2026 MAI. 02 - 00:00h Erregai fosilak: ukituak, hondoratuak? Aiora Zabala Ingurumen politikan irakaslea eta ikerlaria, Cambridge unnibertsitatean Erregai fosilen erregimena pauso handitan desmuntatzen ari da. Arabiar Emirrerri Batuek utzi berri dute Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundea (LPEE) -munduko petro-estatuen bilgunea- eta horrek klub horren haustura adierazten du. Petrolio industria, ia mende batez ondasun eta inbertsio segurua izan dena, segurtasunaren pertzepzio hori galtzen ari da banku eta gobernuen artean. Petrolioa inportatzen duten herrialdeek orain aurrez aurre ikusten dute horrekiko mendekotasunaren irismena. Ekialde Hurbilean gizon gutxi batzuen erokeriak eragindako gatazka bihar desagertuko balitz ere (inshala), energia sistemak eraldatzeko piztu den txinparta ez da itzaliko. Ormuzko itsasartea ixteari buruzko berrien argazkietan, atzealdean agertzen diren itsaslabar erraldoiak nabarmendu nahi nituzke. Argazkiaren lehen planoan dauden petrolio eta gas ontziak handiak dira, baina Omaneko Musandam penintsulako erliebe ikusgarriaren aurrean garaiera galtzen dute. Metafora ederra iruditzen zait: munduko ekonomian garrantzia galtzearen irudia. Ormuzko itsasartearen itxi-ireki etengabearen ondorioz energia trantsizioaren uhinak munduan zehar hedatu dira. Txinak esportatzen dituen eguzki plaken kopurua azken hilabeteetan bikoiztu egin da, azken hamarkadako igoera etengabearen joera areagotuz; Trump Solar Boom bezala izendatu du Downing Streeteko 10. zenbakiko aholkulari ohi batek. Bestalde, Nazioarteko Energia Agentziak energia eskaria murrizteko berehalako neurriak argitaratu ditu, hala nola bidaiak gutxitzea, garraio publikoa sustatzea, autoak partekatzea eta efizientziaz gidatzea. Hau da, hamarkadetan jasangarritasunaren izenean aldarrikatu diren neurri berak, baina oraingoan energia segurtasunaren eta ekonomiaren izenean. Iaz Iberiar penintsulan gertatutako itzalaldi elektrikoaren arrazoiak argitu berri dira ere. Mezu esanguratsua dakarte energia trantsizioari dagokionez: energia iturriak aldatzeaz gain, sare elektrikoek ere bultzada handia behar dute, bai teknikoki bai erregulazioaren aldetik. Erresuma Batuan bertan, gure lagun batek kontatu zigun aurreko astean bere etxeko teilatuan (eta bizilagunenean) dauden eguzki plakek sortutako soberakina nola kudeatzen duten: ez dute dena kontsumitzen, eta sareko azpiegiturak mugak jartzen dizkio sarean sartu dezaketenari. Ondorioz, noizean behin plakak itzali behar dituzte. Uhin horien beste arrasto nabarmen bat Atlantikoaren beste aldean gertatu da, Kariben. Klima larrialdiari buruzko Nazio Batuen negoziazioetan LPEEren oihartzuna gero eta indartsuago hazi da urteetan zehar. COP gailurretan, erregai fosilen interesek, berotegi efektuko gasen isuriak murrizteko prozesu nagusia ia impasse batera eraman dute. Horretaz nekatuta (edo nazkatuta), hainbat gobernu apirilean Kolonbian elkartu ziren erregai fosiletatik aldentzeko trantsizioari buruzko lehen konferentzian, norabide horretan azkar aurrera egin nahi dutenen masa kritikoaren erakusgarri. Une geopolitiko honetan gertatu izana neurri batean kointzidentzia bada ere, halako ekitaldiak denbora luzez prestatzen dira. Baina tokia ez zen kasualitatezkoa: Kolonbiako Ingurugiro eta Garapen Jasangarriko ministroa ekologia politikoan aditua da, eta argi dauka erauzketan soilik pentsatzen duten teknokrata eta eliteek daramatela planeta berotzera. Horra beste txinparta bat. Klima eta ingurumenaren aldeko hizkuntza politikoak garrantzia galdu duela dirudi, segurtasunaren eta ekonomiaren diskurtsoaren alde. Baina, nolabait, jasangarritasuna inoiz baino indartsuago doa, hitzak berberak ez izan arren. •