«Umeak gustatzen zaizkion edonork egiteko moduko lana da, baina pazientzia behar da»
Asko dira, geroz eta gehiago, ikasturtea bukatutakoan udalekuetan ibiltzen diren umeak, dela gurasoek lanean jarraitu behar dutelako eta ezin dituztelako artatu, dela etxean aspertu egiten direlako. Haur horientzako jolasak, txangoak eta denetariko jarduerak antolatzen dituzte begiraleek; horietako bat da Naia Basterra zornotzarra.
Nola hasi zinen lan honetan?
Txikitan beti egon izan naiz udalekuetan eta hor ikusten nituen begiraleak; lau aste baino ez dituztela ematen lanean ikusten nuen, udan bakarrik eta norberaren herrian. Eta batxilergora heltzean aukera eman zidaten monitoretza ikastaroa egin eta titulua ateratzeko.
Gainera, etxean ere animatu ninduten, amak ere egin zuelako lan hau eta polita delako. Orduan, titulua atera nuen, praktikak egin nituen eta gero hasi nintzen udalekuetan lanean. Berez, nire ikasketekin ez du zerikusirik, baina gustura ari naiz.
Aurtengoa laugarren urtea da. Praktikak amaitu eta jarraian hasi nintzen lanean. Normalean, udan baino ez dut lan hau egiten.
Niretzat, lan hau behin-behinekoa da. Udan lan egiten dut urtean zehar dirua izateko. Baina nire ikasketekin lotutako lana bilatzea da asmoa.
Zer da lan honetatik gehien gustatzen zaizuna?
Umeekin lan egitea. Horrez gain, lan honek aukera ematen du lana eta aisialdia bateratzeko. Izan ere, lana, lana da, baina, umeekin ondo pasatzen baduzu, disfrutatzen da eta konpentsatzen du.
Udan lan egitea aukeratzen dut libreen nagoen momentua delako. Sasoi honetan ez dut ikasi behar eta ez daukat beste ardurarik, orduan egin dezaket. Gainera, hilabete hauetan entretenituta egoteko modu bat ere bada.
Lagun gehienak oporretan egongo dira. Ez al dizute inbidiarik ematen?
Bai, apur bat bai, ez gara orain gezurretan hasiko. Eguraldi ona egiten duenean edo planak egiten dituztenean gu ezin izaten gara joan edo berandu heltzen gara. Azkenean, hori da duen alde txarra. Hala ere, saiatzen gara arratsaldeetan planak egiten.
Hori da honek daukan alderik txarrena, lagunak oporretan daudela eta libre daudela eta zu ez. Gainera, daukagun ordutegiarekin formal ibili behar dugu, ezin dugu aurreko egunean parrandarik bota, gero hemen eman behar dugulako goiz osoa umeekin eta gogorra egiten da bestela.
Zer-nolako baldintzak dituzue udal udalekuetako begiraleek?
Kontratatu enpresa batek egiten gaitu, baina udaletxeak dituen lan poltsetatik. Enpresa arduratzen da langileak hautatzeaz, hortik aurrera udaletxeak kudeatzen du. Gustura ari gara lanean, koordinatzaileok zein begiraleok elkar ezagutzen dugu eta harreman ona daukagu, baita enpresarekin ere. Egia esan, ondo ordaindutako lana da.

Izaten duzue aukera denbora libreaz gozatzeko?
Hasieran kostatzen da, baina asteek aurrera egin ahala ikasten duzu daukazun denbora librea ondo antolatzen. Daukan alde ona da arratsaldeak libre dauzkagula, orduan aprobetxatu dezakezu hondartzara joateko, adibidez.
Jaiak datozenean gehiago kostatzen da, herriko jaiak izanda ere guk lanera joan behar izaten dugulako. Aurreko egunean parranda eginez gero, hurrengo egunean 08.00etan edo 09.00etan nekatuta agertuko zara lanera, baina, bueno, hori azken astea baino ez da izaten eta aguantatzen dugu.
Zer prestakuntza mota behar izaten da zuen lana egiteko?
Monitoretza ikastaroa bi bloke dira, bata teorikoa eta bestea praktikoa. Hor ikasten dugu zein jolas egin ditzakegun umeekin, nola eraman haiekin harremana... Azterketa gainditutakoan praktikak egiten ditugu eta hor bai ikusten duzu eta ikasten duzu benetan nolakoa den lan hau eta zer den egin behar duzuna.
Hala ere, umeak gustatzen zaizkion edonork egiteko moduko lana da. Ez da irakasle lana bezalakoa, guk haiekin jolastu eta haiekin egotea da egiten duguna, esker oneko zeregina da. Baina, ezinbestekoa da pazientzia izatea. Kontziente izan behar duzu ez duzula oporretan egongo bazina egingo zenukeen guztia egingo, hori bai.
Gurasoekin beste kontu bat da. Askok ulertzen dute ez garela denera heltzen eta gero badaude beste batzuk ez digutenak lana batere errazten, ez dutelako txangoetarako arropa egokia ekartzen edo horrelako kontuak.
Umeekin harreman berezia sortzen al da?
Bai. Zornotzakoak bertakoak dira gehienak eta begiraleok ere bai, beraz, urtean zehar ere elkar ikusten dugu kaletik, eta, gehien-gehienak urtero etortzen direnez udalekuetara, harreman hori mantendu egiten da. Asko gerturatzen zaizkigu kaletik ikusten gaituztenean, eta hori polita da.



