Luali LEBSER

Guerguerat, inorena ez eta denek nahi duten lurra

Guerguerat Marokok okupatutako Mendebaldeko Sahararen eta Mauritaniaren artean dago. Han piztu zen Fronte Polisarioren eta Rabaten arteko 2020ko gerra. Toki hau Kanarietara doazen legez kanpoko etorkinen pasabidea da egun, baita lurreko lekurik minatuenetakoa ere.

Marokoarren muga postua Guergueraten.
Marokoarren muga postua Guergueraten. (Euskal Fondoa)

Marokoar banderaren ondoren azeleratzen dute autoek. Garrantzitsuena da trapu xarifiarrak markatzen duen mugarritik Mauritaniako mugarainoko espazioa lehenbailehen pasatzea. Guerguerat inorena ez den lurraldea da, edo sahararrena legez, baina Marokok beretzat erreklamatzen du. Nazio Batuek “zaindu” (horrela deitzerik badago behintzat) eta giza trafikatzaileek erabiltzen dute, haiek baitira errepidea mugatzeko ezarritako milaka pertsonen aurkako minen artean dauden bideak erabiltzen dituzten bakarrak. Une batean, izar xarifiarra agertzen den lekuan azeleratu aurretik, auto hondakinak daude, hondarretan behar baino gehiago sartu eta mina bat aktibatu zutenenak. Aldi berean, leherketa arriskuaren seinale eta administrazioen utzikeriaren erakusgarri dira. Diotenez, Marokoko gotorleku militarraren kamerez gain, inork jaso ez dituen Saharaz hegoaldeko pertsonen gorpuak daude. Eguzkitan usteltzen dira idilikoa izan beharko lukeen eta orbain mingarria bihurtu den leku honetan. Munduan pertsonen aurkako minen dentsitate handiena duen lekua da Guerguerat, La Güerako penintsulan dago, Sahara probintzia espainiarra izandakoan.

Hemen hasi zen Fronte Polisarioren eta Rabaten arteko 2020ko gatazka armatua. Gazte sahararrek hainbat astez iraun zuten merkantzia kamioiak blokeatzen, eta Mohamed VI.aren Armada bortizkeriaz sartu zen «lege eza» nagusi zen lekuan. Legea beste inorentzat ez eta berari komeni zaionerako bakarrik nahi du Marokok, eta Nazio Batuek onartu egin zuten bortizkeria, egoera haren aurrean isilik geratuta. Hemen Minursok (NBEren Sahararako bake misioak) dena NBEko Segurtasun Kontseiluak ezarritako protokoloen barruan dagoela ziurtatzea du eginkizun. Okertuz gero, hain zuzen, hori egiaztatzen dute: okertu egin dela. Bakearen zaindariak baino, notarioak dira.

IRTEERA ZIGILUA OPEL ZAHARRARENTZAT

Mauritaniako militarrak ziria sartu nahi izan dit. Nire autoak sarrerako zigilurik ez zuelako aitzakiarekin. Paper asko bete beharko ditudala esan dit hemendik ateratzeko. Ondo asko daki eman diodala. Atzerriko matrikuladun auto hautseztatu batzuk seinalatu dizkit, hesiaren alde batean okertu eta herdoiltzen ari direnak. «Ez duzu denbora askorik. Hesia ordu gutxi barru itxiko da Marokon, eta pixka bat geroago gurea itxiko da. Ez duzu Guergueraten erdian lo egin nahiko. Ez dira ez zure autoa ez gorputza agertuko».

Opari bat eskatu dit. Dohaintza txiki bat eta Opel zaharrarentzako irteera zigilu bat jarriko dit pasaportean. Onartu dut. Kotxera joan naiz cadeaux-a hartzera (“oparia” frantsesez eta militar mauritaniarrek gehien erabiltzen duten hitza, salam aleikum baino gehiago). Kotxeko motorra piztu, abiatu eta ihes egiten dut. Berandu nator eta Marokoko hesia itxita dago. Gaua Guergueraten igarotzea tokatu zait; hesiaren beste aldetik bere garitatik asko ez urruntzea gomendatzen didaten militar marokoarren barreak entzuten ditut. Matrikularen argazkia atera dute. Nire anaiari abisatzera hurbildu naiz hormara, Marokoko telefono konpainiaren baten estaldura bila. Esan diot oso gomendagarria ez den leku batean lo egingo dudala nire borondatearen kontra. Eguzkia azkar ezkutatu da Guergueraten. Azkar ezkutatzen da beti geratzea komeni ez den lekuetan.

