Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea

«Oraindik ere badago zori puntu eta zoro puntu eder bat txapelketan»

Ondo ezagutzen ditu txapelketaren barrunbeak Andoni Egañak. Bide luzea egin du txapelketan, Euskal Herriko lau txapel kabitzeko adinakoa, eta orain ere gertutik eta zorrotz jarraitzen du. Aurten bere lana izango da txapeldunari txapela janztea.

Irudian, Andoni Egaña Zarauzko hondartzan.
Irudian, Andoni Egaña Zarauzko hondartzan. (Jon URBE | FOKU)

Lautan jantzi du Euskal Herriko txapela; 1993an, 1997an, 2001ean eta 2005ean. Aurtengoan berak jantziko dio txapela abenduaren 20ko finala irabazten duenari. Andoni Egaña Makazagak (Zarautz, 1961) ondo ezagutzen ditu txapelketa handiaren bihurguneak, kanpotik ikusten direnak eta bertsolariaren baitan bihurritzen direnak. 1986an kantatu zuen lehen aldiz Euskal Herriko finalean, 24 urte zituela. 2009. urtean kantatu zuen azkenengoz finalean, 48 urterekin. Txapelketako trenetik jaitsi den arren, plazan jarraitzen du. Gertu ditu gaurko txapelketetan dabiltzan bertsolariak. Lehen lerrotik ikusi du nola aldatu den bertsolariaren prestaketa. Eta txapelketa bera oso zorrotz eta gertutik jarraitzen du.

«Gogotsu ari naiz jarraitzen txapelketa. Niri bertsoa gustatu egiten zait eta bertsolariak lagunak ditut. Harriduraz ere banago, batez besteko mailaren onagatik. Garai bateko txapelketekin alderatuz, maila ona edo oso ona dela esango nuke».

Kanpotik begiratuta, txapelketa prestatzeko garaian aldaketak sumatzen dira. Adibidez, azken urteotan ohikoa bihurtu da bertsolariak taldeka elkartzea bertso-eskola formatuan. Gero badira kanpotik hain garbi ikusten ez diren aldaketak, baina imajinatu daitezkeenak; elikadura zaintzea, meditazioa egitea, kirola...

«Gauzak asko aldatu dira. Nik uste dut orain txapelketa hobeto, kontzienteago eta taldekoago prestatzen dela. Hiru ezaugarri horiek badaude. Fisikoki hobeto, uste dut jendeak gehiago zaintzen duela bere burua. Ni gauza horietan ez naiz batere puritanoa izan, ez dakit zein garrantzia izan dezaketen... Guk astakeria handiak egiten genituen, gai ginen finalaren bezperan saio bat hartzeko. Gure garaian zoriaren esku gehiago geunden, ‘ea gaur zein egun daukadan’ eta gaur egun kontrolatuago dago hori. ‘Hobeto’ horren barruan sartzen ditut lo orduak eta elikadura».

Dagoeneko kontatu daitezkeen astakeria handiak egin dituela aitortu du Egañak. «Finalerdi batera gaupasa eginda joan nintzen. Nahi gabe, baina gaupasa eginda. Bertso afari bat eduki genuen Azpeitian, Orioko festetara joan ginen gero eta goizeko bederatzietan nengoen lagun batekin geratuta. Asmoa zen Eibarrera joan, goizeko saioa entzun eta arratsaldean nik kantatzea. Nikolas Zendoiarekin nengoen geratuta, pentsatu nuen hitzordura azaltzea eta Nikolasi esatea ohera nindoala, bera bakarrik joateko. Iritsi nintzen goizeko bederatzietan Zarautza eta Nikolasek esan zidan: ‘joe Andoni, ikaragarri aurpegi ona daukak, argi etorri haiz’. Ez nintzen ausartu ezer esatera eta berekin Eibarra». Ondo joan zen, saioa irabazi zuen. «Horrelako kirtenkeriak egin gabe ere -nik behin egin nuen- orokorrean gehiago sinisten genuen zorian».

Kontzienteago, Egañak nabarmendu duen bigarren aldaketa. «Orain gauza askotaz kontzienteago dira, errimategia lantzeaz gain, gai bakoitzaren inguruko kokapena hartzen saiatzen dira. Bertsolari bakoitzak gauza dezente analizatzen dituela uste dut».

