2026 UZT. 06 - 17:54h Azkue Fundazioak teknologia modu arduratsuan erabiltzeko programa abiatuko du irailean ‘Hamarratz, ingurune digitalean euskaraz eta begirada kritikoarekin’ eskola programa prestatu du Azkue Fundazioak ikasturte berriari begira. Euskararen erabilera digitala indartzea da helburuetako bat; teknologiaren atzean dauden botereak eta eraginak ulertzea, beste bat. Programa adin ezberdinetara zuzenduta dago. (Jaizki FONTANEDA | FOKU) GAUR8 Azkue Fundazioak ‘Hamarratz, Ingurune digitalean euskaraz eta begirada kritikoarekin’ izenburuko eskola programa egingo du 2026-2027ko ikasturtean Bilboko Euskararen Etxean, espazio bat lortu nahian ikasleek teknologia modu kontziente eta arduratsuan eta euskaraz erabil dezaten. Programa «erabat sortzailea eta kritikoa» da, inolako baliabide teknologikorik erabiltzen ez duena. Azkue Fundazioak Diana Franco (Baratza Digitala) adituarekin lankidetzan diseinatutakoa da, eta doakoa da, sustatzaileek jakinarazitakoaren arabera. Ingurune digitalari begirada kritikoa eskaintzeko, euskararen erabilera digitala indartzeko, teknologiaren atzean dauden botereak eta eraginak ulertzeko eta hausnarketa eta parte hartze aktiboa sustatzeko antolatu du programa Azkue Fundazioak. Euskararen erabilera digitala sustatzea, albiste faltsuak, algoritmoak eta pribatutasuna kritiko aztertzea, komunikazio digital arduratsua lantzea, autonomia eta ahalduntze teknologikoa indartzea eta teknologia sormen tresna gisa ulertzea dira helburuak. Programari dagokionez, LH5 eta LH6ko ikasleek, ‘Kabletik tiraka’ izenburupean, Interneten funtzionatzeko moduak eta egunerokotasunean Internet nola erabiltzen den aztertuko dituzte; DBH 1 eta DBH2koek, aldiz, teknologia digitalek gure bizitzan eta gizartean, oro har, nola eragiten duten hausnartuko dute ‘Bizitza sareak’ izenburupean, eta DBH3, DBH4 eta Batxilergokoek, azkenik, ‘EspekulAAtzaileak’ izenburupean, adimen artifizialak euskaldunon harremanetan nola eragiten duen aztertu eta hausnartuko dute.