Juantxo Egaña
Argazkilaria

Gure baserrien oroimena

(ROBERTO SARRIA)

Baserriko bizimodua beti egin izan da sukaldean, tximiniaren berotasunean. Joan den mendeko 30eko hamarkadan egindako goiko argazkiak nolabaiteko teatraltasunez atondutako irudi etnografiko landua islatzen du. Emakumeak taloaren masa magalean prestatzen duen bitartean, gizonak suaren beste aldean atseden hartzen du kaolinezko pipan errez. Tximiniaren ondoan, gaztainak erretzeko danborra dago zintzilik, eta, txingarretan, burdin esmaltatuzko bi ontzi daude, ziur aski kolore gorrikoak, dagoeneko erretako sagar batzuekin batera. Errautsen oinarrian burdin forjatuzko egitura bat ikusten da, buru batez errematatua, kazolak suaren gainean eusteko diseinatua. Txakurra gizonaren alboan egoteak eta katuak lasai-lasai jaten, familia-giroa ematen dio argazkiari. Argi jokoak eta familiaren kokapenak Roldan, Ojanguren edo Abaitua bezalako egileen lana gogorarazten dute. Ziurrenik Gipuzkoan egindakoa da argazkia, eta bikain gordetzen du gure baserrien oroimena.