Kanpoko begirada ere asko zorroztu da, bertsolariarekiko exijentzia maila handia da, bertsoa bat-bateko jarduna dela ahazteraino kasik. «Irizpide kritiko, ideologiko, gramatikal, sintaktiko... denak ondo, eta, gainera, graziosoak izatea, ezta? Gehiegi igual, baina egia da gizartea ere horrela dagoela, oso azal finarekin jarria. Ez da erraza gaurko gizarteari kantatzea, oso gizarte ezpaldua da; hainbat eta hainbat ideia desberdin daude. 60ko hamarkadan kantatzea baino zailagoa zen 70ekoan; zailagoa 80koan eta gaur egun are zailagoa».

Sare sozialek ere ekarri dute aldaketa. «Gure garaian, bertsolarien arteko sare sozialak autoko bidaiak eta oholtzara igo arteko eta jaitsi ondorengo momentuak ziren. Sare sozialak ‘hobeto’ eta ‘taldekoago’ horietan sartzen ditut. Sare sozialek badituzte arriskuak eta alde txarrak, baina uste dut prestakuntzarako klabea direla. Gaur egun hor dabiltzan bertsolariak udalekuetatik elkar ezagutzen dute, harremana dute orduztik eta edozein hitzordu, entrenamendu, ordu... azkar adosten dituzte sare sozialen bidez. Elkarri gaiak jarri, erantzun... Alde horretatik teknologia lagungarria da, sareak ehuntzen laguntzen duelako».

Txanponaren beste aldean, sare sozialetan bertsolariari erraz ematen zaio egurra, epaiketa mikatzen biktima izateraino. «Hor dago neurria, mesedetan direnean erabili, eta, kaltetan direnean, ezta ireki ere ez». Garai batean, teknologia bertsozalearen egunerokoan hain presente ez zegoenean, bertsolariak jasotzen zuen entzulearen iritzia. «Agian ez orain adina, baina jasotzen zen. Nire lehen txapelketa nagusian, 1986an, ‘Egin’ egunkariak salto nabarmena eman zuen eta dagoeneko saioak aztertzen ziren».

TXAPELKETAKO BERTSO-ESKOLAK

Azken urteotan txapelketetan, bai herrialdekoetan eta bai Euskal Herrikoan, ohikoa bihurtu da bertsolariak elkartzea txapelketa taldean prestatzeko. Batzuetan gertutasunagatik elkartzen dira, adiskidetasunagatik beste batzuetan. Eta badira bertso talde batean baino gehiagotan aritzen direnak ere. «Hori oso gauza ederra da. Guk ez genuen horrelakorik egiten, ahal genuena egiten genuen ahal genuenarekin. Entrenatzen ginena bakarkagoago egiten genuen. Nik 1993an Nikolas Zendoiaren laguntza izan nuen, bere aroztegian elkartzen ginen lau-bost bertsotan egiteko. Gero, 2001ean, anaiarekin eta koinatarekin egin nituen proba batzuk. 2005ean, Eusebio Lopetegi Agerre azpeitiarrak esan zidan ea nahi nuen elkartzea eta halaxe egin genuen. Beti izaten dira bidelagunak, baina gaur egun askoz kontzienteago egiten dute. Gainera, gaur egun bidelagun horiek agian zurekin lehian dabiltzan bertsolariak dira eta hori polita ere bada».

Irudian, 1986ko finala, Egañaren lehenengoa. Ezker-eskuin, Egaña bera, Jon Sarasua, Xabier Amuriza, Iñaki Murua, Anjel Mari Peñagarikano eta Jon Lopategi. (Juantxo EGAÑA / XENPELAR DOKUMENTAZIO ZENTROA)

Hain gertuko direnak txapelketako saio batean lehian aritu beharra onerako edo txarrerako ote da? «Ez dakit, gaur egun asko analizatzen da dena, eta ez dakit hainbesterako ematen ote duen. Azkenean, bat-bateko jarduna da eta analisietatik kanpo dauden faktore pila bat egon daitezke. Egia da guk zorian gehiegi sinisten genuela, baina oraindik ere badago zori puntu eta zoro puntu bat eder bat».

Orain dena kontrolpean izan nahi du bertsolariak, akaso gehiago sinistu beharko luke zorian eta zoroan? «Igual bai. Baina bizitzaren alderdi guztietan gertatzen da. Futbolean duela berrogei urteko talde batek entrenatu egiten zuen eta askoz gehiago ez. Orain analistak daude, psikologoak, dietistak, bideoak ikusten dituzte... Dena konplikatu behar hori nagusitu da. Ez da txarra, baina sinistu behar da pixka bat magian. Egia da ondo irtenez gero oso ederra dela eta gaizki irtenez gero... ba oso txarra. Horregatik, oraingo txapelketetan batez besteko maila oso ona iruditzen zait hori kontrolatzen dutelako. Gero oso zaila da hortik gora egiten eta hortik behera ere oso gutxik egiten dute, zorionez. Oso saio parekatuak ikusten ari gara, ez dago alde handirik puntuetan, berdintasun hori sumatzen da».

