Zer izango litzateke uda, hondartza ondoan edari hotz bat eta mokadutxoa hartzeko une horiek eskaintzen dituzten taberna horiengatik ez balitz? Eta udako gauetan, Garraitz irla aurrean duzula, zerbait hartu, bistekin gozatu eta kontzerturen bat ikusteko aukera badago? Mendexan, Lekeitioko hirigunetik hurbil, Karraspio hondartzaren ondo-ondoan, une freskagarri horiek eta askoz gehiago eskaintzeaz arduratzen dira Sabin Uribe eta Ibon Virumbrales, umoretsu, elkartasunarekin konprometituta eta beti udari kolorea, zaporea eta saltsa jartzeko prest.
Karraspio ondoko paseoko azken taberna da Patxon. Bazkariak, afariak, pintxoak... ematen dituzte bista ederrak eskaintzen dituen txoko atseginean, eta tratu hurbila eta umore puntu bat gehitzen dizkiote barrako lanari, bidean istorio ugari pilatuz. Ez da hondartza ondoko establezimendu bat gehiago, giro berezia sortzea bilatu izan dute hasieratik. «Kafe ona» ematen dutela diote, baina adin guztietako bezeroek, tokikoak zein beraneanteek, bertaratzen jarraitzen badute, zerbaitegatik izango da.
Hemeretzi uda eman dituzte Virumbralesek eta Uribek Patxon Tabernan, eta batek daki zenbat ordu. Sei hilabetera mugatzen da haien urteko lanaldia, baina ordu asko pilatzen dira tarte horretan, batez ere hasierako urteetan. Kontatu dutenez, Aste Santuan hasten da beroketa: «Martxoan edo apirilean zabaltzen dugu, Elizak edo Vatikanoak urtero erabakitzen duten datan! Tokatzen denean ireki eta Aberri Egunaren osteko egunera arte aritzen gara; ondoren, zapatu-domeketan irekitzen dugu, eta, ekain aldera, eguraldi onarekin, egunero zabaltzen hasten gara, urrira arte. Horixe da gure sasoia». Aurten, halere, uda aurreko bero handiekin, egunerokoa apur bat aurreratu dute.
UZTAILEAN HASTEN DA «TSUNAMIA»
Udako lana mintzagai hartuta, terrazako mahai baten inguruan eseri dira GAUR8rekin hizketan Virumbrales eta Uribe. Hasteko, esan beharrik ez dago tabernariaren zereginak ez direla barra atzean jarri eta zerbitzatzera mugatzen. Txandak, prestaketak, eskariak... ere egon ohi dira tabernarien lanen zerrendan. Sartu beharreko lanorduez galdetuta, «antolaketaren araberakoa» izaten dela azaldu dute: «Daukazun jendearen araberakoa izaten da, baina lan handiko udak izaten dira, hori bai. Guk esaten dugun bezala, Aste Santuan hasten da gure penitentzia; errodajea egiten hasten gara, poliki-poliki goaz, eta uztailean eta abuztuan ‘tsunami’ hutsa da».
Urteekin praktika hartu dutela erantsi du Uribek: «Lehenengo urteetan, bueno, zer zen hori!» Neurria hartu arte, «astelehenetik domekara» egoten ziren barraren atzean. «Urrian demakratuta amaitzen genuen». Tabernan, «batzuetan asto-lana» tokatzen dela azaldu du, eta, nahiz eta agian txanda izan ez, jai izan... «beti daude ustekabekoak».
Virumbralesen esanetan, uztaila izaten da bereziki gogorra: «Uztaileko egun beroak, asteburuak... Niretzako horiek izaten dira gogorrenak, jendea oraindik lanean dagoelako, estres maila altuarekin... Orduan gura du egun batean dena egin, aparkatu, eguzkia hartu, jan, edan... Gainera, denak egun berdinean datoz, eta, noski, jende asko dagoenean, ezin da arin eman. Lehenengo urtean konturatu nintzen, abuztuan, jendea ja oporretan dagoenean, beste lasaitasun batekin datorrela».
Taberna ugari dago zerbitzu ona ematen dutena, baina Patxon Tabernan, beste giro bat sortu nahi izan dute. «Umore pixka bat eskaintzen dugu, eskaintza kultural txikitxo bat ere badaukagu, kontzertutxoren bat, giro ona... Sasoi honetan ondo pasatzeko espazioa da gurea».
“Euskal giro jatorra eta pintxo goxoak” izan dutela lelo gogoratzen dute barre artean, eta, datorren urtean, efemeride berezia dutela, hogeigarren urteurrena ospatuko baitute bezeroekin: aurreratu dute jada «Bilboko Aste Nagusikoen pareko botafuegoak» egongo direla Karraspion.
Patxonek zein indargune dituen galdetuta, gertuko tratua «eta kafe ona» aipatzen dituzte lehen kolpean. Jendeak hurbiltasun hori eskertzen duela uste du Uribek. «Gertutasuna gako da. Gu ez gara ohiko tabernariak, uste dut nahiko naturalak garela, eta horrek ez du esan nahi edozelan lan egiten dugula, baina gertutasuna izatea eta umorea ez galtzea gauza inportantea da», gaineratu du.
Hemeretzi urte asko dira eta gertuko zerbitzua eskaintzen duenak jende askorekin egiten du harremana. Azaldu dutenez, Lekeitiora edota Mendexara urtero oporretan joaten diren familia asko dituzte bezero, eta horrek harreman hurbilak sorrarazi ditu. Ostalaritzan emandako urteek ordain handia izaten dute, baina Uribe eta Virumbralesentzat lanak alderdi polita dauka: kalean eta jendearekin harremanetan egotea. Une berezien artean, iluntzea aipatzen dute, batzuetan ordutegia apur bat luzatu arren. «Leku paradisiakoa da, eta gaueko giroa ederra da...», erantzun dute berehala.
Lekeitio eta Mendexako herritarrak dira bezeroen erdiak, eta turistak beste erdiak. Azaldu dutenez, hori bai, aurten inoiz baino gehiago ari dira nabaritzen turisten presentzia. Euskal Herri osoko bezeroak izaten dituztela azaldu dute, Bilbokoak, Gasteizkoak... Diotenez, kontuan hartu behar da badaudela «azken 40 urteetan etorri direnak, falta gabe, urtero-urtero, udaro. Jende hori ezagutzen duzu, ikusten dituzu adineko egiten, eta, urte batean falta direla ikusten baduzu, pentsatzen duzu: ‘hau agian makaltxo ibiliko da aurten?’. Gero, halako batean agertu eta izugarrizko poza hartzen duzu».
Bi hamarkada tarte nahikoa da istorio asko pilatzeko. Pentsa, Hala Bedi Irratiko korrespontsalak ere izan dira Uribe eta Virumbrales, zuzen-zuzenean Karraspioko hondartzatik! Oroitzapenerako geratzen da, bestetik, tabernaren egunerokoa astindu zuen eta Patxon urakanaren begian jarri zuen gertakaria, herriko presoen irudiak jomugan jarrita. Patxi Lopez EAEko lehendakari zela, Karraspioko puntaraino joan ziren Ertzaintzaren efektiboak argazkiak kentzera, inputazio mehatxupean. Egoerak sorrarazitako estresa dute gogoan, baita lankide bat haurdun zela ere garaian...

