
Joe Rosenthal argazkilari estatubatuarra 1911ko urriaren 9an jaio zen, Washington hirian, eta New Yorken hil zen 2006ko abuztuaren 20an, gaur 20 urte.
Rosenthalek San Frantziskoko egunkari batean hasi zituen bere lanak 1930ean, eta 1932an "San Francisco News" kazetan hasi zen erreportari eta argazkilari gisa. Hainbat hedabide eta albiste-agentziatan egin zuen lan, baina bere ekarpen ospetsuenak Bigarren Mundu Gerran Associated Press agentziarekin eta 35 urtez bere lanak argitaratu zituen "San Francisco Chronicle" egunkariarekin egin zituen.
Edonola ere, Rosenthal betirako historian geratzearen arrazoi nagusia "Iwo Jiman Bandera altxatzen" argazkia da. Bigarren Mundu Gerran, Japoniako Iwo Jima uharteko Suribachi mendiaren tontorrean, sei marine estatubatuarren irudia hartu zuen Estatu Batuetako bandera jartzen.
Argazkia 1945eko otsailaren 23an atera zuen, AEBetako itsas armadako soldaduak Ozeano Bareko uharte txikian lehorreratu eta lau egunera. Argazki horrekin Pulitzer saria irabazi zuen eta 1954an irudia eredu izan zen Arlingtonen kokatuta dagoen Itsas Infanteriari eskainitako brontzezko monumenturako.
Arrazoi desberdinengatik etengabe zer esana ematen duen irudia da. Beti izan dira zurrumurruak esanez argazkia posatu bat izan ote zen, adibidez, baina Rosenthalek beti gezurtatu izan ditu iruzkin horiek. Aldiz, 1999an New Yorkeko Unibertsitateak egindako inkestaren arabera, argazkia XX. mendeko 100 kazetaritza-argazki onenen artean dago.
Rosenthalek argi esan izan du argazkiarekin ez zuela diru askorik irabazi, Associated Press agentziak emandako 4.200 dolarreko bonu bat eta argitalpen batek emandako mila dolarreko sari bat, baina bera konformatzen zela gerratik bizirik atera izanarekin.