Marokoarren gotorlekuaz eta minen presentziaz abisatzeko kartela Guergueraten. Euskal Fondoa

MENDEBALDEKO LOTSEN ZELATARI

«Leku ederra zen, freskoa eta bizia», esan zidan Hassana Abdelazzizek duela urte batzuk saharar errefuxiatuen kanpalekuetan. Gaur egun agurea den Hassanak nostalgiaz gogoratzen du bere haurtzaroa, eta hiru argazki ditu. Denetan atzean itsasoa agertzen da; argazkia zuri-beltzean izan arren, haren urdina igartzen da. La Güerako bere etxetik indarrez kanporatu zuten 1975ean, espainiarrek hiria utzi zutenean. Ez zitzaien axola izan bere aitak espainiar administrazioarentzako lan egiten zuela jakiteak. Mauritaniak inbaditu zuen La Güera eta Hassanaren aita handik kilometro gutxira hil zuten mauritaniarrek 1978an.

Herria edateko urez hornitzeko puntua zen eta arrantza industria txiki baina aurreratua zuen. Hain zuzen, hortik dator La Güera izena: La agüera, “urez hornitzen duena” gazteleraz. Gaur egun, munduan pertsonen aurkako mina gehien kontzentratuak dituen lekua da. Mauritaniako militarrek kontrolatzen dute; bertan foka fraideen kolonia bat dago, eta beren bizimodua uzteari uko egiten dioten arrantzale imraguen (bertako jatorrizko amazig etnia bat) batzuk dabiltza inguruan. Urrutitik, ia mauritaniarren muga postutik, 1965ean eraikitako eta 1975ean abandonatutako Sortzez Garbiaren Elizaren dorrea ikusten da. Espainiako Estatuaren historia osoan ez dago hain gutxi iraun duen tenplurik. «Eliza, nahiz eta bertakoak musulmanak izan, herriaren bizitzan gune garrantzitsua zen. Hango hormetan espainiar kolonoekin pilotan jolasten ginen. Baina, egun batean, Juan Carlos erregeak aginduta espainiar militarrek dena eraman zuten, gu izan ezik. Mauritaniarren eskuetan utzi gintuzten, eta haiek penintsulako zati hura kolonizatu zuten». Nouakchotteko militarrek ez zuten askorik iraun han. Defendatzeko hain zaila zen leku hura, ezen Polisarioren segada etengabeen ondorioz Mauritaniar Armadak 78an utzi baitzuen. Rabatek berehala kolonizatu zuen. Polisarioren gerrillaren aurka galdu ostean Mauritaniak ere ingurutik alde egin zuen, eremuko beste lurraldeetan (Dakhla hiria barne) gertatu bezala. Marokoarrek ere ez zuten asko iraun La Güeran. Gaur egun ez du inork joan nahi, nik izan ezik, koronel mauritaniar bat sobornatzen saiatu bainaiz sartzen eta ikusten uzteko. Niretzat Itakak La Güera du izena. Hassanak ez du itsasoa berriro ikusi.

Autoaren barrutik, errepidearen alde batean aparkatuta eta marokoarren muga postutik 200 metro eskasera jendea pasatzen ikusi dut. Itzalak bezala, hondarretan sartu dira mendebalderantz, nekez hautemateko moduko bidexketan barrena. Gidari bat buruan doa pauso bizkorrez. Bi atzean geratu dira eta eztabaidan dabiltza. Nire autora hurbiltzen ari dira. Beldurrak nire gorputza inbaditu du dagoeneko, bi gizonak leihatilara hurbildu eta ura ea ba ote dudan keinuka eskatu didatenean. Leihoa erdizka ireki eta botila bat ur eskaini diet, belakiak balira bezala xurgatu dutena. Denbora daramate edan gabe. Konfiantza apur bat dut, nahiz eta esan didaten inguruko tokirik txarrena dela konfiantza izateko.

