Miren Azkarate
Kazetaria

EtxeBizitzak

Etxe aldaketa bat, traslado bat, mudantza bat, ez da soilik lekuz aldatzea edo trasteak alde batetik bestera mugitzea. Hori ere bada, noski, eta ez da lan makala. Baina bada ere dolu bat egitea: atzean uzten duzun etxe horretan bizi dituzun momentuak, zurea egin duzun txokotxo hori, hamaika momentu partekatu dituzun espazioak uztea eskatzen du. Eta hori guztia ere ez da makala.

Enegarren aldaketa (eta azkena espero dut) bizitzen ari naiz azken asteetan, eta, bai, fisikoki nekatuta eta animikoki ukitua nago. Baina guztiaren gainetik, pozik, pozik aukera dudalako etxe eder bat izateko. Esfortzu handiarekin, baina aukera dudalako nire familiari leku paregabe bat emateko. Babeslekua, goxotasuna eta ziurtasuna eskaintzeko.

Urrutira joan gabe, egunero ikusten baitugu hau: esfortzu handia eginda ere, lortzen ez duen jende ugari; haur txikiak dituztenak, gazteak, helduak eta zaharrak… Ez da inor libratzen etxebizitzaren eskasiatik eta etxebizitza duin bat lortzeko ezintasunetik.

Egin genuen, bai, etxebizitzaren aldeko greba etxeko guztiek, txikienetatik hasi eta zaharrenera arte. Onartezina baita gertatzen ari dena. Eta oraindik entzun behar ditugu betikoak esanez greba batek ez duela arazoa konponduko. Oraindik betikoak ez baitira konturatu beraiek egiten dutenak bai ez duela balio, eta grebek ekarri dizkiotela gure herriari lortu dituen eskubide asko, guztientzako gainera, haientzat baita ere.

Euskaraz etxeBizitza esaten diogu espazio horri, bizitzeko etxea, “bizitza” hitza erdigunean jarrita. Segi dezagun denontzako etxebizitza eskatzen, segi dezagun borrokan. Lorpenak horrela iritsiko baitira. •