizionalak».

Enara San Juan filologo eta irakaslea. Oskar MATXIN EDESA | FOKU

Ezin diegu emakume haiei gaurko betaurrekoekin begiratu. Jendartearen eta maiz, etxeko eta alderdiko -EAJko, kasu askotan- gizonen jarreraren aurka tinko aritu ziren. «Gizonekin negoziatu behar izan zuten plazara atera ahal izatea», Cresporen hitzetan.

Urteak aurrera joan ahala garapena eta bilakaera ikusten du historialariak Erraztiren pentsamendu eta sentimenduetan, ikertutako beste emakumeengan gertatu bezala. «Gerra aurrean gizonek baimendutako espaziotik aritu zen eta gero parte hartze handiagoa eskatu zuen. Gerraostean emakumeak presentzia galtzeari buruz mezu kritikoak zabaldu zituen eta botere harremanak zalantzan jarri. Bere azken urteetako idatzietan emakume ahaldunduagoa ikusten da. Aldaketak daude bere buruaz eta rolaz daukan pertzepzioan. ‘Etxakin’ sinatzetik ‘Emakume Batek’ sinatzera pasatzea adierazgarria da». Tradizioari traizioa. Enara San Juanek bere egin du Lorea Agirrek bere garaian Miren Egañari buruz esandakoa: «Ahizpatasun espazioa sortzeko, ahalduntzeko eta emantzipatzeko pausoak eman zituzten».

 

Miren Etxabe Aldai (1903-1993)

Emakumeak jendartean bizi zuen bazterketaren aurka, irmo

Maitane AZURMENDI

Galder Unzalu irakaslea da Bigarren Hezkuntzan. Familia kontuengatik ekin zion Miren Etxabe Aldairen (Zarautz, 1903-1993) -«izeba Miren, aitonaren arreba»- bizipenak ikertzeari, jakin-minak bultzatuta. Beretzat ere deskubrimendua izan da. [Joan Mari] Torrealdairen “Euskal idazleak gaur” liburuan eta Mercedes Ugalderen liburuan agertzen zen. «Ahizpa batek hizlaria eta itzultzailea izan zela zioen. Hori zen genekien apurra», aitortu du.

Ondoren, Zarautzen egindako hainbat lani esker -Amagoia Gurrutxagak eta Xabier Etxabek [ez da familiakoa]- detaile gehiago jakiten joan zen, ikerketan sakontzea erabaki zuen arte. Haurra zela ezagutu zuen Miren izeba Unzaluk herriko Xaleseneko-en Kale Nagusiko etxean. Umore onekoa, itsasoan ibiltzea gustuko zuena, eta fisikoki indartsua -«patata zakuak hartuta ibiltzen zen»- gogoratzen du. Etxetik bertatik hasi behar izan zuen bere lekua defendatzen Miren gazteak. «Aita integrista katolikoa zen eta ez zuen nahi alaba letretan sartzea; familiako beste kideek utzi zioten».

1924. urteko lehen Euskal Jaien sustatzailea izan zen Zarautzen Mauricio Flores Kaperotxipi margolariarekin batera. Taldeko emakume bakarra zen. Antzerki munduan egin zituen bere lehenengo lanak. 1929an idatzi zuen lehena: “La Virgen de las Angustias” gaztelerazko antzerki obra itzuli zuen “Itziarko ama” izenburuarekin, eta, behin saritua izan ostean, Azpeitian estreinatu zen. «Egun hartan antzokia dena beteta zegoen. Aldiz, Zarautzen 1929an eman zutenean, inor ez zen joan. Gero, 1931n, Batzokiaren inaugurazioan, han bai, han bildu zen jendea», kontatu du Unzaluk.

Naste Borraste antzerki taldeko kide ere izan zen. Tarteka zuzendari aritu zen. Zarauzko Emakume Abertzale Batzaren sorreran parte hartu zuen -arduraduna izan zen- eta herriko Batzokia sortu zuen. Orduan ere taldeko emakume bakarra izan zen. “El Día” aldizkari abertzalean kolaboratu zuen 1930etik aurrera, “Lau Uxo” ezizenarekin. Euskaltzaleak taldearen ekitaldietan ere hitzaldiak ematen hasi zen.

