GAUR8

Endometriosia: hilekoaren mina ez da normaltzat hartu behar

Hilekoaren mina ez da normaltzat hartu behar, eta trata daiteke. (GETTY IMAGES)

Urte askoan, normaltzat hartu izan da emakume askok menstruazio zikloaren uneren batean jasaten duten mina. Horietako askoren atzean endometriosia dago, eta horrelako kasuetan, badakigu min horri aurre egin dakiokeela. Kalkuluen arabera, ugaltzeko adinean dauden hamar emakumetik batek izan dezake endometriosia. Hala ere, diagnostikoa 7-10 urte artean luzatu ohi da, besteak beste, hilekoarekin lotutako minaren “normalizazio” horregatik, estresari egozten zaiolako, edo tabuen eraginez (ekografoarekin pazientearen “birjintasuna” ez urratu nahi izatea, adibidez).

Endometriosia umetokiaren barrualdea estaltzen duen ehunaren antzeko zelulak umetokitik kanpo hazten direnean sortzen da. Gehienetan pelbisaren barruan agertzen da, obulutegietan edo inguruko egituretan, baina beste organo batzuetara ere heda daiteke. Ehun horrek hilekoaren ziklo hormonalari erantzuten dio, eta hantura eta organoen arteko itsasdura anomaloak eragin ditzake. Horren ondorioz, hileko mingarria da sintomarik ezagunena, baina ez bakarra. Pelbiseko mina, harreman sexualetan mina, gernua edo gorozkiak egitean ondoeza, sabeleko hantura, nekea edo digestio arazoak ere ohikoak izan daitezke. Emakume batzuen kasuan, gainera, haurdun geratzeko zailtasunek eramaten dute gaixotasuna detektatzera.

Sintomen intentsitatea ez dator beti bat gaixotasunaren larritasunarekin. Lesio txikiak dituzten paziente batzuek min handia izan dezakete, eta lesio handiagoak dituzten beste batzuek, berriz, sintoma arinagoak. Horregatik, diagnostikoa ez da beti erraza, eta historia klinikoa, azterketa fisikoa eta irudi probak uztartu behar izaten dira.

Endometriosiak ez du gaur-gaurkoz sendabiderik, baina zenbait ikerketa ildo interesgarri irekiak daude, immunologia, genetika, histologia eta endokrinologia arloetan adibidez. Halere, badaude sintomak kontrolatzeko eta bizi kalitatea hobetzeko tratamendu eraginkorrak: botikak, tratamendu hormonalak edo laparoskopia bidezko kirurgia, nagusiki. Testuinguru horretan, pelbis-zoruko fisioterapia tratamendua lagungarria da, mina arintzeko, muskuluen gehiegizko tentsioa murrizteko eta pelbiseko ehunen mugikortasuna hobetzeko. Horren barruan eskuzko terapia manuala, ariketa terapeutikoa, arnasketa teknikak eta pazientearen heziketa dira gehien erabiltzen diren tresnetako batzuk. Gure helburua, gaixotasuna desagerraraztea baino, sintomen eragina murriztea izaten da, eguneroko bizitzako jarduerak ahalik eta normaltasun handienarekin egin ahal izateko.

Ariketa fisiko egokituak ere onura ugari ekar ditzake. Jarduera erregularrak mina hobeto kudeatzen, egoera fisikoa mantentzen eta ongizate emozionala indartzen lagun dezake. Horregatik, fisioterapia ginekologikoan gero eta gehiago erabiltzen ditugu ariketa programa gidatuak. Era berean, endometriosiak osasun fisikoa baino harago doazen ondorioak ditu, hala nola laneko errendimenduan, harreman pertsonaletan eta osasun mentalean. Alde horretatik, garrantzitsua da pazienteak entzutea, sintomak ez gutxiestea eta laguntza psikologikoa ere eskaintzea beharrezkoa denean.

Azken urteetan endometriosiari buruzko kontzientzia handitzen ari da, baina oraindik ere erronka handiak daude diagnostiko goiztiarra eta tratamendurako sarbidea bermatzeko. Mezu nagusia argia da: hilekoaren mina ez da normaltzat hartu behar, eta trata daiteke.

www.abante.eus