
«Gainetik makilatzen ezin da jarraitu,
bizitzak hemen eta orain behar gaitu»
Nerea Ibarzabal
Zuetako askorentzat bezalaxe, niretzat ere uda hau mugarri bat izan da: larreak horituta, Alemaniako errailak urtuta, basoak sutan, Nepalgo herritarrak birrinduta.... Bereziki gogoan dut ekaina erdialdeko aste itogarri hura, etxean sartuta eta pertsianak jaitsita. Gorputzaren termostatoa bere onera ekarri ezinik, etengabe galdera berak etortzen zitzaizkidan burura: eta zaharragoak? Eta eriak? Eta aire giroturik etxean jartzerik ez dutenak? Eta etxerik ez dutenak?
Beroa tarteko, Europan 50.000 pertsona baino gehiago hil dira. Lurra gero eta izaki bizidun gehiagorentzat gero eta bizigaitzagoa bilakatzen ari da, eta tartean, baita gero eta gizaki gehiagorentzat ere. Uda hau horren konstatazio partekatua izan da, zalantzarik gabe.
Baina udazkena heldu da, eta, tenperaturak goxatu ahala, larrialdi klimatikoaren gaia berriz apaldu dela dirudi. Hala ote? Ez luke behar, behintzat. Izan ere, Naomi Kleinek ezin hobeto laburtzen duenez, hau ez da udako sukar iragankorra, ezta gai ordenako beste puntu soil bat ere: «Honek dena aldatzen du». Mundua ulertzeko era, norberaren lekua bertan... eta esango nuke, baita eraldaketa pentsatzeko moduetako batzuk ere.
Parisko Akordioa martxan jarri zenetik hamar urte bete direnean eta COP31ren atarian, hori azaltzen saiatuko gara jarraian: hau da gure denborako erronka handietako bat, eta ez dugu nahi beste denbora.
ALDAKETA AZKARRAK
50 urtetara gerturatzen ari den lagun batek esaten zidan aurrekoan: «Alaba jaiotzear zela, pentsatzen nuen: ‘Martxa honetan, a zer mundua bizitzea tokatuko zaion!’. Baina gu ari gara mundu hori bizitzen! Eta hemendik hogei urtera?».
Aldaketa klimatikoa jada ez da zientzialariek behin eta berriz iragartzen duten urruneko mehatxua, ezta gure ondorengoei utziko diegun mundu petralaren izena ere. Larrialdi klimatikoa orain da, hemen da, eta horrek dakartzan aldaketak gu geu sumatzen eta bizitzen ari gara.
Adibidez, zenbatetan entzun dugu orain ez duela lehengo negurik egiten edo itsasoa lehen baino epelago dagoela? 30 urte inguru ditugunok ere jabetzen gara horretaz. Bada, azken 10.000 urteak kontuan izanik, aldaketa horiek norberak esperimentatzea sekulako anomalia da: Neolitotik industrializazioaren arora, tenperatura mendeko 0,1 gradu inguru aldatzen zen, motel, era iragarri ezinean; 1970etik hona, hamarkadako 0,2 gradu inguru aldatu da, 20 aldiz azkarrago.
Orain dela 80 amama Neolitoan geunden, zioen Oteizak. Grafikoki azalduta, 80 amama horiek batera bizi izan zituzten aldaketa klimatikoak gu bizialdi bakarrean bizitzen ari gara, geroz eta azkarrago, geroz eta zakarrago. Bistan denez, horra egokitzea oso zaila da, bai gorputzez, baina baita buruz ere.
DENBORA DESFASEAK
Dena den, burua are gehiago tenkatzen duen albiste bat eman beharrean gaude: larrialdi klimatikoa esperimentatzen ari garena baino sakonagoa da. Hector Tejerok azaltzen duenez, «inpaktu ekologikoak eta klimatikoak ez dira bat-batean gertatzen, denbora desfasearekin agertu ohi dira». Adibidez, «gaur egun, duela hogei urte gainditutako mugen ondorioak pairatzen ari gara, eta gaur bertan hemendik hogei urtera arte ikusiko ez ditugun egoera itzulezinak eragiten ari gintezke», nahiz eta gaur jabetzen ez.
Alde horretatik, igelarena gerta dakigukeela ohartarazten du Aritz Otxandianok: «Igel bat ura irakiten dagoen lapiko batera botatzen baduzu, segituan salto egiten du eta ez zaio ezer gertatzen; baina igel bat sartzen baduzu lapiko batean, eta lapiko hori pixkanaka berotzen baduzu, konturatzerako egosita hiltzen da, ez duelako arrisku pertzepziorik, eta, konturatzerako, beranduegi delako».
Arrisku horren aurrean, orain arte izan da fede bat: lasai, egoera geroz eta okerragoa bada ere, bene-benetako momentua heltzerako gizakiak topatuko du soluzio teknologiko magikoren bat, salbatuko gaituena. Hau da, mugara heltzean, linealki izorratutakoa linealki konpontzeko gai izango gara, lapikoa atzera bere onera ekarriz.
