Ipar Euskal Herriko kostaldean, egunsentia argitzearekin batera, Itsas-Belaŕa itsasontzia Donibane Lohizunetik abiatzen da, ezohiko harrapakin baten bila: uretan flotatzen duten plastikoak eta itsasoko bestelako hondakinak.
Arnaud Clavier kapitainak azaldu bezala, «Oso eremu berezian gaude. Bizkaiko Golkoaren mutur-muturrean gaude, eta itsasoko hondakinak pilatzeko gune naturala da hau. Hondakinak eremu honetara iristen direnean, hemen pilatu ohi dira, aurrera jarraitu beharrean; horregatik amaitzen du horrenbeste zabor kopuruk hemen».
Leku guztietako zaborra biltzen da gure kostaldean, ingurukoa baina baita urrunetik «bidaiatzen» duena ere, adibidez Bretainiatik edo Eskoziatik, itsaslasterrek ekarrita. Denetik aurkitzen dute. «Hantxe flotatzen ari zen hozkailu txiki bat aurkitu dugu, baita katodo-izpiko telebista zahar bat ere. Inork ez daki nola iritsi zen hara. Groenlandiako arrain-kutxak ere berreskuratu ditugu —hori nahiko ezustekoa izan zen—, baita hainbat mezudun botila ere; horietako bat Atlantatik zetorren. Benetan aurkikuntza bikaina izan zen. Beste bat Bidartetik zetorren, kostalde honetan bertan; agian, hori ez zen hain zirraragarria izan. Bidaltzaileak mezua urrutira iristea espero zuen, baina azkenean Donibane Lohizunen amaitu zuen», aipatu du Arthur Peyronnet Itsas-Belaŕako eskifaiko kideak.
Aurten lau tona plastiko inguru eta bost-sei tona egur bildu dituzte. Asko dirudien arren, ez da ezer 2018an bildu zutenarekin: «15 tona plastiko eta 10 tona egur inguru berreskuratu genituen».

