GAUR8
Elkarrizketa
ZIHARA ENBEITA GARDOKI
UEU-KO ARTIZARRAKO KOORDINATZAILEA

«Euskarazko ekoizpen zientifikoa ez da behar beste baloratzen»

Euskaraz ari diren zientzialariak UEUk bultzatutako Inguma datu-basean topa daitezke. Oraintsu azalberritu duten Artizarra sare sozialak komunitate horren barruko hartu-emanak piztu nahi ditu, adituak eta arituak elkartzeko topaleku dinamikoa eskainiz.

(Jon URBE | FOKU)

Udako Euskal Unibertsitateak 2018an jarri zuen martxan Artizarra izeneko sare soziala, euskaraz ari den komunitate zientifikoaren topaleku. Oinarrian Inguma datu-basea dago, euskaraz egiten den ekoizpen zientifikoa biltzen duena. Biltegia ez ezik, komunitate zientifikoaren hartu-emana ere piztu beharra ikusten da UEUtik eta hortik Artizarra. Orain azalberritu egin dute, erabiltzen errazagoa izan dadin eta dinamikoagoa.

Zer da Artizarra?

Artizarra Inguma datu-basetik dator. Euskarazko produkzio zientifikoaren datu-basea da Inguma. Ikusten genuen hor biltzen zela ahoz zein idatziz euskaraz sortu zena, baina falta zela hor atzean zeuden egileak biltzea eta harremanetan jartzea. Oinarrian hori dago, euskarazko produkzio zientifiko horren egileak biltzea. UEUn badaramatzagu urte batzuk euskarazko komunitate zientifikoa saretzen, ehuntzen eta trinkotzen eta horretarako ere balio izatea nahi dugu, komunitate hori batzeko.

Artizarra ez da bakarrik zientzialarientzako sare sozial bat, profesionalentzako ere bada, eta adituentzat bezainbeste arituentzat. Azken finean, denok daukagu gai baten inguruan jakin-mina edo gai baten inguruan esperientzia.

Adituak eta arituak elkartu nahi dituzue.

Bai, egia da euskal komunitate zientifiko hori saretu nahi dugula, horri garrantzia eman, baina horrek ez du kentzen besteentzako ere erakargarria izatea.

Sare soziala den neurrian, garrantzitsua izango da hartu-emana izatea eta dinamikoa izatea.

Bai, eta hortik dator itxura berritze hau, ikusten genuelako ez genuela lortzen behar besteko dinamika hori. Baziren alor batzuk beharbada besteak baino dinamikoagoak zirenak, baina orokorrean ez genuen hori lortzen. Lehen taldeka banatzen zen sarea, 27 jakintza arloetan, eta horietako batean parte hartu behar zen. Ikusten duguna da nahiz eta berariaz ez den hori bultzatzen, gero eta diziplinartekoagoak direla gaiak, eta, beraz, taldeen zurruntasun horrek ez zuen laguntzen. Orain jarri dugun aukera beste sare sozialetan horma deitzen den hori da, nahi duzuna bertan idazteko. Baina oraindik badira taldeak, jakintza alor zehatzetako kontuak bakarrik elkarbanatzeko.

Talde berriak sortzeko aukera ere badago eta, azalberritu dugunetik, talde bi sortu dira erabiltzaileek eskatuta. Horietako bat dizplinartekoa, feminismo eta genero-ikerketena. Eta bestea filologiarena.

Euskal komunitate zientifikoa, segur aski, uste duguna baina zabalagoa da.

Bai, baina egia da euskarazko produkzio zientifikoa beherantz doala. Duela gutxi Amaia Torrealday Galarretak ikerketa bat egin du Inguma datu-basean oinarrituta eta berak ondorioztatu du joera beheranzkoa dela, eta egileen eta erakundeen arteko lankidetzarik ez dagoela. Nik uste dut Artizarrak bi horietan lagundu dezakeela, lankidetza horretan, harremanetan, saretzean. Eta, era berean, euskarazko produkzio zientifikoa bultzatzen ere lagundu dezake. Inguma datu-basean 14.000 bat egile daude sartuta. Egile horiek euskara batuaren sorreratik honakoak dira. Artizarran une honetan 1.300 bat parte hartzaile daude. Oraindik badago handitzeko tartea. Gaur egunean sare sozialak nola dauden ikusita, gure komunitate txiki hau gero eta sakabanatuago dagoela ikusita, horretan ere lagundu dezake.

