
Euskal Herriko Dantzari Eguna Zizur Nagusian ospatuko da datorren urriaren 3an, euskal dantzen erakustaldi handi bat eskainiz, Euskal Dantzarien Biltzarrak antolatutako jardunaldiak Euskal Herriko hainbat lurraldetako dantza taldeak elkartuko baititu beste behin.
Eeuskal dantzen eta folklorearen aberastasuna plazara eramatea da helburua, eta hiztorduan parte harzteko zabalik dago oraindik dantza taldeen izen-ematea, irailaren 20ra arte.
Antolakuntzak gogoratu duenez, Euskal Herriko Dantzari Eguna 1967an antolatu zen lehen aldiz, eta, gaur egun, Euskal Dantzarien Biltzarra osatzen duten bost ordezkaritzek txandaka antolatzen dute urtero, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan, Iparraldean eta Nafarroan.
Aurten Nafarroak hartuko du lekukoa eta Zizur Nagusia izango da topaketaren egoitza. Egun osoko egitaraua izango da, eta, besteak beste, Folklore Azoka, kalejira eta 17.30ean hasiko den emanaldi nagusia izango dira. Jardunaldia dantzarien afariarekin eta erromeriarekin amaituko da.
Diasporako taldeak
Diasporako euskal dantza taldeek Euskal Herriko Dantzari Egunean parte hartuko dute aurten ere, bidalitako bideoen bidez. Era berean, emanaldi nagusia ‘streaming’ bidez eskainiko da, Euskal Herritik kanpo ere jarraitu ahal izateko. Dantza taldeen izen-ematea irailaren 20ra arte egongo da zabalik, eta epea amaitu ondoren jakinaraziko dira parte hartzearen behin betiko datuak.
Euskal Dantzarien Biltzarra 1965ean sortu zen, Euskal Herriko dantza, musika eta ohiturak mantendu, berreskuratu eta zabaltzeko helburuarekin. Diru irabazi asmorik gabeko elkarte soziokulturala da, euskal dantzak sustatu eta babesteko helburua duena.

