Itsututa

Badu EITBk ederrak diren ondareak izorratzeko abilezia apartekoa. Maite dudan abesti kuttun bat har dezake eta ehun egunetan matraka etengabean sukalde-trapu likistua bezala estutu eta estutu taldeko hedabide guztietan biraka entzule-ikuslea gogaitu arte.

Denak ez du balio ordea, EITB Maratoiaren eraginez 2019tik Itoitzen “Lau teilatu”-k eta 2022tik Gatiburen “Euritan dantzan” abestiak ez didate jada zirrararik eragiten. Baina euskal hedabide nagusiari bost axola dio eta programa batekin itsutzen denean azken tantaraino zukutzen du inporta gabe etxeko espazioa kasik militantziagatik uzten diogula inbaditzen. Gaitz erdi litzateke kalitateari garrantzia eman eta entzulearen osasuna apur bat kontuan hartuko balute.

Bide beretik, inbaditzaile jarrera muturreraino eraman du eklipsearekin. Hiruzpalau hilabeteko traka gogaikarria eman behar zuen etxe-handiko bozgorailu guztietatik, etengabe, belarri-begiak eta azala gorritu eta gaixotzeraino. Hainbestekoa izan da higadura mentala, poetiko erromantikoa ere izan zitekeen gertakari zientifikoa emaitza koroan oihukatutako «OOOH!» soil batera mugatu dela. Finean, azken aldian musika kontzertuekin nola, unea jende oldeak mugiarazi dituen masa ekintza batean bilakatu dute “hor egon behar dut” kultura sustatuz. Azalpen astronomikoak egun batzuetan zabaltzea ez al zen nahikoa?

Eguzkiari, ilargiari eta izarrei begira nor ez da inspiratzen eta erromantizismoz blaitzen? Bada abuztuaren 12ak dena aldatu du, batez ere hilabetetan zeruko protagonistak zapi lohituak bailiran erabili ostean.

Ondorengo egunetan eklipseak nola itsutasunak harrapatuta jarraitzen dugunean Ken Zazpik eskaini dit argi izpia “Ilargia” abestiarekin; «… zuretzat ilargia lapurtuko nuke gauero…» eta irribarre maltzur bat iltzatu zait ezpainetan; ai abuztuak 12 balitz!

Izango ote naiz gai eguzkiari, ilargiari eta izarrei begira jarri eta lehen bezala inspiratzeko? •