(Jon URBE / FOKU)

Euskararen komunitate txikiari buruz ari zara.

Bai, Artizarra euskaratik eta euskaraz den heinean, arnasgune ere bada. Arnasguneak ere zoritxarrez gero eta gutxiago dira eta nik sinesten dut tresna garrantzitsua izan daitekeela. UEUk sortu arren, ez da UEUren zerbait, denon eskura jartzen duen tresna bat da. Egia da ez dela ohiko sare sozial bat, gaur zer jan dudan kontatzeko sare sozial bat. Beraz, ez da konparagarria beste sare sozial batzuekin. Baina une honetan saretze hori beharrezkoa da.

Beraz, euskarazko ekoizpen zientifikoa beherantz doa.

Ez da erraza horren atzean zer dagoen azaltzea, faktore asko daude segur aski. Giza eta gizarte zientzietan ekoizten da batez ere euskaraz. Baina gaur egun ikerketa nola dagoen ikusita, argitalpenei ematen zaien garrantzia ikusita, ingelesez egin beharra dute. Beraz, ingelesez egin duzuna gero euskarara ekartzea militantzia lana da.

Euskarazko ekoizpen zientifikoa ez da behar beste baloratzen, bestelako bultzada bat beharko luke. Zenbateraino baloratzen da euskarazko dibulgazioa eta ekoizpen zientifikoa?

Era berean, garrantzitsua da euskarak arlo zientifikoan ere presentzia esanguratsua eta bizia izatea, ezta?

Askotan ikertzaileek berek aipatzen dute jasotzen duten hori bueltan eman behar dutela. Baliabide publikoak jasotzen dituzte ikerketa egiteko eta herriari bueltatu behar diote bildutako jakintza. Dibulgazioaren garrantzia ikusten da hor, euskarazko dibulgazioarena. Ikerketari berari garrantzia gehiago eman beharko litzaioke.

Artizarra testuinguru horretan mugitzen da.

Bai, finean gu ahalegintzen gara hor dagoen komunitate horri ahotsa ematen eta baditugu hainbat proiektu horretarako: Ikergazte, bideopodcastak, dokumentalak... Hainbat ekintza bultzatzen ditugu euskarazko ekoizpen zientifikoa ikusgarri egiteko, nabarmentzeko, ikertzaileen kezkak azaleratzeko, saretzeko. Artizarra pauso bat gehiago da.

Zer egin behar da Artizarran parte hartzeko?

Ateak zabalik daude. Norbanakoak aipatu ditugu, baina ikertaldeek eta bestelako elkarteek ere badute hemen zer egina, zer esana eta zer erakutsia; horregatik, Artizarran parte hartzera gonbidatuko nituzke. Helburuak zeintzuk diren kontuan hartuta, izena ematen duten horiek izen-abizenez sinatzea eta nortzuk diren azaltzea garrantzitsua da gune seguru eta erosoa izan dadin guztiontzako. Saretzea helburu den heinean, parez pare nor duzun ikustea garrantzitsua da. Adituak eta arituak aipatu ditugu, baina kazetarientzat bai Inguma eta bai Artizarra tresna garrantzitsuak dira, gai baten inguruan eta euskaraz nor ari den ikertzen jakiteko. Berdin irakasleentzat ere. Interesgarria izan daiteke gai baten inguruan euskaraz zein ekoizpen dagoen jakitea.

Gainera, Inguma eta Artizarra lotu ditugu. Inguman topatzen dituzun adituak Artizarrak dauden jakin dezakezu datu-basean bertan sartzen zarenean. Hartara, aukera izan dezakezu zuzenean harremanetan jartzeko Artizarraren bidez.

(Jon URBE / FOKU)

Nondik dator Artizarra izena?

