2026 ABU. 20 - 11:27h Zarautzek Elikagai Ekologikoen Azoka hartuko du ostiral honetan Elikagai Ekologikoen Azoka ospatuko dute bihar Zarautzen, tokiko eta gertuko ekoizpen ekologikoa herritarrengana hurbiltzea helburu duen ekimenaren barruan. Biolur, Zarauzko Udala, Urkome eta Eneek-Ekolurra Kontseliuaren laguntzarekin antolatu dute hitzordua. Ekoizpen ekologikoko produktuak, irudian. (Gari GARAIALDE | FOKU) GAUR8 Elikagai Ekologikoen Azoka Zarautzera itzuliko da bihar, ostirala, tokiko eta gertuko ekoizpen ekologikoa herritarrengana hurbiltzeko. Biolur Elkarteak, Zarauzko Udalaren, Urkome eta Eneek-Ekolurra Kontseiluaren laguntzarekin antolatutako azokan, ingurumenarekiko errespetuz, animalien ongizatea bermatuz eta sintesi kimikoko produkturik erabili gabe ekoitzitako elikagai ekologiko ugari aurkitu ahal izango dira. Zarauzko Udalak adierazi duenez, «azokan bertan 12.00etatik 14.00etara sukaldaritza saioa izango da Miriam Chefintegrativaekin». Azokan erositako elikagaiekin errezeta ezberdinak egiten erakutsiko dituela aurreratu dute, osasuntsu eta goxo elikatu gaitezen. «Helburua argia da: herritarrak gerturatzea, jakin mina piztea eta kontsumo ekologikorako urratsak erraztea"». Nabarmendu dutenez, salerosketarako gune soil bat baino gehiago izaten dira azoka hauek. Tokiko ekoizleen lana ezagutarazteko, herritarren eta ekoizleen arteko harreman zuzena sustatzeko eta elikadura burujabetzaren aldeko eredua indartzeko topaguneak dira. Gainera, kontsumitzaileek aukera izango dute elikagaiak nork eta nola ekoizten dituen ezagutzeko, gardentasunean, konfiantzan eta gertutasunean oinarritutako harremanak sendotuz. Biolur elkarteko arduradunek esan dutenez, «azoka ekologiko ibiltarien ekimenarekin, eredu ekologikoa sustatu nahi dugu, plazetara eraman, eta ekoizleak izan daitezela zuzenean herritarri azaltzen dietenak nola ekoizten duten, eta zer onura duten elikagai ekologikoak». Ekimena abian da Bizkaia eta Araban, eta Gipuzkoan Zarautzeko urteko zitarekin hasiko dute. «Gure ustez, azokak badira espazio publikoak topagune bihurtzeko bitarteko, harremanak eraikitzeko, elikagai ezberdinak ezagutzeko, ikasteko, sareak sortzeko... Eta hau guztia sortzen da kontsumo eredua ezberdina delako, jaten dugun elikagaia zuzenean herrian, eta ekoizleari erostearen hautuak erosten dugun horren ezagutza eta kontzientzia hartze bat dakarrelako, beraz badira ere sentsibilizaziorako eta komunikaziorako espazio garrantzitsuak», nabarmendu du elkarteak. Bonoak, kontsumo ekologikoa saritzeko Azkenik, Turismo Bulegoan azokan erabili ahal diren 5 euroko bonoak banatuko dira, ENEEK-Ekolurra Kontseiluaren laguntzari esker. Bono hauek Zarautzeko azokan erabili ahal izango dira, betiere 15 euroko gutxieneko elikagai ekologikoen erosketa egiten bada. Pertsona bakoitzak bono bakarra jaso ahal izango du, eta bonoak amaitu arte banatuko dira. ENEEK-Ekolurra Kontseiluaren arabera, «azoka hauek bultzatuz, ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko harreman zuzena indartu nahi dugu, eta elikagai ekologikoen atzean dagoen lana, konpromisoa eta balioa ikusgarri egin». Elikagai ekologikoak nekazaritza ekologikoaren printzipioei jarraituz ekoizten dira, lurzorua, biodibertsitatea eta baliabide naturalak zainduz. Urtero gutxienez kontrol bisita bat egiten zaie ekoizleei eta enpresei, Europar Batasuneko araudia betetzen dela bermatzeko. Horregatik, produktu ekologiko ziurtatuek Europar Batasuneko hosto berdearen zigilua daramate.