2026 MAI. 23 - 00:00h Elkarrizketa JON GARMENDIA «TXURIA» IDAZLEA «Erbestea hiltzeko modu bat da, eta, ahanztura, beste bat» Etxetik alde egiten duzu, itzuleran pentsatuz, esturaz. Eskuetatik laprast egin dizun beirazko edalontzia bezala ikusten duzu bizitza zoruan birrinduta. Iragana eta etorkizuna banatzen diren denbora-lerroaren gainean zabiltza, zerumuga berrietan dabilen ulhaintsa baino ez zarela onartzen duzun arte. Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen. Ariane Kamio Erbesterako bidea hartu aurretik, etxeko atea azken aldiz itxi zuen eguna iltzatuta geratu zaio Jon Garmendiari (Urnieta, 1972). Ihesa eta itzulera dira, ustez, erbesteratu baten mugarri nagusiak, baina tartean ernatzen den sentimendu anabasak lurralde emozional berrietara eraman du idazlea. Horren emaitza da “Ulhaintsaren negarra” (Elkar, 2026), erraiak berrabiaraztera behartzen zaituen barne morokil hori biltzen duen poesia lana. Jon Garmendia, zer moduz zaude? Gustura, zer esango dizut, bada? Etxean nago. Etxea elementu garrantzitsua izango da elkarrizketa honetan, liburu honetan ere etxe desberdinak daudelako, naturaz jasotakoak eta halabeharrak ekarri dituenak ere... Jon edo «Txuria», nola nahiago duzu deitzea? Gu Franco hil aurretik sortuak gara eta euskarazko hitzak ez ziren baimenduak. Amak esaten du berak borrokatu zuela sortze partidan eta bestelakoetan euskarazko izena mantenarazi eta ni Jon izateko. Halaxe jaiotzen gara denok, gure izena beste norbaitek erabakita. Baina esango nuke gertukoentzat Jon, eta Txuria mundu guztiarentzat bihurtu naizela, zeren, azkenean, ezizen horrekin plazaratu dut musikagintzan edo bestelakoetan egin dudan bidea. Letragile bezala duzun esperientziarekin eta liburu honen argitalpenarekin, esan dezakegu poesia dela zure habitat naturala? Bai, zalantzarik gabe. Gainera liburu honetan erbestea da zutarri nagusia eta hor min bat dago. Minak eramaten zaitu artea sortzera eta herriminak eramaten zaitu poesiara, barnetik bizi duzun gordintasunera. Zure baitan korapilo txikiak egiten dira eta horiek askatzeko modu on bat da poesia. Umetatik beti izan dut sentikortasun berezi bat, naturatik zetorrena, edo baserritik ere, zeren bertan beste erritmo bat zegoen, gauzei beste arreta bat jarri behar zitzaien, lore bati, zuhaitz bati… eta hori harri artean ez da gertatzen. Hor ikasi nuen barneko gauzak hitzetara eramaten. Poesian oso “ni” sentitzen naiz. Min hori adierazteko ariketa zintzo bat egin duzu liburu honetan eta agian hori da biderik sinpleena, eta, era berean, emankorrena irakurleak uler dezan erbestea bizi izan duen pertsona batek zer sentitu duen, benetan konplikazioak alboratu eta biluztasun hori agerian uzteko jendaurrean. Gustatzen zait galderak eskaintzen didan zabaltasuna. Niretzat justuki hori da. Azkenean, liburua batek hartuko du eta esango du: «Joandako batek idatzi du hau eta gero itzuli denak», eta beste batek esango du, «erbesteratu bat, zeozergatik joango zen». Esan nahi dut, ja etiketa bat jarri da. Etiketa horri aurre nola egiten zaio? Nik egiten dudana da, literaturaren bitartez, bizi izan dudana, ikuspuntu partikularretik, “ni” horretatik, unibertsaltasunera jo, zeren ez naiz ni bakarra hori eduki duena edo hori bizi izan duena. Etxea derrigorrez uzteko modu asko daude. Eta bai azpimarratu nahi nuke alde egin duen batek badaukala etiketa bat, estigma bat. Atzean gaizkia izango balu bezala? Bai, zeren juzgu bat dago bere inguruan. Aurrez epaitua dago. Herrian norbait falta denean, beti esaten da, «zerbaitegatik falta da». Alde egin duenaren familiak hor jarraitzen du bizitzen eta egoera horrek estigmatizazio bat sortzen du. Alde batean dago estigmak sortzen duena, eta, bestaldean, estimak