1930ean, Zarautzen egin zen lehenengo Andereño Idazle Batzarrean -berak bultzatu zuen- irekiera hitzaldia eman zuen, Ander Arzelus Luzear idazlearekin eta Policarpo Barrena Gipuzko Buru Batzarreko lehendakariarekin batera. «Hamaika idazle ikus daitezke argazkian, ez ziren asko azaldu. Miren beti erdian ageri da argazkietan», esan du irribarrez.

Arantzazu Barrenarekin batera bikote artistiko-politikoa osatu zuen. «Arantzazuk deklamatu egiten zuen, eta Mirenek mitin politikoa bota».

Galder Unzalu irakaslea eta Miren Etxaberen iloba txikia da. Oskar MATXIN | FOKU

Gerra garaian gudarientzat sukaldari aritu zen Donostiako Miramar Jauregian. Kantabrian eta Asturiasen erizain eta sukaldari lanak egin ondoren, Ipar Euskal Herrira jo zuen. Eusko Jaurlaritzako kideen sukaldaria izan zen. Eta Eresoinkarekin kantari (kontraltoa) ibili zen. Gerra amaitzean Zarautza itzuli eta familiaren dendaren ardura hartu zuten Miren, Juanita eta Karmen ahizpek. «Umetatik ohituta zegoen dendan, batez ere uda garaian, tertulian aritzera izan aristokratekin, militarrekin edo udatiarrekin», Unzaluren esanetan.

Ikastolaren lehen pausoetan ere laguntza eman zuen. «Katolizismo heterodoxo» bezala definitzen du Unzaluk Etxaberena: «‘Nahiko meza entzun ditut nire bizitzan, ez dut gehiago behar’, esaten zuen behin adinduta».

Garaiko beste emakumeen gisa, EAJ alderdiaren barrutik gogor kritikatu zuen emakumeak bizi zuen bazterketa. «Zortzi ordu bakarrik jardun eta guztia egin dutela uste», bota zien behin gizonezkoei. “Zorionaren iturria gizonak non du?” hitzaldian, berriz, honako hau: «Guk etxeak egiten jakin beharko dugu,/ zenbait gizonek baino hobeto egingo genuke/ eta berak egitea dauzke emakume lanak/, orduan ikusiko gera». Emakumeen espazio propioa -Emakume Etxea- aldarrikatu zuen 1931n “Bordatxo bat” testuan.

Euskarak bizi zuen egoerari ere erreparatu zion, nola ez, Miren Etxabek. «Zergatik uste dezute horrenbeste lan egiten dutela batzuek gure oitura eta izkuntzaren aurka? Ongi bai-dakite: oiturak galduezkero, erria ere galdua litzake» (“Emakume euskaldunak euskerari dagioten maite-agurra” lanetik hartua).

 

Helene Elizaga (1896-1981)

Ipar eta Hego Euskal Herriko artegintzan zubi lanak egin zituen

Maitane AZURMENDI

Helene Marie Lucie Elissague artegintzan nabarmendu zen. Bigorran jaioa 1896an, 1981ean zendu zen Donibane Lohizunen.

Ingalaterran ekin zion margotzeari bere kasara. Handik bueltan, Parisen egin zituen urte batzuk. Maurice Denisekin ikasi zuen, baita Henry du Sorbiers de la Tourasse erretratugilearekin ere, eta, hain zuzen, azken horrekin ezkondu zen. Berarekin Euskal Herrira itzuli eta Urruñan bizi izan ziren -bertan ehortzi zuten, berak hala eskatuta-. Gerora Donibane Lohizunera joan ziren eta han margolanen errestauraziorako atelierra zabaldu zuten, ikusita artelan propioak saltzea ez zela hain erraza.

Atelier haren inguruan ibili ziren garaiko euskal margolariak, Ramiro Arrue bilbotarra eta Gaspar Montes Iturrioz irundarra tartean. «Txangoak egitera joaten ziren elkarrekin», esan du Ane Lekuona EHUko irakasleak. Zubi lana egin zuen Elizagak. «Zubi artistikoa Ipar Euskal Herriaren eta Hego Euskal Herriaren artean». Hala azpimarratu du Lekuonak.

