Galdera bat uzten duen istorioa: «Moduluagatik ez balitz, zer?»
Bilboko Deustu-San Inazioko Modulu Psikosozialaren historia josten duten testigantzak bildu dituzte dokumental batean. Egoera delikatuetan informazioa eman, eskubideak babestu eta beste begirada batekin zaintzen duen proiektu bat azaleratu dute, haren beharra agerian utziz.
"El módulo de Sani” bideo dokumentala aurkezten ari dira Bilbon, duela 45 urte inguru jaio zen egitasmo komunitario baten beharra aldarrikatu eta hura ezin hobeto deskriba dezaketen erabiltzaileen ahotsak bilduz. Finean, Deustu eta San Inazio auzoen memoriaren zati bat berregin dute, bertako modulu psikosoziala zer izan den eta zer den azaltzeko, egitasmoaren etorkizuna arriskuan baitago. Lau hamarkada baino gehiago herritarrak zaintzen eman ostean -zaintza hitzaren adiera zabalenean-, Bilboko Deustu-San Inazioko Modulu Psikosozialaren egungo arreta 2028an desagertuko da.
Espazioaren zentzua ulertzeko, 1980ko hamarkadan abiatzen den istorio baten kronikara itzuli behar da. Proiektuaren sorrera bultzatu zuen egoerara hurbildu, gaurdaino heldu den ibilbidea gogoratu, eta, kasu zehatz batzuetan sakondu ondoren, ideia bat bat sortzen da etengabe: «zein izango litzateke egoera moduluagatik ez balitz?». Ez da gustuko duten hitza, ez delako horretara bakarrik mugatzen, baina “zerbitzuak” herritarren beharrei erantzutea izan du funtzio nagusi hamarkadaz hamarkada, eta egoera zailetatik igarotzen diren kolektiboentzako babesgune izan da.
Memoria ariketa azkar bat eginez horrelako espazio bat sortzera eraman zuen egoeraren argazki bat egin beharko bagenu -ez da bakarra, beste batzuk ere sortu ziren garai hartan Bilbon, San Frantzisko auzoan, besteak beste-, Bilbo gris batean heroinak gogor kolpatutako gizarte bat marraztu beharko genuke. Familiak -amak, nagusiki- irtenbide bat eskatzen hasi ziren erakundeak gainditu zituen arazo baten aurrean. Zaila da deskribatzea droga mendekotasunak etxe askotan eragindako «hondamendia», zuzenean jasotako kalteak, inguruan sortutako albo-kalteak... Gaurko begiradatik egoera imajinaezinak dira, baina, amek eta auzo mugimenduak bultzatuta, ordura arte Deustun eta San Inazion existitzen ez zen arreta bat eskaintzen hasi zen profesional talde bat, «heroinomanoentzat tratamendurik ez zegoen garai batean».
Familiak, batez ere amak, eta osasun mentalean eta psikiatria komunitarioan aritutako profesionalak izan ziren hasiera batean egitasmoaren bultzatzaileak. «Amado Mostajo doktorea, Deustun lehen mailako arretako mediku gisa lan egiten zuen erbesteratu txiletar bat, eta osasun komunitarioaren ulermen horretatik zetozen beste profesional batzuk jarri ziren martxan gazteei eta familiei arreta emateko, heroinaren eragina izugarria izaten ari zelako», gogoratu dute Deustu-San Inazioko Modulu Psikosozialeko kideek.
Dibortzioaren legearen onarpenaren urteak ziren, abortua, feminismoaren bulkada... pil-pilean zeuden urteak. «‘Basauriko Hamaiken’ kasu paradigmatikoaren garaia zen. Bertan, estrategia juridikoa abortatzeagatik auzipetutako emakume horiek zaurgarritasun ekonomikoko egoeran zeudela esatean izan zen. Osasun sexualaren eta ugalketa osasunaren inguruko autoezagutzaren garaia ere bazen, emakumeen gorputzarekin kontaktua hartzekoa, Sección Femenina-ren 40 urteak atzean uztekoa.... Diktaduraren osteko garai horretara heldu ginen heldu ginen moduan, leherketa kontrakultural bat egon zen, gaztetxeak sortu ziren, indar kontrakultural handiko gazte mugimendu bat zegoen... Ideia kontserbadoreenekin eta familia nuklearreko ideia kasposoekin hausteko nolabaiteko modua zen».