sortzen duena. Estigma eta estima. Zeren zuk alde egin duzu eta erbestealdi horretan zure bizipenak izan dituzu, zure bakardadea, zure haustura emozionalak… eta estigma horiekin bizitzen ikasten duzu. Momentu batean, itzultzen zara etxera, eta estigma hori zure gainetik kentzen duzun edo ez zuri dagokizu erabakitzea. Ni nahiko baikorra izan naiz eta gauza positiboetara jotzeko joera izan dut beti. Beraz, beti geratzen naiz estimarekin, estimazioarekin. Hau da, jende batek begiratzen zaitu eta iritzi bat dauka zure inguruan, estigma bat badaukazu; baina beste batek dizu estima, eta horrekin geratzea oso inportantea da. Ni gustura joaten naiz estimatua sentitzen naizen tokietara, gizaki guztiak bezala. Gero gizarte honetan agian batzuetan jendeak mozorro batzuk janzten ditu eta ez da nabaritzen, baina frekuentzia batzuk badaude eta antzematen duzu non zaren estimatua eta gustura egoten zara hor. Estigma gailentzen den lekuetan ez da halakorik gertatzen. Jon URBE | FOKU Agian irakurketa oker bat egingo dut, baina badirudi estigmak ihesa eta itzulera bakarrik hartzen dituela kontutan, hau da, akzio nagusiak horiek dira iheslari batengan, etxetik alde egiten duen unea eta etxera itzultzen denekoa, bi momentu kolosal horiek. Eta estimak, alderantziz, bi une horiek baino, erdian gertatzen den guztia biltzen duela, erdian dagoen bizipen hori, aurrez aipatu duzun barne haustura hori. Liburu honetan, iruditzen zait, ihesaz eta itzuleraz baino, bizipen horren erdian erbesteratu batengan sortzen den anabasa hori biltzen dela. Uste dut bizitza ikusten dugula jaio eta hil. Eta tartean gertatzen denak ez du inporta. Ez da pentsatu behar hil ondoren bizitzarik ote dagoen, baizik hil aurretik bizitza egon ote den. Interesgarriagoa da hor barruan mugitzen den guztia. Film batek hasiera bat eta bukaera bat du, hori ikustera ohitu gara. Eta hitz handi bat da alde egitea, eta beste hitz handi bat itzulera. Baina itzultzea ez da atzera itzultzea, atzera ez zara itzultzen, atzea ez da ezer jada. Pasatako zerbait da eta hori onartu egin behar duzu. Itzultzen zara zure goxotasun, maitasun toki horietara. Geratzen zaizu nostalgia bat, malenkonia bat, ez dakit nola deitzen zaion horri, baina aurrera egiten ikasten duzu eta itzultzen zara beste era batera. Ez zara joandako berdina ere. Ezer ez da berdin, ezta? Ezer. Eta jendea aldatu da, eta urrunetik ikusi duzun hori guztia, hasita praktikotasunetik, paisaiatik, dagoeneko ez da existitzen, ume zinela ezagutu zenuen etxea ez dago… Giltza bat, existitzen ez den ate bat irekitzeko, zertarako balio du giltza horrek? Giltzak garrantzitsuak dira heldulekuak behar dituzulako zauden galera horretan. Eta partitzearen edo joatearen inguruan ere dena esana dago. Ni saiatzen naiz nire bizipenak azaltzen. Ernestina Champourcinek idatzi zuen «partir es partirse en dos», edo halako zeozer, eta horri buelta asko eman nizkion. Partitzen zara eta zu zeu bitan partitzen zara. Joaten zarenean geratzen zara bizitzen bi mundutan bezala. Hau da, mundu bat da iraganekoa, atzean utzi duzun hori, baina hori bizitzen jarraitzen duzu, mundu horretan zaude, eta beste bat da etorkizuneko mundua, begiratzen ari zarena… Erabat ziurgabea. Horixe. Ziurtasunik gabekoa, eta hori bihurtzen da ikaragarri. Baina ez ikaragarri, eder edo izugarri litzatekeen zentzuan, ikaraz betea baizik. Zeren ez dakizu bihar zer gertatuko zaizun. Hor daude bakoitzak aurre egiten dien egoera desberdinak. Nik uste dut erbesteratu bakoitza dela testigantza bizi oso garrantzitsu bat, giza duintasuna noraino eramateko gai izan den erakusten duena, bere beldurrei aurre egin dielako, bere hausturei. Zenbat bizi izan dira lan egiteko aukerarik