1932an, Arruek animatuta, Euskal Artisten Elkarteko kide egin zen Elizaga. «Bartzelonan eta Madrilen egin zituzten erakustaldiak eta bertan egon zen Elizaga», gogoratu du Lekuonak. «Justu garai hartan bere abizena euskaldundu zuen. Handik aurrera ‘Elizaga’ idatzi zuen. Estrategia bezala ikusten dut, publiko berriarengana errazago iristeko».

«1954an, Flores Kaperotxipik liburu bat idatzi zuen erbestean zela eta bertan sartu zuen Elizaga. Bazegoen bestelako narrazio bat ez duguna jaso», ohartarazi du Lekuonak. Hala ere, gerraostean bere lanak ez zuen oihartzun handirik izan Hego Euskal Herrian. «Bera ere horren kontziente zen. ‘Nik dakidala, 1972an egiten den erakusketa batean salbu, ez da nire lana beste inon ezagutu’, adierazi zuen bere azken elkarrizketan». Hil baino urtebete lehenago Idoia Estornesi eta Edorta Kortadiri emandakoa da, “Muga” aldizkarirako.

Ane Lekuona EHUko irakaslea. Oskar MATXIN EDESA | FOKU

Bere margogintzaren estiloari dagokionez ere, hanka bat euskal tradizioan izan zuen, bestea modernitatean.

Paisaiak -nekazaritza eta arrantza girokoak- eta erretratuak landu zituen. Bere obran baserritarrak, arrantzaleak eta pilotariak islatuko ditu. Aldi berean, emakumeak protagonista diren margo ugari ditu. «Lanari lotutako eszenak dira. Figura sendoak dira, duintasuna islatzen dute», dio Lekuonak.

Inpresionismorako joera agertu zuen, tarteka kubismora hurbilduz. «Paris maila artistikoan oso aberatsa zen. Bertan zeuden abangoardiak. Sinbolismoa, primitibismoa... pil-pilen zeuden. Helenek hori jasoko du, eta antzemango da bere lanean. Ramiro Arruek Hegoaldean egiten duen euskal iruditeria, garai hartan tipikoa bihurtzen ari zena, uztartzen du abangoardiako joerekin», azaldu du EHUko irakasleak .

«Herrialde primitibo, xume, baina aldi berean aberatsa, kutsatu gabea, moralki egokia, kristaua... kutsu hori dauka iruditerian. Hizkuntza plastikoari dagokionez hainbat estiloren uztarketa da Elizagaren margogintza. «Badago kubismoaren eragina, espazioa zatikatu egiten du. Sinbolismoa ere ikus dezakegu, ez da guztiz errealista. Era berean, figuratiboa ere bada, erakusten du errealitatea kopiatzeko nahia. Eta hizkuntza plastiko nahiko berritzailea erabiltzen du; oreka horretan dago.

Klase burgesa zen artea erosten zuena. Etxeko egongelan eszena kostunbristak nahi zituzten. «Europa osoan zehar gertatzen den fenomenoa da, ez bakarrik gurean. Garaiko joera orokorra da. Industrializazioa hasi eta bizitza ‘eskapista’ zen. Erosleak hirian zeuden eta proiektatzen zuten irudia natura harmoniatsuarena eta lan erromantizatuarena zen».

 

Perpetua Saragueta (1905-1986)

Eskolan lau urte nahikoak izan zituen hedabideetan berriemailea eta idazlea izateko, betiere euskaraz

Maitane AZURMENDI

Mirespenez hitz egiten du Perpetua Saraguetaz (Mezkiritz, 1905 - Iruñea, 1986) Ana Moralesek. “Xerezaderen Artxiboa” bere podcastean hiru kapitulu eskaini zizkion. Ez du ikerketarik egin, bere idatziek erakutsi diote «harrigarria eta guztiz aparta» dela. «Ama nekazaria eta aita ikazkina zituen eta bera izan zen hamahiru seme-alabetan zaharrena. Eskolara hiru edo gehienez lau urtez bakarrik joan zen, maisu-maistren falta zegoelako bere herrian. Tarte horretan ikasteko eta euskara lantzeko grina izugarria eskuratu zituen, baita irakurzaletasun handia ere».