«Espainiara goaz», esan dit Timbuktuko Seydou maliarrak, Bandiagarako failan sortua baina lan arrazoiak medio nazioaren iparraldera emigratua. «Han gerra dago eta ezin da bizi. Marokoar bati ordaindu diogu hemendik gertu dagoen leku batera eraman gaitzan, itsasontzi bat hartu eta Kanarietara eraman gaitzaten».

Bere izena esan ez didan besteak esan dit ea ikusi ditudan. Auto barrutik adierazi diet non ikusi ditudan. Beste botila bat eman diet autotik irten gabe eta soilik leihatila erdi irekiz. Alde egin baino lehen zenbat mina dauden ohartarazi diet «zapalduta ikusten duzuen lekuan zapaldu soilik». «Merci patron» eta ilunpean sartu dira harean sigi-saga dabiltzan espektroak balira bezala. Bistatik galdu ditut.

Nazio Batuen autoa Guergueratetik Marokora bidean. Euskal Fondoa

17.555 LAGUN-200 MILIOI-2.500 KM

Egunsentia, azkar irtetea hobe den lekuetan, ilunabarra bera baino motelagoa da. Ekialdetik lehen argiari iristea kostatzen zaio, eta marokoarren hesiaren irekiera asko luzatzen ari da. Ez da inoiz izan hainbeste sumindu nauen gauzarik. Logikoa denez, Marokora sartzeko ilaran lehena naiz, eta paperak azkar egin ditut. Jendarmeak eta militarrak barreka ari dira, eta selfieak ere atera dituzte nirekin.

Zer gertatuko zitzaien Seydouri eta haren lagunari? Ez da eztandarik entzun, ez zuten, hortaz, minarik zapalduko. Kanaria uharteetara iritsiko al dira edo itsaso zabalean desagertutako jendearen estatistika lodituko dute? Hondoratuko dira? Zer egiten dute Nazio Batuek arazo honen aurrean? Eta Marokok? Ezinezkoa da ez ikustea. Ezinezkoa ez ikusiarena egitea. 2025. urtean bakarrik, Mauritaniak legez kanpoko 17.555 etorkin zenbatu zituen (zenbaketa nola egin ote zuen ez dakigun arren); 2024. urtean aurkeztutako datuekin alderatuz ia %50 gutxiago zirela adierazi zuen. Herrialdeak 200 milioi euro baino gehiago jaso zituen urte horretan bertan enpresa inbertsioetan, Kanaria uharteetako migrazio presioa murrizteko. Baina nire begien aurrean eta marokoarren kameren aurrean jendea ari da pasatzen.

Autoa martxan jarri eta 2.500 kilometro ditut aurretik. Horietatik 1.500 espainiar kolonia izandakotik. Bide horretan kontrol asko pasatu ditut. Horietako batean, Bojadorren, ea Guergueraten ondo egiten den lo galdetu didate. Dena dakite nitaz. Hegoaldetik iparraldera, polizia guztiek badakite gaua non igaro dudan -lo ez baitut egin-. Ahalik eta gutxien hartuko dut ostatu Majzenak (Marokoko itzalpeko botere ezkutua) hormetan belarriak dituen hoteletan. Aaiunetik Tarfayara bidean berriro gauzek izenik ez duten leku horietako batetik igaroko naiz, erabiltzen ez zenari ez zitzaiolako izenik jarri behar. Hain zuzen, Espainiako kolonian eta Marokoren inbasioan desagertutakoen gorpuak dauden tokitik igaroko naiz. Gdeim Izik-etik hurbil ere pasatuko naiz Aaiunen, Chomskyren arabera udaberri arabiarrak hasi ziren lekutik. Herrialde osoa zeharkatuko dut eta bizi izandakoaz eta entzundakoaz idatziko dut.

Eta, orduan, kite-surfa egiten duen turista izatetik ofizialki ezer gertatzen ez den herrialdea zeharkatu zuen kazetaria izatera pasatuko naiz, inork ez baitu han gertatzen dena kontatzerik nahi. Berriz pasatuko naiz inbaditutako herrialdetik, non kazetari independente izateak arriskua esan nahi duen. Aurrez zapalduak ditudan errepideetatik etxera bidean pasatuko naiz. Pasatuko naiz eta ezingo naiz inoiz itzuli.