Tuperrak, lagunak, toallak eta itsasoa
Astelehen iluntzea da. Tuper handi batean gorde dituzte afaritarako prestatu dituzten barazkiak. Jertse bana hartu dute lepoan, toalla bana ere bai, eta afaria motxilan hartuta abiatu dira, autoz, hondartzara. Gaugiro ederra sumatzen da leihoetatik sartzen den haize finean. Irratia ari da baxu-baxu hizketan; inork ez du entzuten. Lehenengoan aparkatu dute; horrela bai. Hondartzako edozein tokitan jarri dituzte toallak. Arropak haien gainean utzi, eta uretara egin dute oinez. Uraren freskoak hartu die pixkanaka gorputza.
Halako batean, burua urperatu du batek; geroxeago, lagunak. Mugimendu bitxiak egin dituzte uretan hara-hona, nork bere koreografia dauka. Bare dago ura, bare zeharkatu ditu gorputz biak. Tantaka-tantaka atera dira uretatik. Hankak luzatuta eseri dira eta berriketa batean igaro dute afalordua. Ederki egoten da. Atsegina zaie itsasotik datorren zera; haizea eta usaina eta patxada. Ze gutxi behar dugun. Astelehen iluntzea ez balitz, hantxe geldituko lirateke luze.
Oin bustiek sandalia bustien gainean hotsa ateratzen dute kotxera bidean. Gustura egin dute buelta, leihoak beheratuta eta besoak horietatik zintzilik. Iritsi direnean, elkarri muxu gazi bana eman diote, eta bakoitza bere logelara sartu da. Ze ondo lo egingo dugun.
Astelehena zen eta ez zuen ezer berezirik astelehenak. Batzuetan, espero gabeko momentu berezixeagoak bizitzeko, ingurura begiratzea besterik ez da behar izaten. Begira jarriz gero, askotan, hor egoten dira tuperrak, lagunak, toallak eta itsasoa. •