Puntuen berdintasun hori bada kezka iturri txapelketa garaian, epaileak 5,5-7,5 tarte horretan mugitzen ote diren, hortik gorako puntuak emateak bertigoa sortzen ote duen... «Bai, hori gertatzen da. Neroni etxeko sofan jarri izan naiz bertsoak puntuatzen, inork ez duela puntuazioa ikusiko jakinda, eta kostatu egiten zait bertso bati bederatzi puntu ematea. Tira, horrek kezka txiki bat sortzen du bakarrik txapelketa garaian». Alegia, bertsogintzaren mundu zabalaren barruan eta plazako jardunean, ez du tokirik okupatzen kezka horrek. Baina txapelketak bere-bereak ditu korroak eta murmurioak. Lehen bezala orain.

ERDI MINAREN NEURRIA

Bada Xabier Amurizak kontatzen duen pasadizo bat txapelketaren testuingurua nola aldatu den irudikatzen lagundu dezakeena. 1964ko Gipuzkoako Txapelketako finalean kantukide izan ziren Lazkao Txiki eta Kaxiano Ibarguren. Kaxiano itsua zen gaztetan izan zuen istripu baten ondorioz. Goizeko saioan, Lazkao Txikik besotik heldu eta mikrofonora hurreratzen lagundu zion Kaxianori. Bazkalostean, arratsaldeko saioan, aldrebes, Kaxianok lagundu zion Lazkao Txikiri, bazkalorduan trago bat edo beste hartuko zituelako edo. Publikoak txaloka eta umorez jaso omen zuen gertaera. Hala ere, ez zen asko okertu izango Lazkao Txiki, txapela buruan etxeratu baitzen.

Txapelketa ikusteko gaurko begietatik, zaila da horrelako egoera bat imajinatzea. «Erabat aldatu da txapelketaren testuingurua, baina dena aldatu da. Lehengo elikadurarekin ez dauka zerikusirik oraingoak, gutxi edo gehiago denok zaintzen dugu. Testuinguru horretan ulertu behar dira txapelketan eman diren aldaketak. Nik orain txapelketa jokatu behar banu, oraingoen alde onak hartuko nituzke. Saiatuko nintzateke lehiakide ditudan beste bertsolari batzuekin entrenatzen, saiatuko nintzateke kantatu behar dudan tokiko erreferentziak biltzen... Hori aurten asko ikusi da, bertsolaria asko prestatu da, kantatu behar zuen tokiko testuingurua ikertu du. Gaur egun bertsolaria oso langilea eta fina da». Eta aurten ez omen litzateke gaupasaz joango, hori txantxetan gaineratu duena.

Lehen, akaso, plazako jarduna bazen nahikoa entrenamendu, edo horrela ulertzen zen behintzat. Hala ere, lehen eta orain, plazakoa eta txapelketakoa bi genero desberdin dira. «Txapelketan saiatu behar duzu lerrorik ez alferrik galtzen, bertso denetan zerbait esaten eta, ahal baduzu, puntu denetan. Plazan horrek ez dauka hainbeste garrantzirik. Txapelketako saio batzuetan iruditu zait ‘plazakoegi’ aritu omen diren, erraz. Baina txapelketarako erraz ez da neurria, erdi minaren neurria topatu behar da, pixka bat sufritu egin behar da. Erdi min hori ez baduzu sentitzen, gaizki. Plazak eta txapelketak ahal denik eta igualen izan behar dute, baina plazetan ondo aritzen garelako.... Hori ariketek agintzen dute eta aurten ariketak oso plazakoak izaten ari dira. Plazan bezala bai, baina pixka bat gehiago kalkatuta. Pixka bat ekarrita, ez etorrita bakarrik. Etorri bakarrik egiten bazaizkizu ideiak eta ez badituzu ekartzen, agian txapelketarako ez da nahikoa».