Spoiler: hori ezinezkoa da. Izan ere, Tejerora itzuliz, naturan kausa eta ondorioen arteko lotura ez da lineala, sare itxurakoa baizik: naturak «degradazio maila jakin batzuk xurga ditzake aldi batez, apenas bistaratu gabe, eta, gero, berehalako hondamendia eragin dezake beste perturbazio txiki batzuen aurrean». Gainera, atzera bueltarik gabeko puntuak urratuz gero, ondorio itzulezin eta bortitzak eragiten dira –jada ukitu ditugu batzuk–.
Hortaz, ez da mugekin jolastea komeni, ezta E egunaren zain egotea ere. Auzi honetan, esperientzia zein momentu kritikoak beti beranduegi etortzen dira, jada erabaki oker gehienak hartuta daudenean.
DENBORA MUGATUA
Denbora desfase horrek paradigma ekonomiko eta politikoak ere arrakalatzen ditu. Adibidez, bada planteatzen duenik trantsizio ekosoziala ondo dagoela, baina betiere «ekonomia auzitan jarri gabe». Galdera bat sortzen da segituan: zein eta zeinentzako ekonomia? «Ekonomiaren osasuna» gutxiengo baten mozkinekin nahasten baitute batzuek. Hor sartu gabe, kontua da egungo ekonomiarentzat ere hazkunde etengabean oinarritutako eredua eta horrek dakartzan ondorioak bilakatu direla mehatxu handienetarikoa. Hau da, “ekonomia” deitu izan dena ari da «ekonomia auzitan jartzen». Adibidez, Arcelor Mittal enpresak ur eskasiagatik labea eten egin behar izan zuen udan, historian lehen aldiz. Trantsizioa azkartu ezean, laster etor daitezke bigarren eta hirugarren aldiak.
Eraldaketa ulertzeko moduetan ere eragiten du horrek. Izan ere, orain arte premisa bat izan da oinarri: porrotak porrot, beti izango da posible berriz altxatu, borrokatu eta irabaztea; hau da, emantzipaziorako denbora mugagabea da. Horren arabera ulertzen dira, esaterako, “geroz eta okerrago, hobe” edo “geldo goaz urrutira goazelako” bezalako baieztapenak. Larrialdi klimatikoak, baina, tesi horiek posible egiten zituen oinarria zartatu du: lurzorua atzeranzko eskailera mekanikoa bihurtu da, eta herri bezala aurrera egiteko –are, posizioan mantentzeko– erritmo eta eskala jakin batzuk gainditu behar dira nahitaez. Bide horretan geroz eta okerrago aritu, askoz okerrago izango da.
Trantsizio ekosoziala beti biharko uzteko tentaldiak ere geroz eta sostengaezinagoak dira. Esaterako, aurrena kapitalismoa eraitsi behar dela planteatu daiteke. Baina langile mugimenduak 200 urteetan lortu ez duena ez dut uste datozen hamar, hogei urteetan lortuko dugunik, eta zenbait aldaketa urte horietan egin ezean jendarte sozialista baterako baldintza naturalak kiskali egingo dira. Jakina, horrek ez du esan nahi «kapitalismo berdea» akritikoki besarkatu behar denik, baizik eta, kontraesanak kontraesan, gaurdanik aurrera urrats klimatikoak lortzen ahalegindu behar dela, ahal den erarik justu eta demokratikoenean. Ildo horretan, trantsizio ekosozialak badu bertute bat: energiaren eta elikaduraren ekoizpena tokikotzeak jabetza eta onurak tokian toki disputatzeko aukerak errazten ditu. Emaitza indar harremanen araberakoa izango da.
Beste horrenbeste gertatzen da independentziarekin: prozesu independentistan aurrera egiteko ezinbesteko baldintza da energia eta elikadura burujabetzan sakontzea. Batetik, Euskal Herriaren independentzia materialerako energia eta elikadura funtsezko zutabeak direlako; bestetik, kanpoko erregai fosilekiko dependentzia betikotuz gero, Estatu espainol eta frantsesek presio mekanismo erraz bezain eraginkorra izango baitute eskura: energia iturrien etetea.

GRADU BAKOITZA
Hamarkada honetan ez da beharrezko aldaketarik lortu, eta graduek gorantz jarraitzen dute: NBEk ziurtzat jo du mendea amaitzerako 1,5 graduko langa gaindituko dela. Zer egin horren aurrean?
