Etxebizitza: eko eta soziala
Ekonomia hitza grezierako oikos (etxea) hitzetik dator: etxea kudeatzeko zientzia. Gaur egun, ekonomia baliabide eskasien kudeaketa gisa definitzen da. Bide batez, ekologia ere oikos-etik dator: etxeari buruzko ikasketa. Bietan, etxea oso modu orokorrean interpretatzen da, kontsumo edo ekoizpen unitatea nahiz gure planeta bera izan baitaiteke. Etxebizitza eskuragarria eta duina askorentzat urria denean, zer berri dakartzate bi ikuspegi horiek?
Ekonomia neoklasikoa helburu batekin dago kezkatua gehienbat: baliabide eskasak ahalik eta modu efizienteenean kudeatzearekin. Haren irizpideen ondorioz, efizientzia hori lortzearren, etxebizitzak etekin ekonomikoa ahalik eta gehien handitzeko kudeatzen dira.
Baina efizientzia ez da gizartearen helburu bakarra, noski, eta ekonomian adituak diren askok baliabideen bidezko banaketa ere aztertzen dute. Hortaz, efizientziaz irabazitako etekinak modu duinean banatzea bilatzen da politika fiskal sozialekin. Horra hor bi helburu garrantzitsu: efizientzia eta banaketaren bidezkotasuna.
Ekonomialariek eta ekologoek elkarlanean dihardutenean, bi helburu horiei hirugarren bat gehitzen diote: ekonomiaren eskala jasangarria, edo, beste modu batera esanda, ekonomiaren tamaina zuhurra. Ingurumenetik hartzen dituzte gizarteek beren jarduerak elikatzeko behar dituzten energia eta materialak. Jarduera ekonomikoen ondorioz sortzen diren hondakinak eta isuriak, berriz, ingurumenak jasotzen ditu bueltan. Ekosistemek hondakin horien zati bat xurgatu eta baliabide berri bihur dezakete, baina ekosistemen birsorkuntza eta xurgapen gaitasuna mugatua da. Gizarteek ekosistemetatik gehiegi hartu eta haietara gehiegi botatzen dutenean, ekonomiaren eskala jasangaitza da.
Hiru helburuok kontuan hartuta, argi dago etxebizitza sozialaren eredua ekologikoa ere izan daitekeela. Eskuragarritasuna sustatzeko, gakoa ez dago nahitaez eraikitakoaren hedapenean, baizik eta bestelako irtenbideak bilatzean.
Batetik, eraikuntzaren sektoreko zarrastelkeria dago. Hori gertatzen da eraikinak ingurumen inpaktu itzelak eragiten dituztenean, gizartearentzat funtzio handirik eskaini gabe. 2008ko eraikuntzaren krisiak hormigoizko eraikin ugari utzi zituen amaitu gabe nonahi, Pirinioen bihotzetik Iberiar penintsulako kostalde osora. Mamu itxurako erabili gabeko egitura horiek etxebizitza duin bihurtzeko potentzial txikia izan ohi dute, askotan kapritxo arkitektonikoak direlako edota, presaka eraikita, kalitate gutxikoak direlako. Eraikuntzaren gaur egungo material nagusiek, zementuak eta altzairuak, karbono isuri handiak eragiten dituzte ekoizpenean. Bestalde, horrelako egiturak eraistea ere oso garestia da, eta eraitsitako zementuak kalitate apalagoko erabileretarako baino ez du balio. Horiek eraikitzeko erabilitako materiala, energia eta eskulana helburu duinagoetara bideratu izan balira, beste nonbait egongo ginateke. Gaur egun eraikitzen denak gizartearentzat epe luzeko funtzioa izango duela bermatu behar da.
Bestetik, bizitzeko eraikinen jabetza gero eta esku pribatu gutxiagotan kontzentratzen ari da. Jabetzaren kontzentrazio horrek etxebizitza eta auzoetan dituen ondorioak hiru dira. Lehena, etxeak hutsik egotea edo urtean oso gutxitan erabiltzea. Etxebizitza hutsen datuak nabarmenak dira. Bigarrena, etxebizitzak turismora edo epe laburreko alokairuetara bideratzea. Hirugarrena, bertan epe luzera bizi nahi dutenen ziurgabetasuna handitzea; izan ere, jabe diren entitate pribatuak merkatuaren haizeek mugitzen dituzte, etxebizitzaren beharrak edo etxebizitzarako eskubidearen printzipioak baino gehiago.
Desparekotasun hori politika sendo eta duinen bidez leunduko balitz, etxe huts gehiago erabiliko lirateke; epe laburreko alokairuek ez lukete epe luzeko etxebizitza premiekin talka egingo; eta bizilagunen ziurgabetasuna, etengabe mugitzeko beharra eta horrek eragindako komunitate hausturak murriztuko lirateke. Aldi berean, epe luzeko iraunkortasuneko inbertsioak sustatuko lirateke. Horrek guztiak -etxebizitza eredu duin batek- etxebizitza eredu ekologikoago bat ekarriko luke: ingurumenetik gutxiago hartu eta ingurumenera gutxiago botatzen duena. •



