Alfonbra gorria
Harritu egin nintzen jendearen garrasi zoroekin. Buru bezainbat pantaila ikusten ziren airean. Batzuk besteen sorbalden gainean eseri ziren. Errepide ertzeko baranden gainean tente zeuden beste batzuk, ondokoari eskutik helduta, orekari eusteko. Kotxe garestiak pasatzen ziren haien albotik. Aurreko pantailek grabatzen zutena grabatzen zuten atzerago zeudenek, zooma zoomaren gainean; ez ziren konturatu, baina ez ziren oso grabazio onak egiten ari. Korrika iritsi ziren batzuk; luzatu egingo zitzaien afalostea. Batzuen eta besteen tartetik egin zuten aurrera. Disimuluan elkarri bultzaka ari ziren. Bada norbait hor dagoena. Masa erraldoi bat ari zen oihuka. Ingelesez, frantsesez, gaztelaniaz, alemanez. Oso alteratuta zeuden gehienak. Guztiaren atzetik begiratu nuen nik, pelikula bat balitz bezala. Alfonbrarik ez zen ikusten, baina banekien alfonbra bat zegoela hor aurrean nonbait; hala behar zuen izan.
Bai, lehenengo aldia nuen Zinemaldian. Aktore super-hiper-mega famatu bat iritsi berri omen zen zinemara. Bizitzan behin bakarrik ikusiko omen du zortea duenak. Altxor bat omen da mobilean grabazio hori izatea, edonorentzat. “Normala” omen da jendeak hala erantzutea. Horixe izaten omen da, astebetez, Donostia. Hala esan zidaten gero, nire harridura erakutsi nuenean. Hurrengo goizean, toki hartatik oso kilometro gutxira, Herrerako pabiloietan, 30 pertsona etxegabetu zituen Ertzaintzak.
Astebetez pantaila eta foku handiek hartu duten hiri horretan, uste dut badagoela nahikoa motibo jendea masan elkartzeko, garrasi egiteko, korrika egiteko, alteratzeko, bultza egiteko zenbaiti. Ez egon atzetik begira, pelikula bat balitz bezala. Zikina pilatu eta pilatu ari da alfonbra azpian. •




