Garazi Goia
Idazlea

Ama (1/2)

Arundhati Roy idazlea, ekitaldi batean.
Arundhati Roy idazlea, ekitaldi batean. (David LEVENSON | GETTY IMAGES)

Udako irakurketen artean, Arundhati Roy idazle eta aktibistaren «Mother Mary comes to me» izan dut. Bere ama hil ostean idatzitako kontaketa autobiografikoa da, hainbat sari eta aipamen jasoa mundu osoan zehar. Ama hil zen arte harekin edukitzerik izan ez zuen elkarrizketa onesta dela esan du hainbatetan Arundhatik.

Idazlearen ama, Mary Roy, 2022. urtean hil zenean, ez zuen ohiko dolu-prozesurik bizi izan Arundhatik. Aldiz, idazteko eta sortzeko behar sakon eta premiazko bat sentitu zuen. Bere bihotzak eskatzen zion behar hori, inoiz ez bezala. Alaba gupidatu baten begiradatik egindako kontaketa izan ordez, bere amaren izatean zuen mirespen eta beldurraren arteko oreka nola uztartu duen benetan liluragarria da, kazetari baten moduan maisutasunez egindako ikerketa lana. Bi “potentzia nuklearren” arteko liskar gogor, aldakor eta konplexu gisa deskribatzen du amarekin zuen harremana Arundhatik. Lotura hura “maitasun basati” baten isla bezala adierazi nahi izan du, inoiz esplizituki adierazi ez zion maitasunaz ari da. Krudeltasun emozional sakon batean oinarrituta zegoen batetik eta horren truke intelektualki eman zion esker handi baten nahasketa paradoxikoa da beste batzuetan.

Amaren izaera menderatzaile, aldakor eta askotan jarrera neurriz gainekoaren aurrean bizirik jarraitzeko, 18 urte zituela etxetik ihes egin behar izan zuen Arundhatik; ez zuen alde egin ama gorroto zuelako, distantzian ama maitatzen jarraitu ahal izateko irtenbide bakarra zelako baizik.

«Ikono feminista bat izatea zer den erakutsi zidan. Distantzian ikusi nuen zer egiten ari zen, baina hil ondoren arte ez naiz ohartu nolako arrastoa utzi duen nigan. Nire idazteko moduan eta argudio politikoetan nire amaren ahotsa entzuten dut, nire amaren indarra eta mundua ikusteko modua daude». Arundhatiren amak maiz esaten zien bere seme-alabei zama bat baino ez zirela, inoiz desiratu gabeko zama baino ez. Urteetan sortutako trauma psikologiko hori ere islatzen da liburuan. Zalantzarik gabe esaldi horren sentimenduak utzitako ondorio toxikoa ez da egun batetik bestera ezabatzen.

«Nire ama pistarik gabeko aireportu bat zela esatea metafora egokia izan daiteke. Indar eta energia izugarria zuen, baina berarekin lur hartzea ez zen erraza, beti zegoen arriskuren bat».

Mary hil baino hilabete batzuk lehenago, mezu bat bidali zion alabari, mundu osoan gehien maite zuen pertsona zela esanez. Ezustean jasotako mezua zen. Arundhatik erantzun zion inoiz ezagutu zuen emakumerik berezi eta zoragarriena zela, eta asko maite zuela. Lehenengo aldia zen maite zutela esaten ziotela elkarri. Amaren bizitzaren amaiera zen. Mezu horiek erakusten zituen telefono pantailari argazkia egin, inprimatu eta orri-markatzaile bezala erabiltzen du orain Arundhatik.

Irudikatu ondorengoa: ama eta alabaren arteko harreman eredu tradizionalari uko eginez, berotasun eta babesik gabe eraikitako talka arriskutsu batetik sortzen diren sentimendu eta pertsonen kontaketa bat.

Noiz esan zenion amari maite zenuela? •