«AQUÍ SE CENSURA»
Egoera surrealistari erantzunez, Francisco Franco diktadorearen irudia jarri zuten Patxon Tabernan, “Aquí se censura como en la dictadura” zioen mezu baten ondoan. Herriko presoen ehizaren erdian, argazkiak kentzeko agintzea eta zigorrak jartzea zen eguneroko ogia, eta Ertzaintza hainbatetan bertaratu zen Patxonera. Ondorioz, hurrengoa zioen kartel bat jarri zuten tabernan: «El día 9 de septiembre del año de nuestro señor 2009, el glorioso y leal cuerpo de la Policía Autonómica mandó retirar de este mismo establecimiento y en un plazo máximo de 24 horas las fotos de cinco separatistas vascos ya cautivos». Lehenengo lerroak baino ez dira, luzeagoa da testua, eta «nahiko birala» egin zen.
Era sarkastikoan salatu nahi izan zuten irudiak kentzeko agindua eta jasandako jarrerak, sarri izan bazituzten ertzainak barraren aurrean argazkiak kentzeko agintzen. Atzera begiratuta, «oso argi» zuten ez zirela ezer txarrik egiten ari: herriko bost presoen eskubideen defentsa zegoen erdian. Virumbralesek dioenez, «duintasun kontuan ere bazen. Nik garai hartan anaia neukan kartzelan, eta nork esan behar zigun zer egin behar genuen gure etxean!». Urteak pasata, bizi izan zituzten une bitxi haiek gogoratu dituzte, sasoiko irudi harrigarriak aipatuz: «Jendea hemen, bainujantziarekin, hondartzan zerbait hartzen, eta Ertzaintzaren furgonetak, beltzez jantzitako poliziak tabernara sartzen, argazkiak kentzen...».
Ez dira Googleko iruzkinekin gehiegi kezkatzen, baina mezuren bat edo beste eragin zuen argazkien kontuak, eta kritikak ere jaso dituzte euskaraz aritzeagatik, gaztelaniaz hitz egin dieten bezeroak «behar bezala ez artatzeagatik»... Susmatzen dute horietako batzuk nondik datozen, eta umore puntu batekin gogoratzen dituzte.
Jaietako gorputzen politikak

«Lehen dena ziren enpresa ttikiak eta horien inguruan segitu dugu, bertako produktuekin»
Itsututa

Maratoian bi ordutik jaistea lortu dute, baina lasterketa ez da hor amaitzen

