Oier Imaz
Filosofoa

Ez gara gure baitakoak

Berriki argitaratu da V-dem institutuak, urtero, demokraziaren egoerari buruz kaleratzen duen txostena. Eskura daukagun demokraziari buruzko datu base global zabalena da: 32 milioi datu puntu, 202 herrialde, 1789tik 2025era. Eta emaitzak ez dira onak. Ez da harrigarria, egia esan. Antzeko ondoriora iristen gara egunotan, aho berotan, lagunartean, ardo pare baten ostean, urteko balantzea egiten dugun bitartean. Baina erakusten du pertzepziotik harago badagoela datuetan oinarrituriko joera bat. Zer edo zer desberdina gertatzen ari dela.

Oro har hartuz gero, datuek erakusten dute demokraziaren atzeraldi globalak 1976ko egoerara garamatzala. Hau da, 1974an Portugalen demokratizazioarekin abiaturiko hirugarren olatua amaitutzat ematen dute eta haren lorpenak «almost erradicated». Adibidez, 2005ean 27 ziren joera demokratikoa adierazten zuten herrialdeak, aldiz, 18 dira 2025ean. Bestetik, 12 ziren joera autokratikoak zituzten herrialdeak 2005ean, kopurua 44ra emendatu den bitartean 2025ean. Argazki orokorra berdina da herritar globalaren, herrialde kopuruaren, lurralde irismenaren edo barne produktu gordinaren arabera begiratuz gero. Baina are nabarmenagoa da azken horri erreparatuz gero, erakutsiz, atzeraldiak bereziki eragiten diela herrialde aberatsei.

Txostenaren ikertzaile nagusiek arreta berezia jartzen diote Ameriketako Estatu Batuetan ematen ari den aldaketari. Metodologikoki, txostenak demokrazia liberalak eta elektoralak bereizten ditu. Gauza bat da hauteskunde prozedurak mantentzea eta beste bat demokrazia liberalaren oinarrizko balioak sustatzea, hau da, kontrol legislatiboa, eskubide zibil eta politikoak edo adierazpen eta antolaketa askatasuna. Bada, AEBn kasuan, nabarmentzen dute ezin dela gehiago demokrazia liberala kontsideratu. Hau da, momentuz (ikusteke mandatu erdiko azaroko bozekin zer gertatzen den), ez da galgarik identifikatzen sistema elektoralaren oinarrietan. Aldiz, galera handia eta azkarra izan da demokrazia liberalaren gainontzeko adierazle guztietan.

Bestela esanda, demokraziaren gainbehera globala ez da azaltzen, nagusiki, hauteskunde prozeduren atzeraldiaren bidez, baizik eta iritzi eta antolaketa askatasunaren higadurarekin, eta, hori gertatzen ari da, paradoxikoa badirudi ere, prozedura elektoralak plantan dituzten Mendebaldeko sistema demokratikoetan.

Ondorioa ederki lerratzen da Barbara Prainsack ikertzaileak argitaratu berri duen “States of Solidarity” (2026) liburuan proposatzen duen tesiarekin. Demokrazia hankamotz da ez bada gai elkartzen gaituena sustatzeko. Batetik, Mendebaldeko demokrazia liberalei erreparatuz bere kezka adierazten du jendartean ikusten duen bestearekiko egiturazko axolagabetasuna dela eta. Axolagabetasun horren oinarrian identifikatzen du indibidualismoa eta ehun komunitarioaren ahultzea. Bestetik, aldarrikatzen du Estatuak gai izan behar duela elkartzen gaituen hori sustatzeko eta bi garabide proposatzen ditu: zaintza eta elkartasuna. Zaintzak zaurgarria jartzen du justiziaren nozioaren erdigunean eta elkartasunak onartzen du ez garela, liberalismoak defendatzen duen moduan, banako arrazional isolatuak, baizik eta besteekin batera bizi diren pertsonak.

Gurera ekarrita, Prainsackek aldarrikatzen duen ortzi-mugak euskal humanismoan aurkitzen du oihartzun argia. «Ez gara gure baitakoak, besteren baitakoak baizik». Ideiak ederki laburbiltzen du egileak iradoki bai, baina zehazten ez duen komunitatearen zentzu humanistaren oinarria. Eta izena ematen dio demokraziaren gainbeherari aurre egiteko gure bideari: gizabidea. Bistan da, atzera begira jartzeak baditu bere arriskuak: gizonbidea. Baina arriskuak ere badu bere sendabidea: estudiatu! Euskaldunok komunitatean batzen gaituena pentsatu eta landu, kritikatu edo baztertzeko bada ere. Azurmendik esan, eta Jon Mentxakatorrek (2023) berriki birgogoratu duen moduan: «Gure eginkizuna hori da, eta nik uste dut hor gaudela: mundu puskatu bat nola berregin eta nola errekuperatu, berriro esklabo bihurtu gabe». •