BESTE INON EMATEN EZ ZEN, EZ DEN, LAGUNTZA
Kaleko arazoak hamarkadaz hamarkada aldatuz joan diren bezala, kaleetan sumatutako behar berrietara egokitzea izan da gakoetako bat Deustu-San Inazioko Modulu Psikosozialean, eta ez mendekotasunaren arloan soilik. Agoitz plazako lokalen atea gurutzatu duten lagunek beste inon ematen ez den babesa aurkitu dute, ageriko sintometatik harago doan laguntza integrala, epairik gabea, norberaren autonomiarekin berriz konektatzea bilatzen duena. Baliabide publikoak eremu bio-psikosozialaren eremuan jarduten du, eta, horren barruan, kontrazepzioa bezalako arloak lantzen dituzte, baita psikologia, helduena eta haurrena, mendekotasunekin lotutakoa, alderdi juridiko eta sozialak.... Auzotarrek altxatu duten etxe komunean, prebentzioan eta sentsibilizazioan ere egiten dute lan, berdintasunean, genero indarkerian, bazterkerian....
Moduluaren egungo jarduerarekin jarraitzeko aipatzen den arazoa finantzaketa da, baina gakoa bestelakoa dela diote bertako kideek: «ez gaituzte ulertzen eta ez gaituzte ulertu nahi». Finantzaketan egin nahi duten murrizketarekin, «indarkeria matxistei eta askotariko indarkeriei arreta integrala emateko zerbitzuarekin eta prebentzio eta tailerrekin geratzen dira, baina hori oso zati txikia da sexu osasunari eta ugalketa osasunari dagokionez, eta ez digute argitzen zer egin nahi duten arlo horretako gure lankidearekin edo sexu osasunaren eta ugalketa osasunaren arloko lankide medikuarekin».

Arretaren atzean pertsonak daude, eta artatzeko bidea prozesu oso bat da, non zenbait arlotatik igaro daitekeen eta oso esparru zabala jorratzen den. «Hemen, arreta ematen dugu osasun mentalaren eta droga mendekotasunaren arloetan, familia kalteberetako adingabeak ere artatzen ditugu, sexu osasuna eta ugalketa osasuna jorratzeko programa daukagu... Zer esaten digute administrazioek? Bilboko Udalak dio ez duela kargu egin nahi osasun asistentzialaz, bere eskumena ez delako. Horrek zer esan nahi du guretzat? Ez dutela ideiarik ere osasun komunitarioak zer esan nahi duen, ez eta lurraldearekin zer lotura duen ere; kasu honetan San Inazio eta Bilboko 2. barrutia dira lan komunitarioa eskatzen dutenak, ezin baita osasun komunitarioa egin lurraldetik kanpo. Osasun komunitarioko funtsezko elementua da», nabarmendu du Carmen Garciak. Moduluan genero indarkeriaren biktimei arreta emateko programako psikologoa da Garcia. Ondoan, Laura Elezkano Atienza dauka, laguntza juridikoaz arduratzen den profesionala. Bien eskutik kasu zehatzagoak ezagutu ditugu, moduluak auzotarrentzat zer esan nahi duen hobeto ezagutzeko.
EGOERA ZAURGARRIEN TRATAERA
Moduluak metadona eskaintzeko zerbitzua kudeatzen du. Bilboko Udalaren erabakiaren ondorioz hori izango da Agoitz plazako gunetik desagertuko den lehen zerbitzuetako bat. Egun eskaintzen den arreta ez dela metadona dispentsario baten zereginera mugatzen azpimarratu du Garciak: «Hemen metadona jasotzen duen pertsona izenez agurtzen da, batzuetan gozokiak, bizkotxoak... ekartzen dituzte. Profesionalekin duten lotura erakusten du horrek. Metadona ematen zaion gelan sartzen da pertsona hori, bertan liburuak maileguan hartzeko apalategi bat dago, profesionalaren eta pertsonaren arteko elkarrizketa txiki bat egoten da, ‘zelan zaude’ batekin hasten dena... Hori instituzioek ez dute ulertu nahi».
