Josune Perez
Psikologoa

Barne munduaren ezagutza euskararen bitartez Euskal Herriko hegoaldean

Eskulanek emozioak kanporatu eta norbera berreraikitzen dute.
Eskulanek emozioak kanporatu eta norbera berreraikitzen dute. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Jokoak giza abilezia, emozioen kudeaketa, mugimendua eta ikaskuntza gaitasunak garatzen eta indartzen ditu. Norbanakoei bai barne bai kanpo munduarekin erlazionatzeko tresna ezinbestekoak irakatsiz.

Euskararen irakaskuntza, ikaskuntza eta bideragarritasuna are zailagoa da Euskal Herriko hegoaldean, euskara hizkuntza gutxietsia den lurraldean.

Zona horretako biztanleek euren egunerokotasunean euskara erabiltzeko oztopo ugari dituztenez, hezkuntza esparrutik kanpo eta gizarte-mailan lan egin dezaten, emoziteka saioak proposatzen dira.

Emoziteka saioek emozioen kudeaketa dute helburu, euskara eta jokoak lan tresnatzat erabiliz. Jokoak tresna pedagogiko ezinbestekoak dira, bai hizkuntza bai norbanakoaren barne-mundua ikuspegi positiboago batetik ulertzeko aukera eskainiz eta bereganatutako ezagutzak denbora gehiagoz mantenduz.

Rol-jokoek, haurrei eta nerabeei euren barne-mundua beste ikuspuntu batetik ikusteko aukera ematen diete, taldean erlazionatuz, entzute aktiboa landuz, eta enpatiaren eta parekotasunaren balioa sustatuz.

Emozioak eta gatazkak ezagutu, ulertu eta kudeatu ahal izateko, ekintzok autoestimua eta konfiantza bideratzen dituzte giro positiboak sortuz, estresa eta antsietatea arinduz, eta, ondorioz, komunikazio eta ikaskuntza kolaboratzailea bideratuz.

Joko sinbolikoak hizkuntza bereganatzeko garaian izugarrizko garrantzia du. Pertsonek, ingurunearekin elkar eragitean, hitz berriak ikasi eta agertoki berriak eraikitzen dituzte euren ezagutzak areagotuz eta era naturalagoan barneratuz.

Jokoek, jakin-mina estimulatu, giroa lasaitu eta ikaskuntza berriek sortutako presioak ekiditen dituzte. Era berean, akatsek garrantzia galtzen dute, saiakuntza gehiago egitera gonbidatuz, bai eta, hizkuntzari dagokionez, egitura desberdinak erabili eta ikastera.

Ipuin kontaketak barne mundua birmoldatzen du. Kontakizuna ingurukoekin partekatzean, gertaera berdin baten aurrean ikuspuntu eta bizipen desberdinak daudela ikasten da, eta horrek bizitzarekiko ikuspegia aberasten eta zabaltzen du, besteak entzunez, ulertuz eta onartuz.

Eskulanek emozioak kanporatzen dituzte eta norbanakoa berreraikitzen dute. Sarritan, ezinezkoa da guztiz hautsita dagoenari hitzen bidez gauzak ulertaraztea. Aldiz, haserrea kanporatzeko kafea egiteko erabiltzen diren kazotxo batzuk egurrezko mailu batez kolpatzeko eskatzen badiogu, indarrez kolpatuko ditu, leun utzi arte.

Behin kazotxoa leunduta, arazoak taldean, ikuspegi ezberdin batetik ikusi, aztertu eta konpon daitezkeela jakitera eman (piezatxoa erditik tolestuz). Azkenik, partekatzeak ongizatea dakarrela azaldu (kazotxoaren barrena zabalduz).

Azalpena eta gero, deuseztatutako kazotxotik lore-hosto polit bat eratu dela ikusten badu, errazago barneratuko du arazoak besteekin partekatzeak onurak dakartzala.

Eskulana (lore oso bat) etxera eramango duenez, ikusten duen bakoitzean ikasitakoa birbiziko du.

Sormena, jakin-mina, baikortasuna eta aurrera egiteko gogoak gizakion tresna baliagarrienetarikoak dira.