
Bermeo Tuna World Capital Elkarteak (Bermeo Tuna) eta Bilboko Ostalaritza Goi Eskolak (ESHBI) elkar ulermenerako memorandum bat sinatu dute, atunaren eta hegaluzearen gastronomia jasangarriaren inguruko epe luzerako aliantza estrategikoa ezartzeko.
Bi erakundeotako arduradunek azaldu dutenez, akordioa partekatutako gogoeta batean oinarritzen da, alegia, «gastronomiak produktua bere jatorriarekin, posible egiten duten pertsonekin eta itsasoa zein itsas kultura datozen belaunaldientzat zaintzeko erantzukizunarekin lotzeko aukera ematen duela».
Bi erakundeek ikuspegi hori eraman nahi dute etorkizuneko profesionalen prestakuntzara, ostalaritzara eta herritarrengana, «sukaldaritza ezagutza, lurralde identitatea eta kontsumo arduratsua sustatzeko tresna bihurtuz».
Akordioak bi erakundeen gaitasunak uztartuko ditu. Horrela, Bermeo Tunak balio kateko hainbat mailarekin lotutako edukiak eta harremanak eskainiko ditu, arrantza sektoretik eta eraldaketa industriatik, zientziara eta ezagutzara arte; eskolak, berriz, bere esperientzia pedagogikoa, teknikoa eta gastronomikoa jarriko du, errealitate hori ikasleei eta irakasleei hurbiltzeko.
Lankidetza ildo nagusietako bat sukaldariak trebatzea izango da, produktua ezagutu dezaten. Produktuaren jatorria eta arrantza eta eraldaketa modalitateak eta erabilera gastronomikoak ezagutaraziko dira, jasangarritasunaren ulermenarekin batera, etorkizuneko profesionalek preskriptore arduratsu gisa jardun dezaten.
Orobat, ostalaritzak lurraldearen enbaxadore gisa duen zeregina indartu nahi du lankidetzak. Bermeon eta Urdaibain arreta berezia jarriz, eta Bizkaira eta EAEra begira, bi erakundeek hegaluzearen eta atunaren ezagutza eta erabilera egokia sustatuko dute, produktu freskoan zein kontserban, eta produktu izoztu eta ultraizoztuetan. Era berean, produktu horien balioa barran eta jangelan azaltzeko gaitasuna sustatuko dute.
Sukaldaritza ondarea berreskuratzea eta balioan jartzea izango da elkaranaren beste lan ildo nagusietako bat. Familien, ostalaritza historikoaren eta itsas ingurunearen ezagutza transmititzea bultzatuko dute, atunaren eta hegaluzearen errezeta tradizionalak gaur egungo interpretazioekin eta ondare gastronomiko bizi gisa duten proiekzioarekin lotuz.
Berrikuntzarako aukera berriak
Era berean, talentua duten gazteak aitortzea eta haiei laguntzea, eta berrikuntzarako aukera berriak aztertzea lankidetza esparruaren osagarri izango dira. Helburua da produktuarekiko errespetua, aprobetxamendua eta lurraldearekiko lotura uztartzen dituzten profesionalak sustatzea, eta kontsumitzaileen behar berriei erantzuten dieten ekoizpen modu eta produktu berriak aztertzea, jasangarritasuna, elikagaien teknologia eta osasuna oinarri hartuta.
Aliantza honen bidez, Bermeo Tunak eta Bilboko Ostalaritza Goi Eskolak prestakuntzarako, ezagutzarako eta berrikuntzarako gune egonkor bat eraikitzeko konpromisoa hartu dute, funtzio osagarrietan eta neutraltasun instituzionalean oinarrituta. «Bermeotik abiatuta, eta Bizkaiarekin eta Euskadirekin lotuta, lankidetzak itsasoari lotutako nortasun gastronomikoa indartzea eta nazioartean ezagutaraztea du helburu», nabarmendu dute.