Beste adibide bat jarri du: «Hemen, urte osoan zehar, astearte arratsaldeetan mediku kontsulta bat eskuragarri dago, batez ere neska gazteei zuzendutakoa, sexu osasunarekin eta ugalketa osasunarekin lotutako gaiak artatzen dituena. Aste barruan, arratsaldez, klasera huts egin beharrik ez izateko eta azalpenik emateko beharrik ez izateko». Kontsulta horretara jotzeko arrazoien artean egoera delikatu asko izan ohi dira: «hurrengo eguneko pilula hartu nahi dute, izandako sexu harreman baten inguruan zalantzak dituzte...». Espazio horietan, gainera, beste arazo batzuk ere agertu ahal dira, adibidez, indarkeria egoerak. Horiek detektatzen dituztenean, moduluko beste profesional batzuekin harremanean jartzen dituzte erabiltzaileak. Ematen duten arreta konplexua da eta hainbat arlorekin lotu daiteke, baina «administrazioan ez digute hemen egiten dugun lana azaltzeko aukerarik eman», salatu dute.
Martxan jartzen dituzten prozesuetan, faktore askoren jabetze bat ere egoten da. Laguntza eta arreta «bizi garen sistemak eragindako zaurgarritasun egoeran dauden» pertsonei zuzenduta daude, gizarte eraldaketa helburu. Nabarmendu dutenez, «laguntzera bideratutako arreta da», baina helburua da erabiltzaileek «beren bizitzen gaineko agentzia gaitasuna [agency ingelesez] berreskuratzea, inguruko komunitateak aktiba ditzaten, duten zaurgarritasunaren barruan erantzukizuna har dezaten eta prozesu horiek guztiak urraketa eta ahultasun horiek eragiten dituzten gizarte egiturak zalantzan jartzera eta gutxienez eraldatzera bidera ditzaten», zehaztu du Garciak. «Ez gara zerbitzu emaile hutsak», azpimarratu du.
BESTE BEGIRADA ETA TRATAERA BAT
Indarkeria matxistaren biktimak artatzeko modua adibide hartuta, azaldu dutenez, «arreta modu askotan eskaini ahal da. Agentzia gaitasuna galdu duen eta bizitza osoan ondorio larriak izango dituen pertsona biktimizatu gisa eskaini ahal da, eta biktima tutorizatu eta infantilizatu. Era indibidualean ere eskaini daiteke, biktima salatzera bultzatuz eta ziur aski entzungo ez dion eta jaramonik egingo ez dion justizia-zirkuitu instituzional batean sarraraziz, zigorra eta babesa bilatuz. Babes sistema horretan ere, gertatu zaionagatik duen egoera patologizatzen eman ahal zaio arreta biktimari, edo laguntza eman diezaiokezu bere bizitzari buruzko agentzia berriro har dezan, uler dezan zer gertatu den, zergatik gertatu den, zein diren izan ez dituen babesak, zergatik huts egin duten, zergatik ez diren aktibatu, zer erantzukizun dituen komunitateak isilik geratzeagatik, behar besteko arreta ez emateagatik... Norberaren bizitzaren gaineko agentzia berreskuratzeko moduari buruzko erabakiak hartzen joatean, bere onera itzultzen joatean, hor dago funtsezko aldea».
Erabiltzaileen bizitzak inguratzen dituzten faktoreetan jarri du azpimarra Elezkanok. Azaldu duenez, «batez ere cis emakumeekin eta genero disidente edo pertsona transekin» egiten dute lan, «baina gure laguntza subjektuak gehien gorpuzten dituzten bi kolektibo horietako kideek sarri seme-alabak izaten dituzte, asko oso adin txikietakoak, edo beren ardurapean dauden adineko pertsonak zaintzen dituzte, lankidez inguratuta ere badaude, bizilagunez, komunitate batez... Beraz, lagun egiteko dugun ereduak badu ikuspegi bat, arretara datozen aitzakiaz harago, zer dagoen aztertzen saiatzen dena, esparru orokorra ikusten, hau da, indarkeria matxista kasu bat edo dibortzio-banaketa oso gatazkatsu bat dagoen atzean, botere-desoreka handiarekin... Agian ez da indarkeria kasu argi bat izatera iristen, baina badaude auzi batzuk bereizketa oztopatzen ari direnak, karga eta problematika handia eraginez».

