Blokeo eleganteak: artilearen pisua eta beste kezkamin batzuk

Terapeuta bera baino hobeto dauden pazienteak joaten dira kontsultara.
Bai, noski.
Batzuek nik baino hobeto dakite indarrak neurtzen, arriskuak neurtzen eta euren beharrei kasu egiten. Bizitzako eremuaren arabera.
Atsedena ez da sari bat, nerbio-sistemaren behar bat baizik.
Oinarrizkoa.
Lokartu aurretik nire kezkaminak asetzen saiatzen jarraitzen dut.
-Ardiak igeri egiteko gai al dira?
-Hiriko zuhaitzak inguratzen dituzten txorkoen artean, zeintzuk dira hobeak: lauak ala koska bat dutenak?
Jakin-mina asetzea ere beharrezkoa dugu. Motibazioz eta energiaz betetzen gaitu. Bizitzan sinesten jarraitzeko erregaia da.
Jakin-minak, ordea, gizakiei begira jartzen nau sarriago.
Azken asteetan, hiriko ikastetxe entzutetsu bateko parking-ean, gizaseme eta giza-alaba apartekoak ezagutu ditut.
Parking-Tetrisean, haur txikien guraso-otsoak.
-Harrapazak!
-Harrapazank!
Guraso-gidari putreak.
Zein balio transmititu nahi dituzte etxean gero?
Nolakoa bihurtu nahi duzun jakin eta hartu bide horixe.
Nire barruko Haurrak parte-hartze garrantzitsua du terapian. Emozioekin konektatzeko, jakin-minez entzuteko, senari lekua egiteko eta zerbait esaten ez denean sooo! egiteko.
Eta nire Haurra ez badago kontsultara joateko moduan, ni ez noa. Ez dago saiorik.
Helduekin egiten dut lan, baina askotan haien barruko Haurrak gidatzen du bizitzako eremu hori.
Txiki sentitzen dira.
Askok, negarrik ez egiteko, mingarriegia zelako, matxinatzen ikasi zuten haurtzaroan. Egoera kontrolatzeko eta zaurgarritasunari tapa bat jartzeko.
Beste batzuek txikitan euren buruari zin egin zioten ez zirela inorentzako karga izango eta ez zutela laguntzarik eskatuko. Ez zutela berriro jasango indarkeria, gehiegikeria edo utzikeria. Eta bizitzako lorpenak % 100 beraienak izango zirela. Erabaki hori orduan beharrezkoa izan zen, seguruenik.
Baina txikitan babestu gintuen erabaki batek helduaroan blokeatu gaitzake.
Autosufizientzia aspirazionala da. Balio bat. Baina ez da oso errealista izaten, eta blokeo eleganteetan sartzen gaitu. Aspaldiko zin horrekiko zorra kitatu eta aurrera egin!
Pertsona asko ezagutu ditut arrazoi zehatz batengatik dibortziatzeko prest. Sinesgaitza dirudi, baina guztiz erreala da.
Etxeko objektuak lekuz aldatzen joaten dira. Sukaldeko mahaitik gela bateko bazter batera heltzen dira, nola iritsi diren jakin gabe: betaurrekoak, koilaratxo bat, kamiseta bat, zapatila alargun bat...
Erotzeko moduko misterio horretan bizi baino, nahiago dute gauzak utzi zituzten leku berean topatzeak ematen duen segurtasuna. Bakardadeak emango die etxe barruan izan ez duten aurreikusgarritasuna.
Eta ulertzen ditut. Ezin gara begirale moduan bizi. Alertan etengabe.
Baina ezin dugu ardura guztia sorosleen esku utzi.
Hondartzan eta igerilekuan nola doa? Ea ba:
1. Lehenengo, norberak bere burua zaindu.
2. Bigarren, lagun, ezagun eta senideek behatu.
3. Hori nahikoa ez bada, soroslea beharko dugu.
Babes-kapak, bata bestearen gainean.
Autosufizientzia osoa ez da erreala.
Baina beste batek beti salbatuko gaituela pentsatzea ere ez.
Zenbat ikasten den pazienteekin!
Nire kuttunetako batek argi utzi didan bezala, batzuetan oinarrira jo behar dugu.
Konfiantzazko soinekoa jantzi.
Konfiantzazko sujetadorea eraman.
Deserosotasunak eta arriskuak ekidin.
Punto.
Fan naiz! Fun. Fan. Fin. Loviu :-)
...Eta bai, ardiek badute igeri egiteko sena, baina
...artileak urarekin pisu handia hartzen badu, arriskutsua bihur daiteke.
Babesten gaituenak, gehiegi kargatzen denean, gure kontra egin dezake.
Txorkoek edo zuhaitzen alkorkeek ere badute mamia.
Egun, lauak egiten dira batik bat mugikortasuna eta garbiketa errazteko.
Koska bat dutenek, berriz, ura hobeto gordetzen dute eta lurra ez da hainbeste trinkotzen.
Baina ez dago behar guztiak batera eta modu berean zaintzen dituen irtenbiderik.
Bizitzako eremuaren arabera.
Zalantza dagoenean: oinarrira jo. •