2009ko Euskal Herriko finalistak. Egañaren azken finala izan zen. Ezkerretik hasita, Aitor Mendiluze, Unai Iturriaga, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Jon Maia, Amets Arzallus, Aitor Sarriegi eta Sustrai Colina. (Monika DEL VALLE / FOKU)

Txapelketak plazan ere itzala egiten du. Prestaketa lanetan dabilen bertsolariari zorroztasuna igartzen zaio plazako jardunean. «Uda honetan dagoeneko igarri diet. Errimategian igartzen da gehien, dagoeneko konturatzen zara kargatzen ari direla, biltegia betetzen gero hustu ahal izateko». Udazkenetik aurrera, autoko joan-etorrietan eta saio aurreko eta ondorengo solasaldietan estutasuna hasten da agertzen, bakoitzaren saioa gerturatzen ari delako. «Niri ere gertatzen zitzaidan. Jogurten tapan agertzen zen eguna nire saioaren ondorengoa zela ikusten nuenean larritzen hasten nintzen. Iraungitze-data zure saioaren eguna baino luzeagoa baldin bada, horrek esan nahi du gertu dagoela saioa».

Gustatzen zaio bertsolari gazteagoekin dakiena partekatzea. «Segur aski haiek nahi baino aholku gehiago ematen dizkiet».

FINAL ZAHARRA

Kinielarik ez diogu eskatuko Andoni Egañari, baina objektiboki esan duenez, final «zaharra» espero du. «Oso final zaharra izango da, 1986ko finaletik gaurkoetara, zaharrena. Orduan iruditzen zitzaigun aitona kuadrilla bat ari zela bertsotan, baina oraingoan zaharragoak dira. Maialen Lujanbiok 50 urte beteko ditu oraintxe. Nik 44 urte nituela jantzi nuen azken txapela eta Amurizak 42 urte inguru zituela. Bada datu bat beti arreta ematen didana. Messi puntako futbolaria da, txiklea dezente luzatu omen duena eta erretiratzeko dagoena. Aldiz, Beñat Gaztelumendi bertsolari gazte bat omen da, bertsotan oso ondo egiten duena. Bada, pentsa, Messi baino hamar egun zaharragoa da Beñat».

Belaunaldien arteko konparazioak eta loturak pasioz jarraitzen ditu Andoni Egañak. «Ez nau kezkatzen finala zaharra izateak, plazetan ere horrela gertatzen delako. Hemendik lau urtera finala gazteagoa izango dela aurreikusten dut. 2001eko finalean ni nintzen bertsolari zaharrena eta 40 urte neuzkan. Aurten, segur aski, lau edo bost finalista 40 urtetik gorakoak izango dira. Orduko hurrengo zaharrenek, Jon Maiak eta Irazuk, 29 urte zituzten eta gainontzekoak hortik beherakoak ziren. Aurten 39 urtetik beherako bat edo bi izatea gerta daiteke. Perspektiba hori interesgarria da; 2001eko finalean zeuden hiru bertsolari aurtengo finalean egon daitezke. Eta orduko bederatzigarren postura joanez gero, agian lau. Amets Arzallus, 18 urterekin, bederatzigarren izan zen 2001eko txapelketan». Horrek esan nahi du batzuek Euskal Herriko Txapelketaren finaletan 25 urteko bidea dutela marratua. Estua da finaleko atea.

«Nik ere bide osoa luzea egin nuen txapelketan eta oso azkar geratu nintzen belaunaldi kide gabe. Horrek sentipen arraroa sortzen du, bakartua sentitzen zara eta ulertzen duzu badela garaia hortik alde egitekoa. Atzetik zetorren belaunaldiak bai iraun duela denboran, denak elkarren bueltan dabiltza finaletan. Ea aurten».

Bertsozaleak asko gozatzen du txapelketan, akaso bertsolariak sufritu adina. Batzuetan alderantziz proportzionalak dirudite bi sentipenek. Hainbeste jokatzen al du bertsolariak txapelketan? «Ez da hainbeste jokatzen; ez ekonomikoki, ez prestigio aldetik, ez sozialki. Baina norberak lan handia egiten du, eta, gero eta lan gehiago egin, gero eta grina handiagoa daukazu lan hori azaleratzeko. Eta ez baduzu lortzen lan hori azaleratzea, horrek frustrazio puntu bat sortzen du beti. Hor jokatzen da nire ustez. Gero, plazetan ere badu eragina, baina lehenengo hilabeteetan. Norbait, hamabigarren geratu arren, pare bat jaialditan ondo aritzen bada, deituko diote. Zorionez txapelketa gure mikrokosmos honetan garrantzia daukan zerbait da, baina ez hainbeste. Eta horri erantsi behar zaio beti dela subjektiboa, ezin dela neurtu. Beraz, parte hartzen da jakinda ezin dela neurtu».