Askotan “banandu behar naiz” erabakia hartzeak estutasun handia eragiten du, batzuetan indarkeria psikologikoekin zerikusia duten eta aurre egiteko konplexuak diren problematika askorekin heltzen dira erabiltzaileak. «Trataeran sakontzen denean, ikus daiteke, esaterako, oso bakarrik daudela, arduratu ezin den inguru komunitario bat dagoela, beste alde batera begiratzen ari dena, isilune kronifikatu asko daudela. Arazoak lan esparrura ere hel daitezke, eskubideak ezagutzen ez direlako edo arazoak lan absentziak eragin dituelako». Autodefentsa feminista da lanketaren ardatz nagusietako bat, baina, lan munduan, Elezkanok dioenez, «bide handia geratzen da berez legedietan jada aurreikusita dauden protokolo batzuk aktibatzeko, enpresek erresistentzia izaten baitute horrekin».
Elezkanok azpimarratu duenez, modulura jotzeko arrazoitik haragokoa da indarrean jartzen duten begirada, kasuen atzean gauza asko gertatzen direlako, espazio terapeutikoan agertzen direnak, baita juridikoan ere. Galdera egokiak eginez gero, azaleratu egiten dira, eta, orduan, aurki daiteke «bizitza aldaketa hasteko funtsezkoa den zerbait falta dela, hau da, erabiltzailea bakarrik dagoela, ez duela lagunik, ingurune horretatik deskonexio bat izan duelako».
Etxebizitza krisia da behin eta berriro agertzen den arazoetako bat. «Seme-alabak dituzten guraso bakarreko familia asko ditugu, banatzen ari direnak eta jabeek kanporatzen dituztenak, eta ez kaleratze demanda bat baliatuta, baizik eta, besterik gabe, kontratuak apurtu nahi dituztelako, prezio altuagoak jartzeko. Etxejabeek kanporatutako gehienak ez dituzte epaitegi baten erabakiaren ondorioz kaleratzen, e! Etxejabeek, kanporatzeko inor ez direnak, kaleratzen dituzte zuzenean, kontratuak deuseztatu nahi dituztelako, prezioak igo nahi dituztelako. Espekulazio hutsa da».
Bilboko Deustu-San Inazioko Modulu Psikosozialean gauzak egiteko duten formak, denbora, malgutasuna eta bizitzaren inguruan dauden atal askoren begirada oso bat eskatzen duela azpimarratu dute bertako profesionalek, eta, ondoren, prozesu bat, erabiltzaile bakoitzak egin behar duen bide bat, batzuetan luze jo dezakeena eta erantzukizuna hartzea ere barnebiltzen duena. Kasu guztiek ez dute graduazio berbera, eta artatzen dituzten lagunen artean erresistentzia eta autodefentsa estrategiak ere ikusten dituztela diote. Horrela, besteak beste, ume oso txiki batekin, banaketa baten erdian banaketa akordioa idazteko gai izan zen erabiltzaile bat nabarmendu dute, edota, psikoterapian egindako lanaren ondoren, jasaten zuen manipulazio egoerari buelta eman eta egoeraren aurrean lema hartzea lortu zuen beste bat. Elezkanoren hitzetan, arlo juridikoan, osasunekoan eta sozialean joera bat dago emakumeak gidatzeko eta zer egin behar duten esateko, «baina, jendeak behar duen informazioa daukanean, gure apustua da uztea eta arriska dezala. Bide horretan gauzak ondo irtengo dira eta batzuetan bueltan etorriko dira, ez dakigu, baina norberak autonomia gaitasuna berreskuratzea da prozesu hauen gakoetako bat».
Beste arlo batean ere jarri dute fokua: «Pertsonak lagunduta sentitzen badira, arazoak izan arren, euren osasun mentala beste modu batera dago, eta horrek gatazketan, indarkerietan, prekarizazioan... eragiten du. Jendeak bere eskubideak ezagutzen baditu, badaki, halaber, nola defenditu elkarrizketa bidez eta lasai, eta horrek eragina du elkarbizitzan eta harreman komunitarioetan».
Laguntza beharrei aurre egiteko moduak ardatz komunitarioarekin eta auzoen izaerarekin lotuta dagoela azpimarratu dute. Auzoen identitate hori berreskuratzea da bideo dokumentalarekin bilatzen duten erantzuna, «gaztetxeek izan zuten indarra berreskuratzea, hemen ondoan zegoen kultur etxearena, hitzaldiak ematen zituen mugimendu feministarena... Mugimendu autonomoak duen indarra eta garrantzia erakustea funtsezkoa da».



