Gorka Etxebarria Dueñas
Historialaria

Iparraldea eta «el norte»

Hondarribian hartutako irudi bat.
Hondarribian hartutako irudi bat. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Eugenia de Montijoren udako etxebizitza Biarritzen eraiki zuten, egun Hôtel du Palais dena. Lapurdiko kostaldea modan jarri zen Europako aristokraziaren artean. Bertara hurbildu ziren Biscmarck edo Victoria erregina. Antzera gertatu zen Donostiarekin, errege-familiaren bizileku udatiarra bihurtu baitzen. Giro turistiko hark eraginda indartu zen euskaldunaren irudi primitibista ere: baserritar zintzo, on eta indartsuarena. Inperioen garaian, euskalduna kolonizatu zintzo bezala marrazten zuena.

Frankismo bete-betean, Pernando Amezketarraren istorioak argitaratu ziren euskaraz, besteren artean. Administrazioko goi kargu batek ohitura zuen oporrak euskal kostaldean igarotzeko eta horri buruz galdetu zioten. Ez zion ikusten arazorik euskaraz halako baserritarren gorabeherak argitaratzeari. «Hori bai -zehaztu zuen-, On Kixote euskaraz argitaratzea bizitza bihurritzea litzateke». Euskara bai, zuen gauzetarako, ez unibertsaltasunerako. Gauza bera errepikatzen digute orduko epaileen ondorengo zuzen direnek. Euskara bai, baina zuk eta zure etxean, ez niri etorri kontu eske. Administrazioan erabili nahi duzula, langileen eskubideen urraketa omen da. Unibertsitaterako sarrera frogetan puntuatzen duela, ez da izango ba!

Esaten da hizkuntza bakoitzak bere mundu ikuskera propioa ere baduela. Sabino Aranak zioen nahiago zuela euskal arraza mantentzea, euskara bera mantentzea baino. Gazteleraz denok arituta ere euskaldunon mundu ikuskera mantenduko zelakoan. Aitonak, jeltzale zurruna, kontrako zerbait ulertu zuen, aldiz. Maketo deitzen gintuen haurroi erdaraz ari ginenean, haserre, euskalduntasuna hizkuntzarekin batera galtzen genuela gogorarazi nahirik.

Aurrekoan Tourreko etaparen bukaera entzuten ari ginen musikari laguna eta biok autoan, NAIZ Irratitik Euskadi Irratira salto eta buelta eginez, tuneletik ateratzean ea zein entzungo hobe. Azkenean, irrati kate publikoa utzi genuen, eta, puntuak jotzean, albistegia hasi zen. Arabatik Gipuzkoara bidean gindoazen, zertxobait larrituta, ea euria egingo ote zigun kontzertuan. Harrituta geratu ginen, EAEri buruzko eguraldia zehaztu ondoren, esan zutenean iparraldean tenperaturek behera egingo zutela. Baina ez zen ari Iparraldeari buruz -Hegoaldeko hiritarron buruetan aski idealizatuta dugun eskualde magiko hori-. Ulertu genuenez, Bizkaiari eta Gipuzkoari buruz ari zen. Euskaldun batek, pentsatu genuen, ez du lehenengoan harrapatuko isurialde atlantikoari orain “iparraldea” deitzen diotela EITBn. Iparra galduta dabiltza, nonbait.

Kexu ageri dira batez ere asturiar eta kantabriarrak, moda iritsi baita, egun batzuk “iparraldean” pasatzearena. Iparraldea larre berdez, olatudun hondartzez eta kale garbiz egindako lurralde freskoa eta isila omen da. Pijoak bata bestearen atzetik agertzen dira, sareetan kontatzera, «aquí, en el norte» lasai-lasai egoten dela. Zalantza dut ea EITBn ere, gure Bizkaia eta Gipuzkoa “el Norte” turistifikatu horren parte bihurtu dituzten. Auzia da ea nahita edo ea inkontzienteki egin duten. Zalantza egiazkoa da. Zeinen urrun geratu den Plan ZEN (Zona Especial Norte) hura, eta “el norte” terrorista arriskutsuz beteriko lurralde grisa zenekoa.