Kuraia maitasunari!
«Es la historia de un amor» Gudadalupe Pinedaren bertsio zirraragarria aurikularretatik burmuinera goxo sartzen ari zaidala sentitzen dut nota bakoitzak ene sabeleko beroa hauspotzen duela tximiniako sugarrari egur zatia botatzean nola eta txinparta goriak jario etengabean lehertzen zaizkit sumendi-ahotik kanpora.
Maitasuna maitasuna da, eta maitasun guztiak ezberdinak dira. Espazioa eta denbora eman behar zaio, izango bada. Arnasa eman behar zaio, biziko bada, alegia, bikotekide bakoitzak bere aldetik bizitzen ere jakin behar du bere eremuko lagun eta ezagunekin, eta familiarekin. Gainontzean, arriskua dago harremana itotzeko edo mendeko bihurtzeko. Maitasun harremanak sarritan ez dauka guztia eskura, muga artean bizirauten du denborak eta espazioak bere egiteko borrokan, izango diren esperantzan.
Zilegi bada bikote harremana amaitzea eta beste berri bat hastea, zilegi izango al da hautsitako harremana amaitzea! Bikotea mendekotasun egoera larrian duenarentzat zilegi ote da maitasun harreman berria eraikitzea nahiz zaintzak mugak sortu, nahiz denbora eta espazio estuetan moldatu behar izan. Nik argi daukat, maitasun puruak ez du ezinezkorik, ez dago hormarik maitemina geratuko duenik, muga artean bizi beharko badu ere, orain estu, gero estuago. Iparra da galdu behar ez dena, daukazunari heldu eta ez daukazunarekin ez frustratu, nahiz, bai ahalegindu lortzen. Daukazunak betetzen zaituen da erabaki beharrekoa, hala bada joango baita handitzen, osatzen.
Ze gizarte litzateke hau bikotearen maitasuna bien eskuetan soilik ez balego.
Maite ditugun ingurukoak entzungo ditugu eta zainduko, baina gainontzeko horiek, harremanaren xehetasunen tutik jakin gabe txutxu-mutxuka dabilen oro, guri bost!
Maitasunagatik adorea eta ekin brankara! Kuraia! •




