Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Toki

Turista multzo bat Donostiako kaira inguratzen.
Turista multzo bat Donostiako kaira inguratzen. (Gorka RUBIO | FOKU)

Mapek ez dute gezurrik esaten, baina egia osorik ere ez. Betaurreko graduatuen modukoak dira, beren apeten arabera gerturatzen eta urrutiratzen dizkigute lekuak. Eskolako horman zintzilik geneukan mapamundiak erakutsi zigun munduaren zilborra ginela, Afrika adinakoa zela Europa. Gerora ikasi genuen ezetz, kontinente ñimiño bat dela gurea, eta mundua borobila bada, zentrorik ezin duela izan.

Mundu guztia omen da tokiko, toki guztiak ez dira mundu, ordea. Kutsatuta dauzkagu hitzak; ez dute beti guk esan nahiko genukeenik esaten. Mugatuta daude, kimatuta. Jendea erortzen zaie, herriak, kulturak. Nor esaten dugun “pertsona” diogunean, eta nor ez. Nor diogun “herri” diogunean, eta nor ez. Eta zu ere aritu zara, kantuz edo pankartaz, hitzen kontra borrokan. Ez zarela folklore bakarrik aldarrikatzen, kultura ere bazarela. Ez zarela inoren dialektoa, hizkuntza bat zarela. Ez zarela inoren auzo, herri bat zarela. Eta, hala ere, zu ere hizkuntzaren eta pentsamenduaren uholde uherrak arrastaka zaramatza. Eta zure ahotik, eztarritik eta burutik jausi egin da munduaren zati bat.

Telebistatik ikusi duzu Ceuta, garai batean Siria ikusi zenuen moduan. Palestina lehertua ikusi duzu, kurduen kanpamentu kiskaliak, Saharako oihalezko etxe hautsiak. Kubako iluntasuna. Eta, nahi gabe, halako eszeptizismo eta axolagabetasun bat sartu zaizu gorputzera, minak, ikusiaren ikusiz, halako arintasun bat hartuko balu bezala. Pantailaz beste aldera dagoena beti pantailaren beste aldean balego bezala. Sekula kalean berarekin gurutzatuko ez bazina bezala.

Baina hortxe daude, hortxe dabiltza, zu zabiltzan kale beretan. Etxague, Elkano, Matia eta Colon. Konkistatzaileak eta esklabo-trafikatzaileak gurtzen ditugu. Eta haiek konkistatutako jendearen eta haiek saldutako esklaboen ondorengoak gurutzatzen ditugu haien plakapean. Eta ikusi orduko burua biratzen dugu, pausotxo bat urruntzen. Pobrezia gripea bezain kutsakorra balitz bezala.

Eta, ez dela hala jakin arren, barru-barruko sinesmen errotu batek esaten digu hala izan behar duela. Badagoela “gu” bat “normala”, zibilizatua eta badaudela “haiek” batzuk, ezinbestean pobre jaiotzen direnak, basa direnak, aldra direnak. Gure aurrekoak Kalifornian, Panpan eta batek daki non bizitza aurrera atera nahian ibili ez balira bezala. Gauzak mundua mundu denetik eta mundua mundu delako direla diren bezalakoak. Eta begirada makurtu eta aurrera jarraitzen dugu, gure ziurtasunetan gotortuta.

Mundu guztia tokiko omen da, baina toki guztiak ez dira mundu. Izenak egiten du izana. Migrante izatetik turista izatera dago aldea. Etxejabe izatetik etxegabe izatera. Batzuei terrazak zabaltzen dizkiegu. Besteei ogitartekoak ere debekatzen. Eta halaxe gabiltza, boluntarioek afariak banatzea legez kanpoko eta jendea gosez hiltzea legezko den kale zibilizatu hauetan.