Umoreak ba ote du mugarik?
Denoi egiten zaigu atsegina barre egitea. Denok gehiago edo gutxiago behar dugun zerbait da. Eta ez dut nik esaten, zientifikoki ere demostratua dagoen zerbait da. Elementu fisiko eta emozionalak konbinatzen ditu barre egiteak, hau da, onura duela maila ezberdinetan. “Endorfina” izeneko hormona bat askatzen dugu, “zoriontasunaren hormona” ere deitua.
Hor arte inork ez du zalantzan jartzen gutxi gorabehera ezer, baina umorearen mugetaz hizketan aritzea suertatu zait azkenaldian batekin eta bestearekin. Ba al du umoreak mugarik? Ez? Baldin badu, non dago? Zeintzuk dira marra gorriak? Edozertaz egin daiteke barre?
Hemen sortzen dira dudak eta erantzun ezberdinak. Batetik badago oso argi esaten dizuna: «ez, ezin da guztiaz barre egin». Eta besteren bat: «bai, baina...» Umoregilea eta nire lagun handia den baten erantzuna ere ekarri nahiko nuke hona: «Umorearen muga? Guretzat Auzitegi Nazionala da». Esaldi horrek barrea eragin zidan, noski, baina erantzun ona iruditzen zait. Batez ere beragandik etorrita.
Halere, neurera itzuliz: ni aipatutako talde horietatik bigarren taldekoa naiz, alegia, bai baina, “baina” batzuekin. Edozeri buruz egin daiteke barre, baina kontuan hartuta hainbat faktore; adibidez, nork egiten duen, zein helbururekin, zein posiziotik eta zein gairen inguruan, zilegitasuna duen edo ez...
Gustatu ahal zaizu edo ez, barrea eragin ahal dizu ala ez, baina umoreari mugak jartzea zelai bati hesia jartzea bezalakoa da. •