gabe? Nortasun agiri faltsuekin? Medikuarengana joan ahal izan gabe? Beste izen batekin, beste nortasun batekin? Hor haustura mordoa dago eta horretaz apenas hitz egin izan da. Eta, zentzu horretan, iruditzen zait itzal beltz batzuekin irudikatu dugula homogeneotasun bat eta hor pertsonak daude, eta pertsona horien testigantzak oso garrantzitsuak dira bakoitzak bere zeresana duelako eta entzun egin behar zaie. Gaur egun bizi gara gizarte batean non eta haustura emozionalei eta gertakari askori ari garen beste prisma batetik gure begirada eskaintzen. Nire ustez erbesteratuen gaiak zentraltasuna hartu behar du, ahaztu handi bat delako. Erbesteratu bat, zer da? Joan egin da eta itzuli egin da. Kito. Eta beste guztia? Jon URBE | FOKU Itzalak aipatu dituzu. Erbesteratu askok itzal handiak izan dituzte gainean urte askoan. Eta hurrengo galdera horrela daukat idatzita eta horrela botako dizut: ez dakit hau galde daitekeen, baina hitz egin nahi diguzu zure erbestealdiko ziklo bitalaz? Zeri deitzen diozu ziklo bitala? Aipatu duzu gaiari zentralitatea ematearen garrantzia, baina badira xehatzen ez diren bizipenak ere, estigmagatik, beldurragatik, gogoratu nahi ez izateagatik… Zuk lehen esan duzu biluzte ariketa bat egin dudala. Nik argi daukadana da behin biluztuta ezin naizela berriro biluztu, ja kendu dut gainean neukan zama. Hortik aurrera, zer daukat? Ez daukat ezer gehiago. Eta hor geratzen naiz geruzarik gabe edo babesik gabe. Nik kontatzen dut jada gauza asko; noski, dena ezin dut kontatu, ezin ditut nire haustura handienak hor kontatu. Ziklo bital horretan asko daude. Ni joan nintzen eta urrun bizi nintzen eta protagonista ni naiz, baina niri amak (Okzitaniako) Tolosako lehen bisitaldian argi esan zidan: «Bai, bai, zu joan egin zinen, baina gu geratu egin ginen». Geratzen denaren ziklo bitala eta mina ere hortxe daude. Eta hori ere kontuan hartu behar da, zeren nire erabaki batek besteen bizimoduak baldintzatu ditu eta nik hutsune bat sentitu dut, baina besteek ere bai, eta ikasi behar izan dute bizitzen zu gabeko bizitza horretan. Zu zaude zure drama pertsonala egiten, zer izango da zutaz, nola egingo duzun hau edo bestea… Horregatik esan dizut nire ziklo bital horretan gauza asko ezin ditudala kontatu, baina iruditzen zait ardatza hori dela, oso galdera deserosoa da eta erantzunak eman behar zaizkio. Giltzen irudia atera da lehen elkarrizketara. Palestinar askok haien etxeetako giltzak gordetzen dituzte, erbestean dauden bitartean, inoiz itzuliko diren esperantzarekin. Zein izan da zure giltza nagusia erbestean? Utzidazu poema bat irakurtzen, gero hausnarketa egin ahal izateko. «Etxeko atea azken aldiz itxi, / eta bazoaz. / Presaka zabiltza, / urduri zaude. / Begirada bat etxe atariari, / zure bizitzaren testiguari. / Hazten ikusi zaitu berak, / ahazten ikasi behar duzu zuk, / aurreantzean / bera bezain isilik ibiltzen. / Inoiz ez bezala begiratzen diozu, / urteetako maitasuna so horretan kondentsatuz, amultsu. / Baina… / atea gakotu duen giltzarekin zer egin? / Hortxe galdera! / Eskuetan duzu erreminta txikia, / behakoa ematen diozu / zalantzak bizkarrezurra hozitzen dizun bitartean. / Bi aukera dituzu: / sarrailan ezarrita utzi, / etxeko norbaitek erabil dezan, / edo zeurekin eraman. / Munduko azken puntan / oroit dezazun / oraindik zure zain dagoela / berriro ireki behar duzun atea». Giltza egunerokoan behar duzu, etxeko atea ixteko edo zabaltzeko. Baina atea azken aldiz itxi duzunean, giltza hori alferrikakoa bihurtzen zaizu. Eta poema horrek agian ez du sekulako aberastasun literariorik, izan daiteke, baina niri ez zait hori interesatzen. Interesatzen zaidana da gertakari horrek nigan eta beste askorengan sortu