GAUR8

Enpresa eta filosofia


Berriki “The Economist” aldizkariak azaldu duenez, adimen artifizialean diharduten enpresak Filosofian lizentziatuak kontratatzen ari dira. New Yorkeko Erreserba Federalaren datuen arabera, 2024an, informatika ikasitakoen %7 langabezian zeuden; filosofoen artean, berriz, langabezia tasa %5,1ekoa zen. Datua engainagarria da, informatika ikasten dutenak filosofia ikasten dutenak baino askoz gehiago baitira. Joera bat iragar dezake, ordea. Edo bueltan datorren moda bat.

Ez baita halako zerbait esaten duten lehen aldia. 1999an, “Fast Company” negozio-aldizkariak «Philosophers Wanted: No Clowns Need Apply» (Filosofoak behar ditugu; pailazoak, ez aurkeztu) artikulua argitaratu zuen, antzeko tesiekin: filosofoek arazoak aztertzeko eta giza izaera ulertzeko duten gaitasunak enpresa teknologikoetarako apropos bihurtzen zituen. Hortik gutxira, “The Guardian”-ek «I think, therefore I earn» (Pentsatzen dut, beraz sosak dauzkat) argitaratu zuen: Britainia Handian finantza-korporazioek, aholkularitza-enpresek eta giza baliabideetako departamentuek Filosofian graduatuak «masiboki» fitxatzen zituztela azaltzeko estatistikak eta lekukotzak ematen zituen. Ziztuan aldatzen ari zen merkatuan, enpresentzat errazagoa ei zen «teknikari bati pentsatzen irakasten saiatzea» baino «pentsalari bati negozioak egiten irakastea».

Ni neu moda haren biktima izan nintzen. Testuinguru horretan, oporretan nengoela, bere erara ondo maite ninduen irakasle batek premiazko mezu bat helarazi zidan. Donostiara itzuli behar nuen lan-elkarrizketa bat egitera. Aholkularitza-enpresa bat zen; bertako arduradunak artikulu haietako bat irakurri zuen eta hautaketa-prozesuan “filosofoak” nahi zituen. Garai hartan prekaritate betean nengoen. Nire nagusiak, irakasle hark, filosofiak jendarteari ekarpena egin behar ziola sinisten zuen, eta hautaketa-prozesu hura aukera gisa ulertu zuen.

Elkarrizketak “The Office”-n prekuela baten tankera izan zuen. Nagusia telesail horretako Michael Scotten (Steve Carell) eta Mario Conderen arteko nahasketa zen, nahiz eta berak, agian, “American Psycho”-ko Patrick Bateman zela uste izan. Aireportuko aldizkari batean artikulu horietako bat irakurri zuela onartu zuen, baina «eszeptiko» agertzen zen. Bere galderek nire malgutasun morala neurtu nahi zuten: «Belarritakoa kenduko zenuke? Egunero trajea janzteko prest zaude? Iruindarra izanda, noiztik dakizu euskaraz?…».

Gizon hark argi zuen filosofo batek bere enpresari zein ekarpen egingo zion: esklaboen ontzi batean palakaden erritmoa markatzeko danborra jotzen duena izango litzateke. Irizpide sokratiko handiz egingo zuenez, jendeak gogotsuago arraun egingo luke eta zigorrak gusturago jasoko lituzke. Kobratzen nuena baino gutxiago eskaini zidan. Ez ninduen hautatu; nik bera ere ez. Handik gutxira lan prekarioa utzi nuen. Win-win. Iratzartzeko balio izan zidan.

Oraingoan ikuspegi filosofikoa duela bi hamarkada baino serioago har daitekeela iruditzen zait. Erronkak hain dira erraldoiak, non pentsamenduaren historia eta gaitasun teoriko handiak uztartuko dituen analisi sakon eta ondo artikulatuak beharko baitira. Lan horretan, Amanda Askell bezalako pentsalarien lana bistan izan beharko dugu. Pentsalari eskoziarra Anthropic enpresako nortasun-lerrokatze taldeko burua da eta bertako konstituzioaren idazleetako bat izan da.

Nolanahi ere, uneotan enpresa teknologikoek duten botere izugarria ezin da alderatu duela hogei urte zutenarekin. Hori bai dela auzi interesgarria. •