Artizarra eguzki sistemako planeta da, eta ez dago isolatuta. Sakabanatuta dauden ikertzaile horiek biltzea da helburu bat. Ikertzaileek askotan aipatzen dute ondoko bulegoan dagoena zertan dabilen ere ez dakitela. Beraz, sakabanaketa horri aurre egiteko sortu da sare sozial hau. Gero, Artizarrak, izarra den heinean, badu erreferente kutsu hori ere. Erreferentzia izatea eta erabilgarri izatea nahiko genuke. Eta, azkenik, Artizarrak errotazioa kontrako norabidean egiten du eta proiektu hau, UEUren beste proiektu askoren legez, kontra korrontean doa. Garrantzitsua da kontra korronteko lan hori, izokin lan hori. Hortik gauza ederrak atera daitezke.

 

«Gero eta gutxiago argitaratzen da euskaraz», ondorioztatu du Amaia Torrealdayk

Amaia Torrealday Gallarretak irabazi zuen iaz deitu zen “Ingumak 25 urte” ikerketa-beka. Euskarazko ekoizpen zientifiko eta intelektualaren bilakaera, garrantzia eta eragina sakonago aztertu eta aitortzeko egin zuen beka-deialdia Udako Euskal Unibertsitateak, eta Torrealdayk aurkeztutako “Euskal ekoizpen zientifikoaren bilakaera Ingumaren 25 urteen bitartez ikuspegi bibliometriko batetik” proposamenak eskuratu zuen laguntza. Torrealdayren ikerketak mahai gainean jarritako ondorioak ez dira positiboak euskarazko ekoizpen zientifikoari dagokionez: ekoizpena beherantz doa.

Torrealdayk bere lanean nabarmendu duenez, «Inguma da momentu honetan euskarazko ekoizpena neurtzeko tresnarik osatuena. Aztertutako hizkuntza gutxituetan ez dago Inguma bezalako tresnarik eta interesa piztu du». Bada, bertatik abiatuta, euskarazko ekoizpenaren joera beheranzkoa dela egiaztatu du. «Gero eta gutxiago argitaratzen da euskaraz. Ingelesaren nagusitasuna identifikatzen da funtsezko faktore gisa. Ikerketa akademikoaren egitura globalak (aldizkari eta datu-base nagusien hizkuntza, ebaluazio-agentzien irizpideak, nazioarteko finantzaketa-deialdiak) ingelesa lehenesten du eta, zientzian, hizkuntza gutxituen biziraupena kaltetu».

Euskaraz argitaratzen dena, giza eta gizarte zientzien arloetan egiten da (%78), batik bat, artikulu formatuan. «Hizkuntza gutxituetako ekoizpena eremu jakin batzuetan kontzentratzen da eta, hori, lurraldetasunari eta kulturari lotuta dago», nabarmendu du.

Torrealdayren hitzetan, «gaur egun lankidetza mugatua da (ikerketa-sare txikiak eta itxiak ditugu). Unibertsitate eta ikerketa-erakundeen antolamendu-logikak lehia bultzatzen du elkarlanaren kaltetan. Sare akademiko sendoagoak eta elkarlan transnazionalak eraiki beharko lirateke: koprodukzioak sustatu eta lankidetzan oinarritutako proiektu bateratuetarako pizgarriak eta finantzaketa eskaini».

Nazioarteko ikusgarritasuna ere hobetu daitekeela jaso du Torrealdayren lanak. «Nazioarteko datu-base handietan, euskarazko ekoizpenek neurgarritasun eskasa dute eta ia ikusezinak dira. Nazioarteko datu-baseetan ingelesaren nagusitasuna ukaezina da. Tokiko hizkuntzen presentzia marjinala da. Gainera, ikertzaileen artean, ikerketa zientifikoaren argitalpen-prozesuak zorrotz markatutako bideetatik egin behar diren uste orokortua dago».

Azkenik, tresna alternatiboak bultzatzearen beharra nabarmendu du Torrealdayk. «Euskarazko ikerketaren inpaktu soziala neurtzea, aldizkari sendo eta elebidunak sortzea edo daudenak indartzea beharrezkoa da».