Prostata
Ederra da kalera irtetea astearen hondarra lagunekin ospatzera taberna ingurura sagardo, garagardo zein ardo tragoxkek ahosabaia eta mihia blaitutako girora. Animoak piztu eta gora etortzen dira eta halakoetan jarrera irekiagoa izaten dugu, hizketagaiak ausartagoak dira eta sortzen diren eztabaidak lotsagabeagoak.
Zurito eta zurito artean pasa den astean batek prostataren tema atera zuen eta horrelako gaiez gehiago hitz egin beharko genukeela aldarrikatu, ezjakinak garela-eta. Herriko aldizkarira gutun anonimoa bidaliko zuela zioen zurito-temati, behingoz arlo interesgarriak landu zitzaten eskatuz. Prostata gora prostata behera eman genuen egun osoa, serio momentu batzuetan umorez zilipurdika gehienetan, ohikoa den bezala kale giroan.
Hasierako sintomez arinago hitz egiten dugu. Txorrotada gustura bota ezina, pixa tantaka egitea, bukatzen ez duzun sentsazioa, oinazea, gauez komunera sarri joan beharra, perineoan pomelo baten tamainakoa izatera irits daitekeen kozkorrik topatzen ote dugun… Kitto, hortik aurrera minbiziak edo inpotentziak tabu izaten jarraitzen dutela dirudi, aipamen hutsetik harago joateak lotsa emango baligu bezala.
Agian ezjakinagatik, agian lotsagatik edo beldurragatik, edo guztiengatik, baina prostataren gaixotasunik kaltegarrienak diren minbizia eta inpotentzia kalbarioak dira egunerokoan, tabuez beteta bizi ditugu eta nekez heltzen diegu sakonetik, ezta albo kalteei, karga fisiko, psikiko eta emozionalei, norberaren autoestimuan izaeran edo dignitatean sortzen dituzten urratuei edo bikote harremanean eragin ditzaketen higadurei ere.
Biharamunean eguerdiko marianito garaian tragoxka artean berriro tematu gara prostatarekin, inportantea zaigu-eta, eta horrexegatik heldu diogu umorez… axaletik. •
Prostata

«Finalaurrekoen bi itzuli daudenez, batean ganbarakoak egongo dira eta bestean ez»

«Ez dizuet Euskal Herri aske bat utzi, baina Euskal Herri bat utzi dizuet»

Euskararen inguruko gogoetak: hiru begirada eguneroko esperientziatik