duena. Giltza horiek dira elementu klabe bat. Atea ixten duzunean, bazoaz, baina palestinarrei gertatzen zaien bezala, agian itzultzen zaren artean etxe hori eraitsi egin dute, eta ez dago ezer, bukatu da. Giltza horrek jada ez du balio, bakarrik izan zaren horrek, igaranaren mundu horretan bizitzeko, baina hori guztia ez duzu berreskuratuko. Aurrera egin beharko duzu beste modu batean. Giltzak askotarikoak dira, batzuk fisikoak, eta baita bestelakoak ere, harremantzekoak, adibidez. Hor behar ditugu ere giltzak ate berriak zabaltzeko, zeren batzuen aurrean ateak daude, ateak, murruak… ez dakit. Beste batzuek, ordea, itsaso zabal bat daukate eta erraza da hitz egitea ere. Horrek esan nahi du berak baduela giltza bat zugan sartzeko eta baita zuk beste bat ere alderantzizkoa egiteko. Enpatia dagoenean gertatzen da hori, eta oso garrantzitsua da. Giltzak behar dira ulertzeko, sentsibilizatzeko, sentiberatasun bat erakusketako. Erbesteratuon historiak behar du hausnarketa bat pausatua, enpatia bat, besteen oinetan jarri eta mundua handik nola ikusten den ulertzeko. Horrek bestelako gizarte bat ekarriko liguke eta uste dut horretarako giltza ere aurkitu behar dugula. Gogoratzen duzu etxeko atea itxi zenuen azken eguna? Nola sentitzen zinen, zer eguraldi egiten zuen, norekin egon zinen azkenekoz hizketan… Egun hartako zehaztasun guztiak ditut gogoan. Dena gelditu bezala egiten da. Momentu hori izoztu egiten da. Baina, aldi berean, zabiltza presaka, korrika; galdetzen diozu zeure buruari zer hartu eta zer utzi, joan egin behar duzu, ze bestela Polizia etorriko da, eta tortura etorriko da. Anabasa bat da. Eta jakitun zara ere besteek egin duten gauza berbera errepikatzen ari zarela. Benetan ari zara bizitzen momentu hori, horregatik ez duzu ahazten. Iltzatuta geratzen da... Hori da. Eta gogoratzen zara euria ari zuela, zeru gainean zegoen lainoa begiratu zenuela, atea itxi eta gero nola begiratu zenion etxeari… Hori guztia etengabe birbizitzen duzu erbestean. Batzuetan ere gerta daiteke gogoratu nahi ez izatea, baina, oroitu nahi ez arren, ezin duzu ahaztu. Errepikapen etengabeko horretan, hitzek lagundu egiten dute, mina arintzeko modu bat da, eta arintze horretan dago gogoratzea nola utzi zenuen dena. Azkenean, alde egin duenaz gain, hortxe geratu da ama, edo bikotekidea, aita, arreba, ahizpa… Eta zenbat drama dagoen horren atzean. Jon URBE | FOKU Ihesaldi bat esan daiteke, beraz, heriotza txiki bat ere badela? Zalantzarik gabe, hiltzeko modu bat da. Eta ahanztura, beste bat. Berriro hiltzea, norbait ere ahanzten bada. Horregatik zentraltasuna ematen diot Euskal Herri honetan hainbeste pertsonak, ehunkak, milakak, sufritu duten horri; begirada bat eskaini behar zaie. Batzuk gainera ez dira inoiz itzuli. Jende bat oraindik etxera itzuli gabe dago eta hiltzen da deserrian, erbestean, desetxean. Horri begirada bat eskaini behar zaio, bestela berriro hiltzea litzateke. Ihesa hiltzeko modu bat da, arrazoi duzu. Eta zenbat aldiz hiltzen zara bizitza honetan? Ba agian posible da behin baino gehiagotan hiltzea, eta bizirik hiltzea uste dut badela heriotzarik sufrituenetako bat. Familia aipatu duzu… Pentsatzen dut ama oinarri nagusietako bat izan izan dela zure ibilbidean. Dudarik gabe. Nire amak bere ama izan zuen erbestean, nire amona zena, Laura Abando, egon zela Chateau de Loiren 1937an, Bilbo erori zelarik. Nire aitona Juanjo preso hartu zuten eta frankismoko estolda zikinetako espetxeetara eraman zuten zenbait urtez. Amonak gure osabarekin ihes egin behar izan zuen eta Frantzian egon zen hiru bat urtez. Han egon ziren errefuxiatu espainolak, baztertuak. Amak hori guztia bizi izan zuen eta itzulera zaila izan zen. Ze kontua da itzuli