
Yudy Macarena Valdes Muñoz ekintzaile maputxea Hualañén jaio zen 1983ko abenduaren 23an, eta Tranguilen hil zuten, 2016ko abuztuaren 22an, gaur hamar urte. Tranguil ibaian zentral hidroelektriko bat jartzearen aurkako borrokaren buru izan zen, eta bere hilketa borroka horren ondoriotzat hartu izan da.
Macarenak Santiagon eman zuen bizitza gehiena, baina 2014an, maputxe herriaren espiritualtasunarekin bat egin nahian, Tranguil herrira joan zen bizitzera bere bikotekide Ruben Collió eta seme-alabekin, eta bertan Newen komunitate maputxean integratu zen.
Austriako RP Global enpresak eta Txileko SAESA enpresak Tranguil ibaian zentral hidroelektriko bat eraiki zuten, horretarako bertako basoa moztu eta antzinako bi hilerri (eltuwe) urperatuz. Hori dela eta, Ruben Collio maputxeen erakundearen buru jarri zen, enpresaren instalazioa salatzeko eta geldiarazteko. Macarenarekin batera, hainbat manifestazioren buru izan zen, eta Valdivia Via probintzialeko lanak fiskalizatzea eta gobernatzea lortu zuten.
Macarena 2016ko abuztuaren 22ko eguerdian ikusi zuen azken aldiz bizirik bere bikotekideak. Valdesek bere seme gaztearekin (20 hilabete) joan behar zuen Liquiñe herriko sendagilearengana, 14.30erako programatutako autobus batean. Francisco, 11 urte zituen seme zaharrena, lehenago itzuli zen etxera, eta habe bati lotutako soka batetik zintzilik aurkitu zuen ama hilda, haurra bertan zuela.
Collíok kereila kriminala aurkeztu zuen, baina epaitegiko "ikerketak" depresioa zuela ondorioztatu eta kasua itxitzat eman zuen, bere buruaz beste egin zuela argudiatuz. Hala ere, bere familiak eta Newen de Tranguil komunitateak hasieratik jarri zuten zalantzan hipotesi hori, batez ere aurretik zentral hidroelektrikoaren eraikuntzaren aurkako manifestazioetan parte hartzeagatik jaso zituzten heriotza mehatxuengatik. Familiaren etengabeko lanari esker, bigarren autopsia bat egitea lortu zen eta ondorengo ikerketek nahikoa argi utzi zuten Macarena hilda zegoela zintzilikatu zutenerako.
Gaur egun, Macarena Valdes Txileko borroka soziokultural feministaren estandartetzat hartzen da, Berta Caceres eta Marielle Franco bezalako beste lider batzuekin alderatzeraino.
Jaietako gorputzen politikak

«Lehen dena ziren enpresa ttikiak eta horien inguruan segitu dugu, bertako produktuekin»

Maratoian bi ordutik jaistea lortu dute, baina lasterketa ez da hor amaitzen
Meteorito batek harrapa gaitzala