Askotan pentsatu izan dugunaren kontra, horrek ez du bere horretan esnatze ekologista bat ekarriko, ezta gizakiaren joera kooperatiboenen indartze bat ere. Tik-tak hotsak justu kontrakoa ere hauspotu dezake. Esaterako, bunkerizatzeko joerak nagusitu daitezke: “Kolapsoaren aurrean, har ditzagun neurriak ni edo gu –besteen kontra– salbatzeko”. Esan eta egin, bunkerrak eraikitzeko negozioa goia jotzen ari da, bizirauteko kita ziurtatzeko deia egiten du EBk, oligarkak Marterako ihesa ari dira prestatzen... Negazionistek ez bezala, hauek ez dute aldaketa klimatikoa ukatzen; kontrara, kolapso eta hondamendi klimatikoak eszenatoki saihetsezin gisa aurresuposatzen dituzte, horren aurrean soluzio pribatu eta baztertzaileak eskainiz.
Larrialdiaren kontzientzia horrek kontsumismoaren logika are eroago batera ere eraman gaitzake: “Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna” leloa krisi ekosozialaren testuingurura ekarrita, “egin gaur bihar egin ezingo duzuna”. FOMO garaian, ez al gaude denok zurrunbilo horretan murgilduta? Horren erakusle, aurtengo udan abioi hegaldien errekorra gainditu da.
Horren aurrean, adituek mezu bat errepikatzen dute etengabe: ez dago ihesbiderik, ezta planetako indar sismikoen aurka egin dezakeen bunkerrik ere; gradu bakoitza oso oso oso garrantzitsua da, eta hori lehiatu behar da. «Batez besteko tenperatura globala gradu gutxi batzuk aldatzeak klima zeharo aldatzen du. Azken glaziazioan, Lurra industriaurreko garaian baino sei gradu soilik hotzagoa zen», zioen Nerea Bilbaok orain gutxi. Positiboan formulatuta: apaltzea lortzen dugun gradu bakoitzak guztion bizitza zeharo hobetu dezake.
MARATOIA ETA ESPRINTAK
Ez da erraza, baina posible da. Erronka handia bada ere, sosegurako deia egiten du Aiora Zabalak: «Mugez hitz egiten baldin badugu, pentsatzen dugu gauzak zuri edo beltz direla: ‘Zeozer egin behar baldin badugu 2030erako eta ez baldin badugu egiten, zerbait gertatuko da’. Ez, ez da horrela, gradiente bat da», malda moduko bat.
Eta hor dena ez da beltza, badaude malda gurera tolesteko indarguneak ere. Hasteko, Parisko Akordiorekin ez da lortu trena erabat gelditzea, baina gutxienez motelarazi da. Horri lotuta, badaude esperantzarako albisteak ere: osasun edo geopolitika arrazoiak direla eta, energia eta elikadura burujabetzaren auzia geroz eta zentralagoa bilakatzen ari da; Txinaren bultzadarekin, berriztagarrien bideragarritasun eta efizientzian sekulako urratsak egiten ari dira... Faxismo fosila gogor eusten ari bada ere, pixkanaka paradigma berri bat ari da urgaineratzen, eguzkiaren energia oparo, merke eta jasangarriagoan ardaztutakoa. Kontua da eredu hori nagusituko den, eta hala egitekotan, nola eta noizko gertatuko den.
Garaiz izan dadin, maratoiaren eta esprintaren logiken arteko oreka bat topatu beharko da. Batetik, ezinbestekoa izango da epe ertain-luzeko ikuspegia, eraldaketak iraunkorrak izan beharko baitira eta neurririk anbiziotsuenak ere ez baititugu orain eta hemen osoki sumatuko. Bestetik, esprinterren senari jarraikiz, ezinbestekoa da indar guztiak azkenerako ez uztea, orain egindako urratsen araberakoa izango baita geroko bidearen zailtasuna.
Maratoiaren barnean, bada tarteko helmuga bat: 2050. Askotariko aditu eta eragile, ñabardurak ñabardura, bat datoz horren garrantzian, bai eta ordurako egin beharreko bidean ere: herri gisa, ezinbestekoa da kontsumoa erdira jaistea, eta energia eta elikagaien erdia hemen eta era justuan ekoiztea. Besteak beste, hori da datozen 24 urteetan –sei legegintzalditan– lortu behar dena.
Bide horretan, Tejerok irizpide bat proposatzen du, pauso bakoitzeko neurgailua eta akuilua izan daitekeena: «Ezein akordio, kontzesio edo garaipen sozialek ezin ditu muga atzeraezinak arriskuan jarri, ezta bizigarritasuna hipotekatu ere». Erronkaren dimentsioa kontuan izanik, oinarri xumea dirudi, baina pauso ekosozial sinpleenek ere erroko eraldaketak eskatzen dituzte: zein politika publiko egin behar dira horretarako? Enpleguak defendatzeaz batera, nola bultzatu trantsizio industriala? Eta garraio, ur, zabor, baso edota elikagai sistemena? Lurraldeak nola antolatu behar dira bizigarritasuna hipotekatu ez dadin? Eta gure bizitzak?...
Galdera horiek ondo erantzuten asmatuz gero, agertokirik okerrenak ekiditeaz gain, denontzako bizitza oparoak eraikitzea ere posible izango da.