itzultzen zarela, baina nola itzultzen zaren, horrek asko baldintzatzen zaitu. Gerra Zibila esan ziguten baina azkenean diktadura bat izan zen, jende asko baztertu zuen diktadura bat. Eta Andoainen baztertuak zeuden leku batean bizi behar izan zuten, eta bizitza osoa beti zigorpean pasa zuen, aitaren kontuengatik eta abar. Ama azkenean hortik atera zen eta baserri batera etorri. Ama eskolatua zen, ikasia da eta erreferentzia asko eman dizkigu etxean, barkabera delako, ulertzen dakielako eta min hori guztia maitasunean eraldatu duelako. Baserrira etorri zenean ez zekien euskaraz hitz bakar bat ere, eta aitak, aldiz, gazteleraz gutxi. Amak eman zuen urratsa oso garrantzitsua iruditzen zait, baserri batetara egokitzeko ere lan eskerga egin zuelako, eta gaur egun inor baino baserritarragoa da 84 urterekin! Ni itzuli naizen baserrian bizitzen jarraitzen du. Aitarekin ez nuen aukera hori izan. Eta liburuan lehenengo hitz garrantzitsuenak amarentzat dira, amari eskaintzen baitiot liburua. Izan ere, ama da nire etxea. Pertsona orori pasa izan zaigu, egunerokoan, norbaitekin haserretzen zarenean, fase desberdinak bizitzen dituzula. Haserrealdia lehenengo, amorrua gero, eta barealdia ere badator amaieran. Erbestean ere antzeko zeozer gertatzen da? Bai, eta faseak dira zuk aipatzen dituzun zentzu beretik. Da norbaitekin maitemindu eta haserretzen zarenean bezala. Gorrotoa ere maitatzeko modu bat da, edo behintzat sentitzeko era bat. Eta hor sentimendu bat eragiten da. Norbait maitatzen duzulako haserretzen zara askotan, baina une hori aztertu egin behar da, garrantzia eman behar zaio eta atzera egiten jakin behar da, gertakari hori eragin zuen arrazoira. Erbestean zaudenean, jada alde egin duzu, joan zara, bakardade horretan zaude eta ohartzen zara gauza txikietan dagoela handitasuna. Lehen baloratzen ez zenituen momentu horiek dira faltan gehien sumatzen dituzunak. Erbestean, zerk eragiten zizun beldur gehien? Ez nuke jakingo beldur bakar bat hautatzen, asko neuzkan. Azkenean, ziurgabetasun horretan, beldu horietan, daude zaurgarritasuna eta erresilientzia. Zauri hori irekita dago eta sendatzeko bidean ere ikasi egiten duzu. Xabier Letek esaten zidan bezala, pertsona ikusi behar duzu bere gauean. Erbestealdia gaua da, baina gaua ere amaitu egiten da. Noiz sentitu zinen etxean erbestean zinenean? Askotan sentitu naizela esango dut. Deserri hori bihurtu zitzaidan herri, eta sentitu nintzen etxean. Egiten dituzu lagun berriak, familia bat osatzen duzu… Mugarri batzuk daude eta hor sentitzen zara etxean. Beraz, sentimendu hori eduki dut momentu eta leku desberdinetan. Etxetik urrun egonda ere etxean sentitu naiz. Baina hori da nik zalantzan jartzen dudana: etxea zer da? Utzi zenuen hori? Zeure buruan dagoen hori? Zure irudimenak asmatu duen hori? Zure minak goxotasunera jotzeko duen behar hori? Edo bilatu duzuna bide horretan? Eraiki duzun gauza berri hori? Negarretik irrira pasatzeko bide bat ere eskaini behar da eta badaude gauza onak. Herri bihurtu zitzaidan deserri horretan gauza asko oso onak dira ere, indartu nautenak, beste helduleku batzuk eskaini dizkidatenak. Etxe asko dituzu zure erraietan eta agian itzulera ere horixe da, zeure baitara, zure sentimenduetara heltzea eta bertan habia egitea. Hala iruditzen zait, garbiki. Horrelakorik bizi izan ez duen pertsona baten ahotik halako hausnarketa bat entzutea garrantzitsua iruditzen zait. Hau ez dut nik asmatu, niri gertatu egin zait. Euskal Herri honetan askok sufritu dute hau. Nora itzultzen da inoiz joan ez dena? Izan ere, nire hausnarketa da ea benetan itzultzen zaren. Zuk utzitako leku hori lekua besterik ez da, baina han utzi zenituenak berdin daude? Zu zeu berdina zara?