Josune Perez
Psikologoa

1.000 berezitasun, 1.000 ikasgai

Neurodibergentziak ustekabeko jokaldiak egiten dizkie nerabeei.
Neurodibergentziak ustekabeko jokaldiak egiten dizkie nerabeei. (GETTY IMAGES)

«Hor dago, eskuak begietan igurtzi eta haiei begira. Ez du tutik ulertzen: ‘Orain zergatik?’, galdetu du.
Lekuz kanpo dago, amigdalak txartel gorria atera dio eta ez du zergatia ulertzen. Gero eta malko gehiago, are eta estutasun handiagoa. Airea falta du, barrendik berreskuratu nahi eta ezin. Geroz eta indartsuagoa da ekina, ez du behar adina airerik lortzen eta negar malkotan itotzen ari da.
Dagoeneko lurrean da, ez du bere gorputza eusteko gaitasunik. Bat-batean, barne sumendi batek eztanda egin balio bezala altxatu da, azken gudariak euskararen alde bizia eman baino lehen botako lukeen orroa atereaz: ‘AHAL DUT’».

Neurodibergentziak horrelako jokaldiak egiten dizkie nerabeei. Neurodibergentzia ez da inongo gaixotasuna, mundua antzeman eta ingurunearekin harremanak izateko ikuspegi desberdina baizik. Betaurreko bereziak dituzte gauzak ikusteko garaian eta neurotipikoak heltzen diren erantzun berberak lortzen dituzte bide eta baliabide desberdinak erabiliz.

Gizarteak normalizatua duenari aurre egiteko hainbat gaitasun garatu dituzte:

• Hiperfokalizazioa: Inguruko estimulu guztiei erantzuteari uzten diote eta interesa sortzen dien ekintza edo gaiari lehentasun eta arreta guztia ematen diote.

• Sormena: Informazioa desberdin kudeatu eta erlazionatzen dute, ondorio harrigarri eta berrituak lortzeko.

• «Masking»-a: Norbanako neurodibergenteek, gizartean onartuak izateko, beraien ezaugarri diren ekintzak, portaerak, adierazpenak eta abar egiteari uzten diote.

- Neurotipikoek egiten dituzten keinuak imitatzen dituzte, bai eta erabiltzen dituzten espresioak ikasi eta errepikatu ere.

- Mugimendu errepikatuak, argia eta gehiegizko estimuluak ekiditen saiatzen dira.

Hori esfortzu itzela da haientzat, eta bai emozionalki bai fisikoki lur jota uzten ditu.

- Neke fisiko eta mentala ez da gaueko atsedenaldiarekin berreskuratzen.

- Norbere identitatearen galera; depresioa, antsietatea haien egunerokotasunaren parte bihurtzen dira.

- Diagnostiko berantiarra, beraien banakotasuna kamuflatzean ezaugarriak ere kamuflatzen baitituzte.

Neurodibergenteen guraso neurotipikoak, aldiz, inoiz pentsatu ez zuketen gai eta esparruetan jakitun egin dira:

• Sendagile bihurtu dira beraien seme-alaben sintoma fisikoei aurre egiten jakiteko.

• Nutrizionistak ere badira, zer elikadura eman, zer kendu, urdail eta hesteetan sortzen diren neurotransmisoreei lana ahalik eta gehien errazteko.

• Pedagogo ederrak dira, ikaskuntza teknika pila irakurri eta gero, beraien etxekoari gauzak ikusten lagunduko dien betaurrekoak sortuz. Hala nola testu idatziak ikus-entzunezko bihurtu, ohiko eskemak puzzle bilakatu, azpimarragailu arruntak argizarizkoez ordezkatu, gai bakoitza koadrodun paper koloreztatu desberdinetan idatzi (beti kolore bera gai bakoitzarentzat)…

• Psikologo ezinbestekoak dira beraien seme-alaben jokabideak antzematen eta egoerei aurre egiten. Entzumen aktiboa ikaragarri jorratu dute, baita emozioen kudeaketa eta arnas teknikak ere, eta nola ez, psikologia positiboa (denarekin ahal dugu, lortuko dugu...).

Neurodibergentziei ikusgarritasuna ematen zaien hilabete honetan, zuentzat guztientzat doa nire txaloa, ez da batere erraza gizarte honetan lekua topatzea, ezta aurrez aipaturiko jakintasun horiei guztiei norberaren lana gehitzea. Norberarentzat denbora tarte bat topatzea ezinbestekoa da horrelako lantaldeak, familiak, sendo mantentzeko. Primeran ari zarete! Aupa zuek!