Meritu ukaezina du. Hain hezkuntza urriarekin «nola modu autodidaktan heldu zen halako maila erakustera idazketan. Zelako gogoeta mamitsuak eta helduak idatzi zituen…», adierazi du Moralesek. Gutxi ziren orduan idaztera ausartzen ziren emakumeak eta are gutxiago euskararen aldeko apustua egiten zutenak. Aitak istripua izan eta, hamar urte zituenerako, etxeko lanetan, ikatza egiten, baratzean, egurra biltzen eta abeltzaintzan aritzen zen. Gainera, josten eta brodatzen ikasi zuen. 21 urterekin amona hil zen eta berak obituario moduko bat idatzi zuen eta “El Pensamiento Navarro” egunkarira bidali zuen argitara zezaten. Idatzia irakurtzea nahikoa izan zuten bertan kolaborazioa eskaintzeko. Berriemaile hasi zen. Ondoren eskaintzak jaso zituen Iruñeko “La Voz de Navarra”-tik, Donostiako “Argia”-tik eta, gero, Baionako “Euskalduna”-tik. «Berriemaile hasi zen Mezkiritzeko eta Arizkuneko albisteez idazten, mugaz alde bietakoak ziren lau hedabideentzat. 24 urterekin Arizkunera joan zen izeko alargun bati tabernan laguntzera. Kanporako josten ere aritzen zen. Han ezagutu zuen senarra izango zena, Trinidad Urtasun, okina eta bertsolaria. Eta ezkondu zen Iruritara. Sei alaba izan zituzten. Ogia partitzeko gidabaimena atera zuen. 1935ean bera izan zen Nafarroan gidabaimena atera zuen bigarren emakumea».

Ana Morales itzultzailea. Oskar MATXIN EDESA | FOKU

36ko gerran, bai gizona bai Perpetua bera jazarri zituzten. «Falangistek jipoia eman zioten senarrari eta lanerako ezgai utzi zuten. Biak ere oso markatuak zeuden euskaltzaleak izateagatik, nahiz eta, nik dakidala, ez ziren inongo alderditako kide. Iruñera joan ziren. Han Perpetuak gau eta egun josten jardun zuen, familia aurrera ateratzeko. Gerra eta jazarpena tarteko utzi zion idazteari», jarraitu du.

Bi aro daude bere idazte lanean. Lehenengo aroa 24 eta 31 urte bitartekoa; eta bigarren aroa 71 urte zituela hasi zuen. «Bi koaderno handi idatzi zituen 1976. eta 1986. urteen artean, bata autobiografia, ‘Nere oroimenak’, eta bestea, ‘Indar handiko emakumeak’. Miresten zituen 47 andre xeheren katalogoa da. Lehen aroan eremu publikorako idatzi zuen ‘Txorrondo’ (bere auzoa) izena erabiliz. Bigarren aroan eremu pribaturako idatzi zuen, baina bere izenarekin», azaldu du.

Euskaltzaindiak eta Nafarroako Gobernuak argitaratu zituzten, 2011n, liburu berean, Andres Iñigo euskaltzain nafarrak egindako edizioan, “Perpetua Saragueta: eskuidatziak eta hiztegia” izenburupean.

Saraguetak bere testuetan islatzen duen kontzientzia feminista azpimarragarria iruditzen zaio. «Genero diskriminazioaren salaketa argia egiten du. Iritzia ematen du gai politiko-sozial askoren gainean eta jarrera aurrerakoia dauka. Berdintasunaren aldarrikapena egiten du hezkuntzari, lanari eta etxeko lanen banaketari dagokionez. Benetan iruditzen zait zorra daukagula berarekin feminismoa inporta zaigun guztiok», esan du.

Arranke eta ausardia handiko emakumea zen Saragueta. «Neba batek esan zion Mezkirizko lurretan kobrea aurkitu zutela uste zutela, meatzea egon zitekeela eta erregistratzen ez bazuten, ez zutela ustiatu ahal izango. Premiatu egin zuen arreba zerbait egitera, baina lagundu ez. Perpetuak hartu zuen hori bere gain eta Donostiara, Bilbora, Madrilera eta Palentziara joan zen tramite konplikatu horiek guztiak egitera, eta azkenean lortu zuen diru pixka bat biltzea hortik, nahiz eta gizonen matxismoarekin topo egin zuen zeregin horretan».